La ola verde filmak Argentinan abortua legeztatzeko borroka kontatuko digu, 5.000 kilometrotik gorako bidaia baten bitartez, biktimen lekukotasun ausartez eta bidaia gogoangarri horretan funtsezko izan diren emakumeen ahotsez lagunduta. Emanaldi berezia Cannesko zinema-jaialdian.
Argazkilaritzaren zale amorratua, Juan Diego Solanas (Buenos Aires, 1966), Fernando E. Solanas argentinar zuzendariaren semea, aitaren operadore Félix Montiren laguntzaile gisa hasi zen lanean. Ondoren, argazki-zuzendaritzaz arduratu zen aitak zuzendutako La nube filmean. Zenbait urtez publizitatean aritu eta gero, 2001ean bere lehen film laburra zuzendu zuen, L’homme sans tête, eta 2005ean, berriz, bere lehen film luzea, Nordeste, Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztua. 2012an berriz ipini zen kamera atzean Upside Down ( 2012) filmean Kirsten Dunst zuzentzeko. La ola verde (Que sea ley), haren hirugarren film luzea, emanaldi berezi batean aurkeztu zen Cannesko aurtengo zinema-jaialdian.