tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 68. Edizioa 2020  > Berriak > Luis Buñuelen zinemak 2021eko programazioa inauguratuko du Tabakalerako pantailan
Luis Buñuelen zinemak 2021eko programazioa inauguratuko du Tabakalerako pantailan
Nosferatu ziklo berria Aragoiko zinemagileari eskainita egongo da, haren jaiotzaren 120. urteurrenean: hark zuzendu zituen 32 filmak proiektatuko dira eta Buñuel + PLUS programak eskaintza osatuko du Buñuelen bizitzarekin eta lanarekin lotura duten 18 titulurekin

Donostiako Zinemaldiak urte osoko jaialdiaren kontzeptua sendotzen du, eta modu egonkorrean txertatzen da pantaila partekatuaren programazioan, Zinemaldia + PLUS programarekin

Pantaila talentua garatzeko bide gisa eta publikoaren eta zinemagileen arteko topagune gisa sendotu da
Astelehena, 2020(e)ko abenduak 21

Tabakalerak 2021erako zinema-denboraldi berria aurkeztu du. Zentroko pantaila partekatuan programatzen duten erakundeek (Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia, Donostia Kultura, Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera) urtarrilean emango diote hasiera denboraldi berriari. Berriro ere, bazkideak batzean oinarritutako programa horren izaera berezia azpimarratu nahi dugu. Bertan, historia eta klasikoak naturaltasun osoz eta zinema garaikidearekin etengabeko elkarrizketan bizi dira. Eta berretsi egiten dugu prestakuntzarekin, ikerketarekin eta zinema egiteko prozesuei eta ikus-entzunezko hizkuntzaren iraganari eta etorkizunari buruzko hausnarketarekin dugun konpromisoa. Era berean, publikoak aretoarekin duen leialtasuna azpimarratu eta eskertu nahi dugu; izan ere, COVID-19ak eragindako murrizketen garai honetan ere, herritarren erantzuna gogotsua izan da, eta Tabakalerako zinema kulturarekin topatzeko gune seguru bihurtu dute.

Urtarrilaren 6an, asteazkenean, Nosferatu zikloa hasiko da Tabakaleran. 2021ean Luis Buñuel (Calandra, Teruel, 1900 – Mexiko Hiria, 1983) zinemagile espainiarrari eskainita egongo da, bere lehen bi filmak proiektatuko dira: Un perro andaluz (Un chien andalou, 1929) eta La edad de oro (L’Âge d’or, 1930).
Zikloa Donostia Kulturak, Euskadiko Filmategiak, Elías Querejeta Zine Eskolak, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalerak antolatu dute, Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valenciana erakundearen eta Bilboko Arte Ederren Museoaren lankidetzarekin.

Atzera begirakoak Aragoiko zinemagilearen zuzendari lana eskainiko du, eta urtean zehar proiektatuko diren 32 filmez dago osatuta. Programazio hori osatzeko, Buñuel + PLUS izeneko beste 13 saio egingo dira. Saio horietan Buñuelen bizitzarekin eta lanarekin lotura duten filmak ikusi ahal izango dira. 

Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bat gaztelaniaz eta bestea euskaraz, Calandrako zuzendariaren lanari eskainiak. Lehena, Luis Buñuel, Nosferatu bildumako 17. zenbakia, Jesús Angulok eta Joxean Fernándezek koordinatu dute, eta urtarrilean argitaratuko da. Bigarrena, Norferatu bildumako 9. zenbakia, Harkaitz Canok idatzi du, eta udaberrian argitaratuko da.

Luis Buñuel, zalantzarik gabe, zinemaren historiako zinemagile miretsienetako bat da, hainbat artista belaunaldiren erreferentzia. Ia 50 urteko ibilbidean, zeina batez ere Frantzia eta Mexiko artean garatu baitzuen, Espainian egindako zenbait sartu-irtenekin (nabarmenak), XX. mendeko artearen klasiko batzuk utzi zituen, hala nola, Viridiana (1961), El ángel exterminador (1962), Belle de Jour (1966), Tristana (1970) edo El discreto encanto de la burguesía (Le Charme discret de la bourgeoisie, 1972).

Buñuel + PLUS, Luis Buñuelen atzera begikoari laguntzen dion fokua, berez, zinemaren historia bat da, errepaso bat, Buñuel hezi zuten filmetatik zinema garaikideraino, non eragin horren ezaugarriak bereiz daitezkeen. Mi último suspiro (1982) memoria-liburua abiapuntu hartuta, zuzendariarengan eragina izan zuten eta haren eragina jaso zuten 13 filmen aukeraketa bat aurkeztuko dugu. “Buñuel unibertsoa”, non harreman zuzenak eta elkarrizketa tematiko, politiko, zinemazale eta formalak bereiz daitezkeen.

Gerturatze hori buñueliar unibertsoarekin zerikusia duten ehun izenburu baino gehiagoko zerrenda zabal batekin osatzen da, eta Elías Querejeta Zine Eskolako komisariotzako hirugarren promozioko ikasle talde batek sortutako eragin horiei buruzko gogoeta egiten duten testu sorta batekin. Urtean zehar Tabakalerako webgunean aurkeztuko ditugu.


 

Urte osoko jaialdirako pantaila partekatu bat

Jaialdiak, aurretik, noizean behingo esku-hartzeak egin ditu Tabakalerako pantaila partekatuan, baina hemendik aurrera, hilero egingo du ekarpenen bat Zinemaldia + PLUS izeneko berariazko foku batean.

Munduko zinema-jaialdi handiak galdetzen ari dira: zein den etorkizuneko jaialdien papera? Garai berriak oso azkar aldatzen ari dira jaialdi-ekitaldiaren paradigma, eta helburua da esperientzia, historia eta berezko ezaugarriak eredu berri horietan txertatzea. Donostia Zinemaldiak urte osoko jaialdiaren aldeko apustu estrategikoa egin du: lehiaketaren bederatzi egunetatik haratago joatea eta egutegi osoan garatzea. Hamabi hilabeteko jaialdi izatera pasatzea.

Proiektu horretan, Euskadiko Filmategiak, Elías Querejeta Zine Eskolak, Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak elkarrekin lan egiten dute; etorkizuneko jaialdirako gako eta nortasun-ikur bihurtzen da.

Lehiaketari lotutako zinemagileen lanak eta pentsamendu- eta gogoeta-programak jasoko ditu pantailan hilero, sorkuntzari laguntzeko eta talentu berriak prestatzeko.


 

Zinema eta Zientzia itzuli dira osoko jaialdirako pantaila partekatu bat


2021eko urtarrilean Euskadiko Filmategiak Zinema eta Zientzia zikloari ekingo dio berriro, laugarren urtez jarraian, kultura zinematografikoa eta kultura zientifikoa helarazteko helburuarekin. Donostia International Physics Center (DIPC) eta Donostia Zinemaldiarekin batera antolatu dute programa, eta film klasikoak eta film berriagoak uztartuko ditu; azken horien proiekzioak egokiagoa dirudi egungo testuinguruan.

Ohi denez, emanaldi bakoitzarekin batera, prestigiozko nazioarteko zientzialariek aurkezpenak eta solasaldiak egingo dituzte. Laster iragarriko diren zikloko hamar filmei bi saio berezi gehituko zaizkie urteko lehen hiruhilekoan. Horietako batean, Filmategiak Kimuak 2020 programako film laburrak programatuko ditu, publiko orokorrarentzat lehen aldiz; eta bestean, Pour Don Carlos (1921) film luzea ikusi ahal izango da, Tolosako (Frantzia) Zinematekarekin, Frantziako Zinematekarekin eta The San Francisco Silent Film Festival jaialdiarekin elkarlanean zaharberritutako kopia batean. Jacques Lasseyne eta Musidorarekin batera zuzendutako film mutua da. Musidora garaiko frantziar aktore ospetsua da, eta III. Gerra Karlistan giroturako eta euskal agertokietan filmatutako film horren protagonista ere bada. 

Etxepare Euskal Institutuak Euskadi eta Quebecen artean egiten duen kultur trukea dela eta, 2021eko bigarren hiruhilekoan Euskadiko Filmategiak Quebeceko zinema berrian jarriko du arreta, Quebeceko Zinematekarekin elkarlanean sortutako programa baten bidez. Ondoren, Jazzinemaren bosgarren edizioko filmak ikusi ahal izango dira, Donostia eta Getxoko Jazzaldiekin batera antolatutako ziklokoak. Urteko azken hiruhilekoan, berriz, euskal zinemagileei eskainitako urte anitzeko ziklo baten lehen zatia programatuko da, eta berariazko argitalpen bat ere egingo da. 


 

 

Fokuak: Patric Chiha, Pietro Marcello, Alice Rohrwacher eta Kelly Reichardt

Tabakalerako zinema-programazioak zinema garaikideko lau izen handitan jarriko ditu urteroko fokuak. Lau pertsona horiek nazioarteko jaialdietan parte hartzen dute eta orainaldiko zinemaren aniztasuna eta etorkizuneko zinemaren bideak erakusten dituzte: Pietro Marcello zuzendari austriarra, Pietro Marcello eta Alice Rohrwacher italiarrak, eta Kelly Reichardt estatubatuarra, urtea amaitzeko. Atzera begirako osoak lau gutun zurirekin osatuko dira, eta beren prestakuntzan giltzarriak izan diren zinemaren historiako obrak landuko dira.

Patric Chihari (Viena, 1975) buruzko atzera begirako osoak haren bitartekoak eta film luzeak errepasatuko ditu, eta jaialdi handietan (Venezia eta Berlin, kasurako) finkatutako ibilbidearen erakusgarri izango dira. Zinema zuzena, dokumentalak eta fikzioak, eta azalaren sentsualitatea eta mugimendua behatzean oinarritutako obra bat, bere azken lanak (Si c'était de l'amour –2020) ondo erakusten duen moduan. Koreografia hutsa da, Gisèle Vienne artistaren obra eszeniko batean oinarritua, eta 2020ko Berlinale jaialdian dokumental onenaren Teddy Award saria jaso zuen. 

Udaberri-udako zikloetan Italian jarriko dugu arreta, eta bertako egile-zinemaren izen gakoetako bitan. Biek ala biek sari handiak eskuratu dituzte, eta begirada paregabea dute. Pietro Marcello (Caserta, 1976) iazko Veneziako zinemaldiko arrakasta handietako bat izan zen: haren Martin Eden filmari esker, aktore onenaren Copa Volpi saria eskuratu zuen Luca Martinelli aktoreak eta kritikariek urteko izenburuetako bat zela adierazi zuten. Toronton, Platform saria jaso zuen, eta Sevillako Europar Zinema Jaialdian, film onenaren saria. Egilearen obra osoa errepasatuko da, behe-mailako marinel izaeratik hasi, eta Jack Londonen eleberriaren azken egokitzapen goraipatura.

Alice Rohrwacher (Fiesole, 1981) duela urte batzuetatik distira gehien egiten duen izenetako bat da. Rohrwacherren ibilbidea Cannesko jaialdiarekin lotuta dago, han eskuratu baitzituen epaimahaiaren saria Le meraviglie lanagatik (2014) eta gidoi onenaren saria Lazzaro felice lanagatik (2018). Orain arte zuzendu dituen hiru film luzeak landuko dira, eta, halaber, haren film laburrez gozatzeko aukera ere izango da. Rohrwacherren zinema "humanismo berri" gisa hartzen da sarri: pertsonaien italiar zinemaren oinordetza klasikoa abiapuntu hartuta, bere lana tradizioaren eta modernotasunaren, materiaren (16 mm baliatzen baitu beti filmatzeko) eta langile-klaseen fantasiaren artean oinarritzen da. 

Urtea Kelly Reichardt (Miami, 1964) egilearen fokuarekin amaituko da. Hain zuzen, orain arte zuzendu dituen zazpi film luzeak emango dira. Reichardten ibilbidearen hasiera laurogeita hamarreko Sundance jaialdiarekin lotzen da (River of Grass –1994–), han izan baitzuen lehenengoz zentzua amerikar zinema independenteak. Old Joy (2006) izan zen bere bigarren film luzea, eta film onenaren saria eskuratu zuen Rotterdameko jaialdian. Harrezkero, egile independente handi gisa hasitako legendak Atlantikoaren beste aldera jauzi egin zuen. Errepideko zinema, western zinema, munduan bere lekua bilatzen ari diren pertsonaien zinema, kontakizun-zinema eta arreta bikaina erritmoei, pertsonaien erretratuei eta landako Amerikako paisaiei. Bere azken lanak, First cow (2019), film luze onenaren saria eskuratu du Gijóngo zinema jaialdian. 

Aipatutakoaz gain, zinema-programa honako hauekin osatuko da: Gutun zuriak, Hasieratik. Zinema feministaren historiak (Artium museoan ere programatzen ari da), Jatorrizko Soinu Banda, Kameleoiak Gara! (familia-zinema) eta Zinearen historia etengabea.


 

Pantaila, talentua elkartzeko eta garatzeko leku gisa

Talentua profesionalizatzea eta garatzea sustatzeko asmoz, eta publikoekin lotze aldera, Tabakalerak pantaila eta zinema-programazioa sorkuntzaren eta sorkuntza-prozesuen esku jartzen du. 2021ean, lan-ildo horrekin jarraituko dugu, eta, horretarako, Kontatutako zinea programa (zuzendariek publikoarekin filmen sorkuntza-prozesuak partekatzen dituzte) edo Eskolatik programa finkatuko ditugu, besteak beste. Foku hori Elías Querejeta Zine Eskolako komisariotzako ikasleen programatzen dute, eta Tabakalerak kasu honetan zinema-programazioko talentua garatzeko bultzatutako ildoan gauzatzen da. Hilean behin, eskolako hiru ikaslek Tabakalerako zinema-aretoa programatuko dute, zinemaz duten ikuspegia eta eskolako ikaskuntza-prozesua partekatu ahal izateko publikoarekin. 

Bestalde, 2021ean, Zinemaren Historiak. Santos Zunzunegui fokuaren programaren hirugarren edizioa egingo da. Tabakalerak antolatzen du, Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera, eta Zunzuneguiren kanon zinemazale berezia errepasatuko du 10 izenburu baliatuta. Emanaldien aurretik aurkezpen-eskola bat egingo da aurten ere, pantaila horren ikasgela-izaerari zentzua emateko. Zikloa Bilboko Arte Ederren Museoan ere programatuko da eta argitalpen hirukoitz bihurtuko da 2021ean; izan ere, programari atxikitako testu guztiak Shangrila argitaletxeak argitaratuko ditu.


 

2021eko zinema-bonua eta zinemari buruzko hiruhilekoko buletin-aldizkaria 

Zinema-bonu berriari esker, 100 euroren truke 40 film ikusteko aukera izango da 2021ean Tabakaleraren pantaila partekatua duten gizarte-erakundeek programatutako film guztien artetik: Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera.

Bonua erosiz gero, 2021eko Nosferatu zikloaren gaztelaniazko argitalpena ere eskuratuko da, Luis Buñuel zinemagileari buruzkoa. Otsailean izango da eskuragarri.  

Bonua 2020ko abenduaren 28ko eguerdiko 12:00etatik aurrera izango da salgai 2021eko urtarrilaren 31ko 12:00ak arte, bai Tabakaleraren webgunean, bai zentroko informazio-gunean.

Bonua 2021eko urtarrilaren 1etik 2021eko abenduaren 31ra (biak barne) kontsumitu ahal izango da, eta bonuarekin lotutako kudeaketa guztiak Tabakaleraren webgunean zein zentroko informazio-gunean egin ahal izango dira: bonua erosi, beste pertsona bati opari bidali, bonuaren deskontuarekin filmetarako sarrerak eskuratu edo saldo erabilgarria kontsultatu. 

2021eko zinema-bonuarekin lotutako informazio guztia Tabakaleraren webgunean kontsulta daiteke. 

Datorren urteko beste berritasun bat pantaila partekatuari buruzko hiruhilekoko zinema-buletin berria argitaratzea izango da datorren astean. Hain zuzen, argitalpen horrek pandemiaren aurretik egiten zen paperezko zabalgarria ordezkatuko du. Euskarri digital berriak material esklusiboa izango du (elkarrizketak, podcastak eta bideoak), Tabakalerako zinema-areto barruan eta kanpoan gertatzen den guztiaren edukiari balioa emateko. Buletinaren lehen alean Patric Chiharen zikloaren aurkezpenaz eta Luis López Carrasco eta María Álvarez zinemagileei eginiko elkarrizketez gozatzeko abagunean izango da, besteak beste.  

Buletinera harpidetza egin daiteke dagoeneko hemen.


 

2021eko urtarrilla-martxoa bitarteko programazio osoa

Urtarrilerako, otsailerako eta martxorako aurreikusitako emanaldiak hemen kontsulta daitezke. 

2021eko datuak:

Zinema aretoko publikoa: 15.452
Zine saioak: 215

 

Info+:

prentsa@tabakalera.eus
943011311 / 688743500
www.tabakalera.eus

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea