Komunismoa erori eta gero, apokalipsi osteko ingurune batean, ustekabean diru kopuru bat iritsiko zaie nekazari talde txiki eta zaharkitu bateko kideei, eta herritik joateko prestatuko dira. Herriko batzuk azpikeriatan hasiko dira, ezkutuan, irabazi guztiekin ihes egiteko; bitartean, aspaldian hildakotzat zuten pertsonaia misteriotsu bat itzuliko da herrira, eta betirako aldatuko ditu haien guztien bizitzak.
Béla Tarr (Pécs, Hungaria. 1955) hamasei urterekin hasi zen zuzendaritzan, amateur gisa. Ondoren, Balázs Béla Stúdió-n aritu zen lanean. Hungariako zinema esperimentaleko lantegi garrantzitsuena zen, eta han zuzendu zuen bere lehen film luzea: Family Nest (1977). Bere filmografian hainbat lan nabarmendu daitezke: Kárhozat (Damnation, 1988) egin ondoren, Berlinaleko Forum sailean aurkeztu zuen Werckmeister harmóniák (Werckmeister Harmonies, 2000); A londoni férfi (The Man from London, 2007) Cannesen lehiatu zen; eta A torinói ló-k (The Turin Horse, 2011) Epaimahaiaren Sari Nagusia eta FIPRESCI saria irabazi zituen Berlinen. 2013an Frantziako Arteen eta Letren Ordenako zaldu izendatu zuten. Sátántangó-k Berlingo Caligari saria irabazi zuen 1994an.