Habana, 90eko hamarkadaren hasiera. René González kubatar pilotuak, hegazkina lapurtu, eta Kubatik alde egingo du bere emazte eta alaba maiteak atzean utzirik. Miamin bizitza berria hasiko du. Laster, beste kubatar desertore batzuek jarraituko diote, eta espioi-sare bat jarriko dute martxan. Irlan eraso terroristak egin dituzten erakunde anticastristetan infiltratzea da haien misioa.
Olivier Assayas (Paris, 1955) film laburrak eginez, gidoiak idatziz (batez ere André Téchinérentzat) eta Cahiers du Cinéma aldizkariarekin kolaboratuz hasi zen lanean. Haren lehen film luzea, Désordre (1986), FIPRESCI sariaren irabazlea izan zen Venezian eta Donostiako New Directors sailean aurkeztu zen. Ondoren ere sariak biltzen jarraitu zuen: Paris s'éveille-ek (1991) Jean Vigo saria irabazi zuen; Fin août, début septiembre-k (1998), emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Donostian; Clean-ek (2004) emakumezko aktore onenaren saria Cannesen; Apres mai-k (2012), gidoi onenaren saria Venezian; Clouds of Sils Maria-k (2014), Louis-Delluc saria; eta Personal Shopper-ek (2016) zuzendari onenaren saria Cannesen. Wasp Network Venezian lehiatu da.