Lis nerabea herritik atera eta zirkoko artista izan nahi du, baina badaki horretarako gurasoei gogor aurre egin beharko diela. Uda da eta lagunekin ematen ditu egunak, bera baino zertxobait helduagoa den mutilarekin maite-kontuetan. Intimitate ezagatik eta bizilagunen txutxu-mutxuengatik, harremana isilpean eramango du Lisek, gurasoek jakin ez dezaten. Erlazioak betiko aldatuko du bere bizitza. Opera prima.
Lucía Alemanyk (Traiguera, Espainia. 1985), Ikus-entzunezkoen Komunikazioa ikasi, eta ondoren Zuzendaritza egin zuen ESCACen (Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Eskola). Muturreko errealismoak pizten dionez grina, aktore amateurrekin egin zituen praktikak eta inprobisazioan oinarritu zen bere lanetan gatazka eragiteko. Bilaketa horrek sortu zuen bere lehenengo film laburra, 14 años y un día, bere jaioterrian, bere ama hizkuntzan, eta beren burua interpretatzen duten aktoreekin filmatutakoa. Horrez gain, zinema-ekoizpenean aritua da: besteak beste, El olivo (Icíar Bollaín, 2016) eta En tu cabeza (Daniel Sánchez Arévalo, Borja Cobeaga, Kike Maíllo, Alberto Ruiz Rojo, 2016) filmetan. La inocencia zuzentzen duen lehenengo film luzea da.