Mário, 1999ko udaberrian Portugal erdialdean bahitutako 8 urteko mutil bat, 12 urte geroago agertuko da Parisko espetxe batean. Desagerraldiak sekretu lazgarri bat eta pertsonaia misteriotsu horren konplexutasun guztiak ezkutatzen ditu.
Gonçalo Waddington (Lisboa, 1975) aktorea, antzerki- eta zinema-zuzendaria, dramagilea, gidoilaria eta ekoizlea da. 2010ean, Marco Martinsekin batera idatzitako Nenhum nome (Nameless, 2010) film laburra zuzendu zuen; Las Palmaseko zinema-jaialdian estreinatu zen, eta IndieLisboa zinema-jaialdian aipamen berezia egin zioten. 2013an Portugaleko lehiaketara itzuli zen, berak zuzendu, idatzi eta ekoitzitako Imaculado (Immaculate) film laburrarekin. Aktore gisa, besteak beste, Miguel Gomes, Marco Martins, Margarida Cardoso, João Canijo eta Ivo M. Ferreira zuzendarien filmetan aritu da. Patrick zuzentzen duen lehenengo film luzea da.