Bizitza osoa elkarrekin eman duten bi emakumek haietako baten gaixotasunari aurre egin beharko diote. Gaixo dagoen emakumeak tratamendurik ez egitea erabakiko du, eta basoko etxola batera joango dira biak, heriotza haien bizitzetara iritsi arte. Hala, berriz aurkituko dute errutinaren eta denboraren poderioz ahuldutako maitasun-garra. Apurka-apurka, bien arteko harremana indartuko da; bitartean, etxola kanpoan, heriotza bere abagunearen zain dago.
José Luis Torres Leivari (Santiago, Txile. 1975) Rotterdamen FIPRESCI saria eman zion bere lehenengo filmak, El cielo, la tierra y la lluvia-k (2008). Bigarrena, Verano (2011), Veneziako Orizzonti sailean estreinatu zen. 2013an Qué historia es ésta y cuál es su final eta Ver y escuchar dokumentalak estreinatu zituen. El viento sabe que vuelvo a casa filmarekin Donostiako Zabaltegi sailean parte hartu zuen 2016an, eta sail horretara itzuli zen 2017an ere, El sueño de Ana filmarekin (gainera, Nest Film Students saileko epaimahaiaren presidentea izan zen urte hartan). Vendrá la muerte y tendrá tus ojos Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan aukeratutako proiektuetako bat izan zen 2016an, eta iaz Donostia Zinemaldiko foro horretara ekarri zuen Querida Vera proiektua.