Luze isolatuta egon ondoren, Antoninek, neke kronikoa duen gazte batek, berriz ezagutuko du mundua txorientzako errehabilitazio-zentro batean. Toki bitxi horretan, elkarrekin bizi dira txori zaurituak eta galdutako arimak, hegazkinen nonahiko urrumen artean.
Maya Kosak (Geneva, Suitza. 1985) eta Sergio da Costak (Lausana, Suitza. 1984) elkarrekin zuzendu dituzte Aux bains de la reine (2012) film labur dokumentala eta Rio Corgo (2015) film luze dokumentala, Berlingo zinema-jaialdiko Forum sailean estreinatua. Bakarka, L'ingénieur et la prothésiste (2010) zuzendu zuen Kosak, Da Costarekin operadore-lanetan. Bestalde, aurrez, Entretien avec Almiro Vilar da Costa (2009) eta Snack-bar Aquário (2010) film labur dokumentalak zuzendu zituen Da Costak. Biek ala biek Genevako Haute École d’Art et de Design (HEAD) eskolan ikasi zuten zinema. Aurten, Locarnoko zinema-jaialdiko Cineasti del presente sailean aurkeztu dute L'Île aux oiseaux.