tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 68. Edizioa 2020  > Berriak > Pablo Agüeroren 'Akelarre' eta Antonio Méndez Esparzaren 'Courtroom 3H (Sala del Juzgado 3H)’ Zinemaldiaren 68. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko dira
Pablo Agüeroren 'Akelarre' eta Antonio Méndez Esparzaren 'Courtroom 3H (Sala del Juzgado 3H)’ Zinemaldiaren 68. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko dira
Rodrigo Sorogoyenek lehiaketaz kanpo parte hartuko du Sail Ofizialean, 'Antidisturbios' telesailaren emanaldi osoarekin

Aitor Gabilondok sortutako 'Patria' telesaila proiekzio berezi gisa ikusi ahal izango da
Osteguna, 2020(e)ko uztailak 30

Pablo Agüeroren Akelarre eta Antonio Méndez Esparzaren Courtoom 3H (Sala del Juzgado 3H) Zinemaldiaren 68. edizioko Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko dira, eta Sail Ofizialak Espainiako bi telesail eskainiko ditu: Rodrigo Sorogoyenen Antidisturbios lehiaketaz kanpo programatuko da, eta Aitor Gabilondok sortutako Patria proiekzio berezia izango da.

Pablo Agüerok (Mendoza, 1977) New Directors sailean parte hartu zuen 77 Doronship lanarekin (2009), eta Sail Ofizialean, Eva no duerme lanarekin (2015). Orain, Akelarre filmarekin lehiatzeko itzuliko da, 2017an Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroaren ArteKino International Prize saria irabazi zuen proiektuarekin, hain zuzen. Errealizadore argentinarraren bosgarren filma Espainiaren, Frantziaren eta Argentinaren arteko koprodukzioa da; Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl dira protagonistak, eta Euskal Herrian filmatu da, euskaraz eta gaztelaniaz. Drama historiko bat da, Euskal Herrian, XVII. mendean, sorginkeriarekin zerikusia duen prozesu judizial bat oinarri duena.

Antonio Méndez Esparza (Madril, 1976), gizarte-arazoengatik kezkatuta beti, Urrezko Maskorra lortzeko borrokatuko da bere hirugarren film luzearekin: Courtroom 3H (Sala del Juzgado 3H). Ez-fikziozko istorio bat da, eta adin txikikoekin lotutako gaiak ebazten dituen Floridako auzitegi berezi batean kokatzen da. AEBn bizi den zinemagilea koprodukzio espainiar-estatubatuar honekin itzuliko da Zinemaldira, hemen aurkeztu baitzituen bere aurreko lanak ere: Aquí y allá (2012), Cannesen Kritikaren Asteko Sari Nagusia irabazi zuena eta ondoren Horizontes Latinos sailean proiektatu zena, eta Life and Nothing More (La vida y nada más, Sail Ofiziala, 2017) Spirit Awards sarietan Fipresci eta John Cassavetes sariak irabazi zituena.

Rodrigo Sorogoyenek (Madrid, 1981) hirugarrenez parte hartuko du Sail Ofizialean. Aurreko edizioetan, Que Dios nos perdone (Gidoi Onenaren Epaimahaiaren Saria, 2016) eta El reino (2018) filmekin parte hartu zuen. Oraingoan, zuzendariak Antidisturbios telesaila erakutsiko du lehiaketaz kanpo (Movistar+ plataformakoa da, eta sei kapitulu ditu): istiluen aurkako polizia talde bati giza hilketa leporatu diete, kaleratze-prozesu bat konplikatu ostean. Aktoreen zerrendan Vicky Luengo, Raúl Arévalo, Álex García, Hovik Keuchkerian, Roberto Álamo, Raúl Prieto eta Patrick Criado daude.

Sail Ofizialak Patria telesailaren emanaldi berezia ere izango du. Aitor Gabilondok HBO Europerentzat sortutako zortzi ataleko telesaila da, Fernando Arambururen eleberri arrakastatsuan oinarritua. Euskal Herriko historiaren hiru hamarkada jorratzen ditu indarkeriak banatutako bi familiaren ikuspegitik.

Gainera, Sail Ofiziala lehiaketaz kanpo inauguratuko da, dagoeneko iragarri den izenburu batekin: Rifkin's Festival, Woody Allenen komedia erromantiko berria, Estatu Batuen, Espainiaren eta Italiaren artean ekoiztua.

 

68. EDIZIOKO ESPAINIAKO BESTE EKOIZPEN BATZUK

New Directors sailak, lehen eta bigarren filmak biltzen dituenak, film laburrean eskarmentu handia duten bi zinemagileren debuta hartuko du. David Perez Sañudo (Bilbo, 1987), mundu osoko jaialdietan ibili ostean eta Zinemira-Kimuak sailean Aprieta pero raramente ahoga (2017) aurkeztu ondoren, bere lehen film luzearekin lehiatuko da: Ane (euskaraz filmatua), ama baten eta desagertutako alabaren arteko mugen eta komunikazioaren ingurukoa. Bestalde, La última primavera koprodukzio espainiar-holandarra, Madrilgo Cañada Real txabola-auzoan girotua eta Isabel Lambertik (Bühl, 1987) zuzendua. Alemanian jaio zen, eta Espainian eta Herbehereetan hazi. Bere film laburrak, Volando voy (2015), Nest Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako Torino Award saria lortu zuen. Horrez gain, Imanol Rayok (Iruñea, 1984) –Bi anai (2011) izeneko lehen filmari esker, Zinemira Saria irabazi zuen– bere bigarren film luzea aurkeztuko du: Hil kanpaiak / Campanadas a muerto, Miren Gorrotxategiren 33 ezkil eleberrian oinarritutako istorioa.

Zabaltegi-Tabakalera sailak, Zinemaldiko atalik irekienak, Juan Cavestanyren (Madril, 1967) itzulera hartuko du. Gente en sitios filma (Made in Spain, 2013) eta Vergüenza telesaila (Zabaltegi-Tabakalera, 2017) egin ostean, Un efecto óptico filma erabili du Pepón Nieto eta Carmen Machi denbora-kiribil zoragarri batean sartzeko. Gainera, Zabaltegi-Tabakalera sailak hiru film labur programatuko ditu: Correspondencia lanak Carla Simón (Bartzelona, 1986) –Estiu 1993 filmarekin debutatu zuen (Verano 1993, Made in Spain, 2017)– eta Dominga Sotomayor (Santiago, 1985) zinemagileek trukatzen dituzten ikus-entzunezko mezuak erakutsiko ditu. Ya no duermo –Eusko Jaurlaritzaren Kimuak programan hautatua– Marina Palacio gazteak (Donostia, 1996) Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) graduatu ondoren izango duen estreinaldia izango da. Azkenik, Laida Lertxundik (Bilbo, 1981) EQZEko Sorkuntza Graduko arduradunak Autoficción lan esperimentalarekin parte hartuko du (AEBen, Espainiaren eta Zeelanda Berriaren koprodukzioa).

Perlak sailean, Maite Alberdiren (Santiago, 1983) El agente topo izango da ikusgai, zahar-etxe batean espioi bezala infiltratzen den 83 urteko alargun bati buruzkoa. 2017ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan EFADs-CAACI saria irabazi ondoren, Txilek, AEBek, Alemaniak, Holandak eta Espainiak elkarlanean ekoitzitako proiektu honek mundu-mailako estreinaldia izan zuen aurreko Sundance zinema-jaialdian, nazioarteko dokumentalen lehiaketa ofizialean.

Azkenik, Warner Espainiak eta Donostia Zinemaldiak El verano que vivimos filmaren ongintzazko emanaldia eskainiko dute, Carlos Sedesek (A Coruña, 1973) zuzentzen duen eta Blanca Suárez, Javier Rey eta Pablo Molinero protagonista dituen drama erromantikoa. Carlos Cuevasek, Guiomar Puertak eta María Pedrazak osatzen dute aktoreen zerrenda.

 

SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako
Akelarre
Pablo Agüero  (Espainia - Frantzia - Argentina)
Antzezleak: Álex Brendemühl, Amaia Aberasturi, Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra, Yune Nogueiras, Daniel Fanego, Asier Oruesagasti, Iñigo de la Iglesia, Elena Úriz , Daniel Chamorro, Jeanne Insausti

Euskal Herria, 1609. Eskualdeko gizonak itsasora joan dira. Ana basoko festa batean dago, herrixkako beste neska batzuekin. Rostegui epaileak, erregeak aginduta, eskualdea purifikatu behar du, eta neskak atxilotu eta sorginkeria leporatzen die. Edozer gauza egingo du akelarreari buruz dakiten guztia aitor dezaten. Zeremonia magiko horretan, ustez, deabruak bere zerbitzariak prestatu eta estaltzen ditu. 2017ko Europa-Latinoamerika VI. Koprodukzio Foroaren ArteKino International Prize saria. 


Courtroom 3H (Auzitegia 3H)
Antonio Méndez Esparza  (Espainia - AEB)

Tallahaseeko (Florida) Familiaren Auzitegi Bateratua adingabeak tartean dauden kasuetan espezializatutako epaitegia da. AEBetan gurasoekin eta seme-alabekin lotutako gaiez arduratzen den auzitegi bakarra da. Familiak auzitegi horretan sartzen dira adingabeekin abusua, abandonua edo zabarkeria leporatu badiete. Legearen arabera, epaitegi honen helburua da familiak ahalik eta azkarren eta ahalik eta modurik seguruenean bateratzea.  Filma James Baldwinen hitzetan oinarritzen da: "Jakin nahi baduzu nola administratzen den justizia herrialde batean, hurbildu babesgabearengana eta entzun bere testigantza".


SAIL OFIZIALA - Lehiaketatik kanpo
Rifkin's Festival
Woody Allen  (Espainia - AEB - Italia)
Antzezleak: Elena Anaya, Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi López, Wallace Shawn, Christoph Waltz
Inaugurazioa
Lehiaketatik kanpo

Rifkin's Festival filmak Donostia Zinemaldira doan bikote ezkondu estatubatuar baten istorioa kontatzen du. Senar-emazteak liluratuta geratuko dira zinema-jaialdiarekin eta Espainiaren edertasun eta xarmarekin, baita zinemaren munduaren fantasiarekin ere. Emazteak affaire bat izango du zinema-zuzendari frantziar nabarmen batekin eta senarra hirian bizi den emakume polit batekin maiteminduko da. Amaiera dibertigarriko komedia erromantiko bat.


Antidisturbios / Riot Police
Rodrigo Sorogoyen  (Espainia)
Antzezleak: Vicky Luengo , Raúl Arévalo, Álex García, Hovik Keuchkerian, Roberto Álamo, Raúl Prieto
Lehiaketatik kanpo

Istiluen aurkako sei poliziak kaleratzea egin dute Madrilgo erdigunean; egoera konplikatu, eta gizon bat hil da. Barne Arazoetarako talde bat arduratzen da gertakariak ikertzeaz, eta istiluen aurkako sei poliziei zuhurtziagabekeriazko homizidioa leporatzen diete. Agenteak irtenbide bat bilatzen hasten dira beren kabuz, baina, azkenean, banandu, eta are gehiago konplikatzen da egoera. Laia, Barne Arazoetako agenteetako bat, kasuarekin obsesionatzen da, eta, azkenean, konturatzen da huts egin duen kaleratze horren atzean gauza asko ezkutatzen dela. Sei ataleko telesaila, bakoitza 50 minutukoa.


SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak
Patria
Aitor Gabilondo  (Espainia)
Antzezleak: Elena Irureta, Ane Gabarain, Jose Ramón Soroiz, Mikel Laskurain, Jon Olivares, Susana Abaitua, Loreto Mauleón, Iñigo Aranbarri, Eneko Sagardoy
Emanaldi Bereziak

ETAk armak utziko dituela iragartzen duen egunean, Bittori hilerrira doa, terroristek hil zuten El Txato senarraren hilobiari esatera bizi izan ziren herrira itzultzea erabaki duela. Bizikide izan ahalko da bere eta familiaren bizitza aldarazi zuen atentatuaren aurretik eta ondoren jazarri ziotenekin? Jakin ahalko du nor den bere senarra garraio-enpresara bidean hil zuen kaputxaduna? Bittoriren presentziak herriko lasaitasun faltsua aldatzen du, eta, batez ere, Mirenena. Miren kartzelan dagoen Joxe Mari terroristaren ama da, eta, garai batean, lagun minak ziren. Zer gertatu zen bi emakume horien artean? Zerk pozoitu du beren seme-alaben eta senarren bizitza, iraganean harreman hain estua bazuten? Urradura disimulatuekin eta uste ezin hautsizkoekin, baita zauriekin eta ausardiarekin ere, El Txatoren hilketak eragindako kraterraren aurreko eta ondorengo istorio goriak ahazteko ezintasunaz eta barkamenaren beharraz hitz egiten digu. Zortzi ataleko telesaila, Fernando Arambururen izen bereko eleberrian oinarritutakoa.


NEW DIRECTORS
Ane
David Pérez Sañudo  (Espainia)
Antzezleak: Patricia López Arnáiz, Jone Laspiur, Mikel Losada, Luis Callejo, Nagore Aramburu, Fernando Albizu, Gorka Aguinagalde, David Blanka

Euskadi, 2009. Lide segurtasun-zaintzailea da; abiadura handiko trenaren obretan egiten du lan, kaleetan protesta sozialak eragiten dituen proiektu batean, hain zuzen. Lan egin eta gaua festan igaro ondoren etxera itzultzen denean, bi lagunentzako gosaria prestatzen du, baina bere alaba nerabea, Ane, ez dago etxean. Hurrengo egunean, Ane oraindik ez da agertu. Lide lasai dago, ziurrenik, aurreko egunean izandako eztabaida gogorraren ondorioz desagertuko zelako. Aneren gauzen artean bilatzen, konturatuko da ez duela benetan bere alaba ezagutzen. Opera prima.


Hil kanpaiak / Death Knell
Imanol Rayo  (Espainia)
Antzezleak: Itziar Ituño, Eneko Sagardoy, Yon González, Asier Hernández, Iñigo Aranburu, Dorleta Urretabizkaia, Josean Bengoetxea, Kandido Uranga, Patricia López Arnaiz, Andrés Gertrúdix, Itxaso Arana

Garizmendi baserrian giza hezur batzuk agertzen dira. Zer egin ezean, Fermin eta Karmen senar-emazteek Nestor semeari deitzen diote eta honek, berriz, Ertzaintzari. Baina hauek datozenean hezurrak desagertu dira. Segidan, hil-kanpaiak joka hasten dira auzoko baselizan. Adur txarreko seinale honek, gertaera latzak ekarri ez ezik, familiaren eta ingurukoen garai bateko zauriak irekiko ditu. Zuzendariaren bigarren film luzea.


La última primavera / Last Days of Spring
Isabel Lamberti  (Herbehereak - Espainia)
Antzezleak: David Gabarre Jiménez, Agustina Mendoza Gabarre, David Gabarre Mendoza, Ángelo Gabarre Mendoza, María Duro Rego, David Gabarre Duro, Isabel Gabarre Mendoza, Angelines Gabarre Mendoza, Alejandro Gabarre Mendoza

Gabarre-Mendoza familia bere bilobaren urtebetetzea ospatzen ari da, baina polizia-ikuskapen batek jaia eteten du. Cañada Realen, Madrilgo kanpoaldean dagoen txabola-auzoan, tirabirak sortzen dira agintarien eta bizilagunen artean; izan ere, lurrak saldu dituzte, eta beraiek eraiki dituzten etxeetatik alde egitera behartzen dituzte. Ama, Agustina, oso emakume alaia izatetik beldurrak jota bizitzera igaro da; aita, David, txatar-biltzaile oso langilea, irtenbide bat bilatzen saiatzen da, baina sistemaren burokraziak huts egiten die. Bien bitartean, familiako kide gazteenek –David, semea; María, erraina eta ama nerabea, eta Alejandro gaztea– ahal duten bezala egiten dute aurrera, beraien bizitzak hari-harian daudela. Opera prima. 


ZABALTEGI-TABAKALERA
Autoficción / Autofiction (Autofikzioa) (Film laburra)
Laida Lertxundi  (AEB - Espainia - Zeelanda Berria)

Genero literario baten izenburua hartuta, fikzioaren eta izatearen zehaztugabetasuna aztertzen du filmak. Film noir generoko elementuak espresiorik gabeko keinuak besterik ez dira Kaliforniako eguzkiaren argi distiratsuaren azpian. Zeelanda Berrian egindako landa-grabazioak entzuten dira, emakumeek euren artean amatasunari, abortuari, hausturei eta antsietateari buruz hitz egiten duten bitartean. Kale batean, eskubide zibilen aldeko desfile bat poliki-poliki mugitzen ari da. Gorpuak nekatuta, zaurituta edo geldirik agertzen dira, eta Irma Thomasen eta Goldbergen abestiek denboraren igarotzea eta zalantzazko etorkizuna ekartzen dute gogora.


Correspondencia / Correspondence (Film laburra)
Carla Simón, Dominga Sotomayor  (Espainia - Txile)

Carla Simónen eta Dominga Sotomayorren arteko korrespondentzia bisuala. Beren bizitzako pasarteak partekatzen dituzte eta azaltzen dute zergatik kontatzen dituzten istorioak pantaila handian eta nola lortu duten gaur egun sortzaile izatea. Zinemari, familiari, herentziari eta amatasunari buruzko gogoetak, zinemagileek munduaz duten pertzepzioa une batez aldatzen duten errealitateekin gurutzatzen direnak.


Un efecto óptico / An optical illusion / Interval
Juan Cavestany  (Espainia)
Antzezleak: Carmen Machi, Pepón Nieto

Alfredo eta Teresa, Burgosko senar-emazteak, New Yorkera doaz, "deskonektatzeko" eta gidako plan guztiak egiteko asmoz. Baina, lurreratu bezain laster, seinale sotilen eta ez hain sotilen bitartez, ikusten hasten dira benetan ez daudela agentzian saldu zieten hirian. Orduan, non daude?


Ya no duermo (Film laburra)
Marina Palacio Burgueño  (Espainia)
Antzezleak: Jesús Palacio Erauskin, Miguel Burgueño Herrero

Ya no duermo familian egin den film bat da: Miguelek eta bere osaba Kechusek banpiroei buruzko film bat egin nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko saiakera horretan, errealitatea eta fikzioa nahasten dira, eta, jolas horretan, haurraren eta helduaren artean ezartzen den harremana ikusiko dugu.


PERLAK
El agente topo / The Mole Agent
Maite Alberdi  (Txile - AEB - Alemania - Herbehereak - Espainia)
Antzezleak: Sergio Chamy, Rómulo Aitken, Marta Olivares, Berta Ureta, Zoila González

Rómulo detektibe pribatua da. Bezero batek eskatu dio bere ama bizi den zahar-etxea iker dezan. Rómulok, orduan, Sergio 83 urteko gizona entrenatuko du; ez du inoiz detektibe-lanik egin, baina denbora batez zahar-etxean biziko da, isilpeko agente bezala. Egoitzan infiltratu ondoren, sator rola hartzeko eta bere nortasun maitagarria eta amultsua ezkutatzeko zailtasunak ditu, eta, azkenean, espioi baino, bere bizikideen aliatu egiten da. Sundance zinema-jaialdiko nazioarteko dokumentalen lehiaketa ofizialean estreinatu zen. 2017ko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan EFADs-CAACI saria.


BESTE JARDUERAK
El verano que vivimos
Carlos Sedes  (Espainia)
Antzezleak: Blanca Suárez, Javier Rey, Pablo Molinero, Carlos Cuevas, Guiomar Puerta, María Pedraza
Charity Screening

Gutun misteriotsu batzuk kazetari gazte baten eskuetara iristen dira. Beti sinatu gabe. Beti Lucía izeneko neska bati eskainiak. Mezuetan, 1958ko udan Jerez de la Fronterako mahastietan gertatu zen maitasun-, adiskidetasun- eta traizio-istorio bat kontatzen da. Betiko maitasuna, 40 urte igaro badira ere, protagonistek ahaztu nahi ez dutena. Zenbait unek bizitza osoan irauten dute.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea