Txinan 1980ko hamarkadatik orain arte izandako aldaketa sozial eta ekonomiko handietara egokitu beharko dira bi bikote. Berlineko zinema-jaialdiaren azken edizioan, Yong Mei eta Wang Jingchun protagonistek, hurrenez hurren, emakumezko eta gizonezko aktore onenen Zilarrezko Hartza lortu zuten.
Wang Xiaoshuaik (Shanghai, Txina. 1966) 2001ean hartu zuen sona nazioartean, Shiqi sui de dan che (Beijing Bycicle, 2001) filmak Berlingo zinema-jaialdian Epaimahaiaren Sari Nagusia lortu zuenean. Er di (Drifters, 2003) Cannesko zinema-jaialdiko Un Certain Regard sailean aurkeztu zen, eta, lehiaketa horretan ere, Epaimahaiaren Saria eskuratu zuen Qing Hong (Shangai Dreams, 2005) filmari esker. 2008an, Zuo You-k (In Love We Trust) gidoi onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen Berlinalen. Ri Zhao Chong Qing (Chongqing Blues, 2010) Cannesen lehiatu zen, Wo 11 (11 Flowers) Donostian, eta Chuang Ru Zhe (Red Amnesia, 2014) Veneziako lehian izan zen. Aurten, Di Jiu Tian Chang (So Long, My Son) filmak emakumezko eta gizonezko aktore onenen Zilarrezko Hartzak lortu ditu Berlinen.