Emakume heldu bat eta haren 14 urteko alaba, sonanbulua, iratzartzen. Isilpeko krisi baten mugetan dagoen ezkon-harreman bat. Familia erritualista eta endogamikoa. Amona, senideak, lehengusuak. Uda, izerdia, alkohola, tradizioak. Gorputz biluziak, aldatzen ari diren gorputzak, eta gorputz berrien gaineko begiradak. Familiaren etxe historikoan urte amaiera ospatzeko festa izango da sonanbuluek iratzartzeko behar duten amarru beroa.
Paula Hernándezek (Buenos Aires, 1969) Buenos Aireseko Zinema Unibertsitatean ikasi zuen. Haren lehen film luzeak, Herencia-k (2001), hainbat sari lortu zituen; besteak beste, lehenengo lan onenaren saria Argentinako Zinema eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren Opera Primen Lehiaketa Nazionalean, eta Latinoamerikako film onenaren saria Bruselako zinema-jaialdian. La lluvia-k (2008) Epaimahaiaren Saria eta emakumezko aktore onenaren saria irabazi zituen Zinema Iberoamerikarraren Huelvako Jaialdian. Un amor (2011) filmak emakumezko aktore berri onenaren Zilarrezko Kondorra ekarri zion Elena Rogerri, eta egokitutako gidoi onenaren Sur saria ere irabazi zuen.