Tatik, 13 urteko neska barnerakoi batek, zailtasunak izango ditu Jaca aita urrunarekin konektatzeko, aita Olinpiaden ondorengo egun nahasietan espetxetik atera eta gero. Polizia Baketzailea Rioko inguruko faveletako okupazio ahulari eusteko ahaleginetan ari den bitartean, etorkizunerako dituzten itxaropenak kolokan jartzen dituen borrokaren erdian aurrera egin beharko dute Jacak eta Tatik. Paxton Winter gidoilari eta zuzendaria zazpi urtez aritu da Morro dos Prazereseko komunitatearekin elkarlanean Pacificado / Pacified filma sortzeko; hala, barrutik, etxetzat duten hiriko gudu-zelai beti aldakorrean bake bila ari den familia baten erretratu indargarria egin du.
Paxton Wintersek (Texas, AEB. 1972) 18 hilabetez gamelu-karabana batean Zetaren Bidea egin bitartean filmatu zuen bere lehen dokumentala, Silk Road ala Turka. Bere lehen fikzio-film luzeak, Crude-k (2003), drama-film onenaren saria irabazi zuen Los Angelesko zinema-jaialdian, baita Epaimahaiaren Sari Berezia Seattleko zinema-jaialdian ere. Bere hurrengo gidoia, Iraken girotutako Outside the Wire izeneko istorioa, Sundance Institute Screenwriters Lab programan garatu zuen. Gainera, Turkiako Alacakaranlik (Twilight) telesailaren azken denboraldia zuzendu du. Halaber, mundu osoan zehar filmatu ditu erreportaiak, besteak beste, BBC, Arte, Al Jazeera, CNN, Time eta NOS kateetarako.