Selah Artaldea izeneko erlijio alternatibo batean jaiotako neska bat da. Kideak –guztiak emakumeak eta neskak– landa-eremuko barruti batean bizi dira, Artzaina deritzon gizon baten gidaritzapean. Selah nerabezaroaren ateetan dago, eta sinestun erabat sutsua da, baina Sarahrekin harreman estua izaten hasiko da. Sarah baztertutako emazte bat da, eta gero eta eszeptizismo handiagoz hartzen ditu Artzainaren irakaskuntzak. Selahri arkumeen erditze-erritual sakratuan parte hartzen utziko diote: ohore handia da, bizirik ateratzeko horien mendean baitaude emakumeak. Han, esperientzia eraldatzaile bortitza biziko du. Bere errealitatea eta Artzainak berari eta bere ahizpei irakatsitako guztia zalantzan jarraraziko dioten irudipen bitxiak izaten hasiko da orduan.
Małgorzata Szumowska (Krakovia, Polonia. 1973) Szczesliwy czlowiek (Happy Man, 2000) filmarekin egin zuen kamera atzean debuta, eta Europako Zinemaren Sarietarako izendapena lortu zuen Europako aurkikuntzaren kategorian. 2004an, Sundance zinema-jaialdian aurkeztu zuen Ono, eta 33 sceny z zycia-k (33 Scenes from Life, 2008) Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen Locarnoko zinema-jaialdian; Zinemaldiak, gainera, Eastern Promises (2014) atzera begirakoan sartu zuen. Ondoren, Elles (Sponsoring, 2011), eta W imię... (In the Name Of, 2013) zuzendu zituen, eta azken horrek Teddy saria irabazi zuen Berlingo zinema-jaialdian. Alemaniako lehiaketak beste bitan saritu zuen: 2015ean zuzendari onenaren Zilarrezko Hartza eman zion Cialo (Body) filmagatik, eta 2018an Epaimahaiaren Sari Berezia lortu zuen Twarz-ek (Mug). 2014an New Directors epaimahaiko kide izan zen Donostian.