tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 68. Edizioa 2020  > Antolaketa > Donostia Zinemaldia COVID-19aren krisiaren aurrean
Donostia Zinemaldia COVID-19aren krisiaren aurrean
Ostirala, 2020(e)ko irailak 4

Edukiera txikiagoa izango da, film gutxiago egongo dira, salmenta ‘online’ eta mailakatua izango da eta sarrera zenbakidunak salduko dira

2020an egindako beste hainbat ekitaldi bezalaxe, Donostia Zinemaldia ezin izango da egin aurreko urteetako baldintza berberetan. COVID-19aren pandemiak Zinemaldia egokitzera behartu du, bi helburu nagusi lortze aldera: lehenik eta behin, gune seguru bat sortzea, eta bigarrenik, ahalik eta zinema-esperientzia atseginena proposatzea. Zinemaldiak, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailarekin koordinatuta, honako neurri nagusi hauek hartu ditu, besteak beste:

  • Edukiera txikiagoak izango dituzte aretoek: Kursaaleko auditorioan % 40koa izango da (gehienez, 600 ikus-entzule); Victoria Eugenia Antzokian, Antzoki Zaharrean eta Kursaal 2n, berriz, % 50ekoa; eta gainerako zinema-aretoetan (Tabakalera, Trueba, Príncipe eta Antiguo Berri), azkenik, % 60koa. edukiera-murrizketa hori Zinemaldiko jarduera guztietan aplikatuko da (prentsaurrekoak, argazki-saioak, aurkezpenak, etab.).
  • Emanaldien kopurua txikiagoa izango da (2019an baino 159 emanaldi gutxiago, %23 gutxiago), baita filmena ere (2019an baino 65 gutxiago, %31), sarbide ordenatuagoak ahalbidetzeko eta husteko denbora irabazteko. Zinema-industriarako eta Pentsamendua eta eztabaida izeneko arlo berrirako jarduera gehienak online egingo dira, eta aurrez aurreko formatua emanaldietarako baino ez da gordeko.
  • Zinema-aretoak desinfektatu egingo dira saioen artean: Kursaal Auditorioan, Kursaal 2n, Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean –edukiera handieneko aretoetan– emanaldien arteko tarteak 90 minutu iraungo du, eta gainerako guneetan, ordea, ordubetekoak izango dira tarteak. 
  • Egoitza (Belodromoa eta San Telmo Museoa) eta ekitaldi sozialak (inaugurazio- eta itxiera-jaiak, euskal zinemaren jaia) bertan behera utziko dira.
  • Maskara nahitaez erabili beharko da uneoro. Emanaldia lau ordutik gorakoa bada (adibidez, Patria, We Are Who We Are eta Andisturbios telesailen emanaldiak), derrigorrezkoa izango da maskara profesional homologatu bat eramatea (KN95 edo FFP2), Osasun Sailak emandako aginduan egoera berezietarako ezarritakoari jarraikiz.
  • Sarrerak zenbakidunak izango dira eta online erosiko dira, kutsadurarik gerta ez dadin eta trazabilitatea errazte aldera, hots, positibo bat erregistratuz gero arrastoa identifikatzeko eta hari jarraipena egiteko aukera izate aldera. Zinemaldia Plaza zerbitzua kendu da eta zinema-aretoetako txarteldegiak bakarrik mantenduko dira hilaren 18tik; gainera, kreditu-txartelarekin ordaintzea gomendatzen da.
  • Salmenta mailakatua izango da publikoarentzat: ohi bezala, sarreren salmenta Zinemaldiaren aurreko igandean hasiko da, irailaren 13an (9:00etan), baina Zinemaldiaren lehen hiru egunetarako sarrerak baino ezingo dira erosi (18a –ostirala–, 19a –larunbata– eta 20a –igandea–). Hilaren 14an, berriz, 21erako, 22rako eta 23rako (astelehena, asteartea eta asteazkena, hurrenez hurren) sarrerak erosi ahal izango dira, baita aurreko egunetako gainerako sarrerak ere. Hilaren 15ean, azkenik, 24ko, 25eko eta 26ko –hurrenez hurren, osteguna, ostirala 25 eta larunbateko– saioetarako txartelak erosi ahalko dira, baita aurreko egunetako gainerako sarrerak ere. Hilaren 16tik aurrera, saio guztietarako sarrerak erosten jarraitu ahal izango da. Ikus-entzule bakoitzak gehienez bi sarrera erosi ahal izango ditu saio bakoitzeko, eta erosketa bakoitzean gehienez 20 txartel. Aurretiko salmentan, Kutxabankeko Gazte Txartelarekin bakarrik egingo dira deskontuak. Zinemaldiak egunero eskainiko dizkie sarrerak, % 25eko deskontuarekin, posta-zerrendan harpidetzen diren pertsonei, eta bertan jakinaraziko zaie egunero halako zenbat sarrera geratzen diren libre.
  • Publikorik gabe egongo dira alfonbra gorriak: zoritxarrez, aurten zinemazaleek ezingo dizkiete autografoak eskatu izarrei, ezta horien zain egon ere argazki-saioetan eta alfonbra gorrietan. Edizio honetan, profesionalek baino ezingo dituzte erabili gune horiek; zehazki, berri-emaile grafikoak ibilbidean zehar egongo dira, eta derrigorrezko distantzia fisikoari eutsiko diote.
  • Programazioa online ipiniko da: Zinemaldiak ahalegin berezia egingo du webgunea prestatzeko, erabiltzaileei aukera emate aldera jarduerei haren bidez jarraitzeko. Egunero argitaratuko da online egongo den programazioa: Sail Ofizialeko eta Donostia Sariko prentsaurreko guztiak, zinema-industriako profesionalen galak, aurkezpenak eta eskola magistralak. Halaber, Donostia bisitatuko duten izarrek zinemazaleekin egingo diren topaketetan parte hartuko dute Zinemaldiko sare sozialen bidez.

2020-07-03

Alarma-egoera amaitu ondoren, eta pandemia areago arinduko den esperantzan, Donostiako Zinemaldiak baztertu egin du lehiaketa ez egitea, baina baita edizio estandar bat antolatzea ere, azken urteetako ildoari jarraituz.

Jaialdiko lantaldea lanean ari da 68. edizioa antolatzeko aurreikusitako egunetan, irailaren 18tik 26ra, betiere agintariek ezarritako eskakizun sanitarioei erantzunez. Helburua da ikusleentzat, zinema-industriarentzat eta hedabideentzat ezaguna eta segurua den zinema-jaialdi bat antolatzea.

Zinemaldiko zuzendaritzak zenbait erabaki hartu ditu: proiekzio kopurua murriztea (% 30 gutxiago), bere jarduera batzuk online egitea (Koprodukzio Foroa, Zinemaldia & Technology, mahai-inguruak eta eskola magistralak) eta formatu mistoa (aurrez aurrekoa eta birtuala) WIP Latam eta Europa programa berrientzat, baita Ikusmira Berriak ekimenarentzat ere. Zinemaldiak alde batera utziko ditu bere ohiko egoitzetako batzuk: batetik, Belodromoa; bertan, goizez, ikastetxeentzako proiekzioak antolatzen ziren, Donostia International Physics Centerrekin batera (aurten, salbuespen gisa, online egingo dira), baita Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren zinema-musikako kontzertua eta publiko zabalarentzako film ezagunen proiekzioak ere; eta, bestetik, San Telmo Museoa, Koprodukzio Foroaren egoitza. Halaber, 2021. urtera atzeratu da Koreako 50eko eta 60ko hamarkadetako zinemari buruzko atzera begirakoa (Flores en el infierno: la era dorada del cine coreano), eta aurten ez da Klasikoak saila egingo.

Pandemiaren bilakaerak zehaztuko du jaialdiaren itxura, baina Zinemaldiak aurrez aurre egingo du bere gainerako programazioa: Sail Ofizialeko lehiaketa, New Directors, Horizontes Latinos, Zabaltegi - Tabakalera, Perlak eta Nest; Culinary Zinema saileko filmak, afari tematikoek lagunduta; Zinemira, Made in Spain eta Haur Zinemako emanaldiak asteburuetan.

 


© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea