tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 68. Edizioa 2020  > Berriak > Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
Dea Kulumbegashviliren lehen lana eta Takuma Satoren bigarren filma ere 68. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko dira
Ostirala, 2020(e)ko uztailak 3

Sharunas Bartas, Naomi Kawase, François Ozon eta Thomas Vinterberg zinemagileak Donostia Zinemaldiaren 68. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko dira, eta Dea Kulumbegashvili eta Takuma Sato errealizadore berrien lanak ere ikusi ahalko dira sail horretan.

Sharunas Bartas (Siauliai, Lituania, 1964) Cannes, Berlin, Venezia eta Locarnoko jaialdietan esperientzia duen autorea da, eta Frost (2017) eta Eurazijos aborigenas / Eastern Drift (2010) filmak zuzendu ditu (2014an, Eastern Promises. Ekialdeko Europaren erretratua 50 filmetan atzera begirakoan aukeratu zuten). Irailean Donostiara itzuliko da, In The Dusk filma nazioarteko mailan estreinatzeko, Bigarren Mundu Gerraren ondoren Lituaniako okupazio sobietarraren aurkako mugimendu partisanoaren borrokari buruzko drama bat.

Naomi Kawasek (Nara, Japonia, 1969) maiz parte hartu du Donostia Zinemaldian, eta, aurten, Urrezko Maskorra eskuratzeko aukera izango du berriz ere, Asa Ga Kuru / True Mothers filmarekin (lehenbizikoz proiektatuko dute Europan); bi ama –bata biologikoa eta bestea adopziozkoa– aurrez aurre jartzen dituen mikrokosmos familiarraren esplorazio berri bat da. Errealizadore japoniarra Genpin (Fipresci Saria, 2010) eta Vision (2018) filmekin lehiatu da Sail Ofizialean, eta bere filmak Perlak sailean eta .doc – Ez-fikzioaren bide berriak (2010) eta Japoniako zinema independente berria 2000-2015 (2015) atzera begirako tematikoetan ere ikusi ahal izan dira.

Dea Kulumbegashvili (1986) gazte georgiarrak bere film laburrak estreinatu zituen Cannesko zinema-jaialdian eta Errealizadoreen Hamabostaldian, eta Dasatskisi / Beginning film luzearekin egingo du debuta. Filmak (Donostian proiektatuko da lehenbizikoz mundu mailan) Jehovaren lekuko batek eta bere familiak talde estremista batengandik eta herri georgiar urrun bateko poliziarengandik jasaten duten jazarpena kontatzen du.

François Ozon (Paris, 1967) Sail Ofizialera itzuliko den beste zinemagile bat da. Urrezko Maskorra eta Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria irabazi ditu Dans la maison (2012) filmagatik, eta, besteak beste, Sous le sable (2000), Le refuge (Epaimahaiaren Sari Berezia, 2009) eta Une nouvelle amie (2014) filmekin lehiatu da. Errealizadoreak Zabaltegin (Regarde la mer, 1997) proiektatu zuen bere opera prima, eta Été 85 / Summer of 85 lanarekin lehiatuko da; nerabeen maitasunei buruzko kontakizun bat da, laurogeiko hamarkadarekin nostalgikoa erabat.

Zinemaldiak Takuma Sato (Akita, 1989) japoniarraren bigarren film luzea estreinatuko du mundu mailan, baita ere. Don 't Say That Word! (2014) filmari esker, hainbat sari jaso ditu Tokioko Pia zinema-jaialdian eta Busango nazioarteko jaialdian. Bere lan berriak, Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around? izenekoak, Urtezahar-gauean biluzik eta mozkortuta korrika ari zela telebistak grabatu zuen gizon baten bizitzak izan duen aldaketa kontatzen du.

Azkenik, Thomas Vinterbergek (Kopenhage, 1969), azken hamarkadetako Danimarkako zinemagile adierazgarrienetako batek, Druk / Another Round filmaren Europako estreinaldiarekin parte hartuko du. Film honetan, Jagten filmean bezala (2012), Mads Mikkelsen aktorea da protagonista. Festen (1998) filmaren egileak (2007an Sukar izoztua atzera begirakoan programatu zen) esperimentu bitxi batean murgildutako hainbat irakasleren bizitza kontatzen du: lanaldian zehar intoxikazio etiliko maila bera mantentzea lortzen badute, euren buruak zabaldu, eta sormena areagotuko dutela uste dute.

In The DuskAsa Ga Kuru / True Mothers, Dasatskisi / Beginning, Été 85 / Summer of 85 eta Druk / Another Round daude aurten Canneseko zinema-jaialdiak 73. edizioa ospatzeko aukeratu dituen filmen artean, baina, COVID-19aren pandemiaren ondorioz, ezin izan dute jaialdia egin.

Datozen asteetan, Zinemaldiak 68. edizioko Sail Ofiziala osatuko duten gainerako lanen berri emango du. Jaialdia irailaren 18an inauguratuko du Rifkin’s Festival filmak (lehiaketaz kanpo), Woody Allenek zuzendutako komedia erromantikoak.

 

AURRERAPENA SAIL OFIZIALA

Asa Ga Kuru / True Mothers
Naomi Kawase  (Japonia)
Antzezleak: Hiromi Nagasaku, Arata Iura, Aju Makita

Haurdun geratzeko borroka luze eta asegabe baten ondoren, Satokok eta bere senarrak haur bat adoptatzea erabaki dute. Urte batzuk geroago, bere familia arriskuan dago Hitariren erruz, ama biologikoa dela baitio. Satokok Hitariren aurka egitea erabakiko du.


Dasatskisi / Beginning
Dea Kulumbegashvili  (Frantzia - Georgia)
Antzezleak: Ia Sukhitashvili, Rati Oneli, Kakha Kintsurashvili, Saba Gogichaishvil

Probintziako herri lasai batean, talde estremista batek eraso egin dio Jehovaren lekukoen komunitate bati. Gatazka betean, Yanaren mundua (komunitate-buruaren emaztea) gainbehera etorriko da poliki-poliki. Yanaren barne-atsekabea handitu egingo da bere nahien zentzua topatzeko borrokatu ahala.


Druk / Another Round
Thomas Vinterberg  (Danimarka)
Antzezleak: Mads Mikkelsen, Thomas Bo Larsen, Lars Ranthe, Magnus Millang

Teoria baten arabera, gure odolean alkohol kantitate txiki batekin jaio beharko genuke, mozkor puntu batekin, gure burua inguratzen gaituen mundura zabaldu, gure arazoak arindu eta sormena areagotzen delako. Teoria horrek bultzatuta, Martin eta bere hiru lagun –bigarren hezkuntzako irakasle dira hirurak, eta nazkatuta daude– esperimentu batean murgilduko dira; lanaldian, beti intoxikazio etiliko maila berari eutsiko diote. Churchillek alkoholaren eraginpean irabazi bazuen Bigarren Mundu Gerra, nork daki zer egin dezaketen trago gutxi batzuek beraien eta ikasleen alde?


Eté 85 / Summer of 85
FRANÇOIS OZON  (Frantzia)
Antzezleak: Félix Lefebvre, Benjamin Voisin, Philippine Velge

Alexis (16 urte betetzear) itotzeko zorian da bere itsasontzia Normandiako kostaldean irauli ondoren. Zorionez, David (18 urte) agertuko da, heroi salbatzailea. Alexisek bere ametsetako laguna ezagutu berri du. Baina, uda bat baino gehiago iraungo al du amets horrek? 1985eko uda.


In the Dusk
Sharunas Bartas  (Lituania - Frantzia - Txekiar Errepublika - Serbia - Portugal - Letonia)
Antzezleak: Arvydas Dapsys, Marius Povilas Elijas Martinenko

Lituania, 1948. Gerra amaitu da, baina herrialdea hondatuta dago.  Untė 19 urteko gazte bat da, eta sobietarren okupazioari aurre egiten dion mugimendu partisanoko kide. Ez dute baldintza berdinetan borrokatzen, baina borroka desorekatu horrek biztanle guztien etorkizuna baldintzatuko du. Bizitza deskubritzen den adinean, Untėk indarkeria eta traizioa deskubrituko ditu. Mugak lausotu egingo dira bere gazte grina sutsuaren eta borrokatzeko arrazoiaren artean. Buru eta bihotz arituko da, inozentzia galtzea badakarkio ere...


Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around?
Takuma Sato  (Japonia)
Antzezleak: Taiga Nakano

Gizon bat biluzik eta mozkortuta agertu da Japoniako telebista-kate batean, Namahage egunean. Egun hori ospatzeko, ogroz mozorrotutako gizonak etxez etxe ibiltzen dira, haurrak ikaratu eta urte osoan txintxo portatu daitezen agintzeko. Tasuku, aita gazte bat, ostrazismora kondenatu dute, herria eta tradizioa lotsagarri uzteagatik, eta bakarrik egingo du ihes Tokiora. Bi urte geroago, herrira itzuliko da bere emazte ohiarekin eta alabarekin gauzak konpontzen saiatzeko, baina egoera oso gogorra aurkituko du.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea