Argentinan, gil esaten diete on puskei, inuzenteei eta, aldi berean, nolabaiteko arduragabekeriaz jokatzen dutenei. Halakoak dira Buenos Airesko herri bateko biztanleak. Beren aurrezki guztiak banku batean sartuko dituzte nekazarien kooperatiba bat sortzeko asmoz, etorkizuna aldatuko diela uste dutelako. Iruzur baten ondorioz, diru guztia galduko dute. Bertako futbolari mitiko bat, Perlassi, buruan dutela, justizia beren kabuz ezartzea erabakiko dute zortzi gil hauek, eta beren bizitzako gaurik legendarioena biziko dute.
Sebastián Borensztein (Buenos Aires, 1963) zuzendari eta gidoilari saritua da. 2011n film iberoamerikar onenaren Goya saria irabazi zuen Un cuento chino filmari esker. Aurrez, Sin memoria-ren (2008) gidoilarietako bat izan zen eta, horren aurretik, La suerte está echada idatzi eta zuzendu zuen. Filmak zuzendu aurretik, telebistako ekoizle, zuzendari eta gidoilari emankor eta arrakastatsua izan zen.