70eko hamarkadan, bertako ekonomiak oportunista ugari erakarri zituen Uruguaira. Erakundeek porrot egin zuten; gobernu militarra zegoen; subertsiboak giltzapean zeuden; eta, Brasilgo eta Argentinako ekonomietako izen txarreko sektoreen ustez, dirua desagerrarazteko toki ezin hobea zen Uruguay. Hala hasiko da Humberto Braus atzerriko dibisak salerosten, eta laster egingo du lanbidean gora. Aitaginarrebak lagunduko dio zeregin horretan, kapitalen ihesean beteranoa baita. Gehiegizko diruzalekeriak itsututa, bidean gurutzatzen zaion oro eramango du Humbertok aurretik. Familiako negozioaren jabe bihurtzea lortuko du, eta lan susmagarri bat onartuko du: inoiz ikusi duen diru kopuru handiena zuritzea.
Federico Veirojek (Montevideo, 1976) Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zuen lehenengo film luzea, Acné (2008). Lan horrek hainbat sari irabazi zituen: besteak beste, Zinema Eraikitzen saileko TVE saria 2007an Donostian. Gainera, 2008an Donostiara itzuli zen Horizontes Latinos sailean lehiatzera. La vida útil (2010) Industriaren Zinema Eraikitzen sariaren irabazle izan zen 2009an, eta hurrengo urtean New Directors sailean proiektatu zen. Halaber, Horizontes sariko epaimahaikide izan zen Veiroj 2009an. El apóstata (2015) Donostian lehiatu zen, eta FIPRESCI saria eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratu zituen bertan. 2018an Zabaltegi Tabakalera sailean aurkeztu zuen Belmonte, bere laugarren film luzea. 2016an Zabaltegi - Tabakalera sariko epaimahaikide izan zen.