Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 68. Edizioa 2020  > Berriak > Danielle Arbid, Eduardo Crespo, Harry Macqueen eta Julien Templeren film berriak aurtengo Sail Ofizialean lehiatuko dira
Danielle Arbid, Eduardo Crespo, Harry Macqueen eta Julien Templeren film berriak aurtengo Sail Ofizialean lehiatuko dira
Gainera, Matt Dillonek zuzendutako bigarren filmaren emanaldi berezia ere hautatu du Zinemaldiak lehiaketatik kanpo
Osteguna, 2020(e)ko abuztuak 6

Donostia Zinemaldiak Danielle Arbid frantziar-libanoarra sartu du bere lehiaketan, eta Passion simple film luze berriarekin ariko da zuzendari ospetsua Urrezko Maskorra irabazteko lehian. Eduardo Crespo argentinarra (Nosotros nunca moriemos / We Will Never Die) eta Harry Macqueen britainiarra (Supernova) ere egongo dira lehiaketan. Sail Ofizialean musika gai izango duten bi lan ere egongo dira: Julien Temple ibilbide luzeko dokumentalista eta zinemagile ingelesa The Pogues taldeko lider karismatikoarenganako hurbilketa batekin lehiatuko da, Crock of Gold: a Few Rounds with Shane MacGowan lanarekin, hain zuzen; Matt Dillon aktore estatubatuarrak, halaber, Emanaldi Berezien barruan erakutsiko digu zuzendu duen bigarren filma, El gran Fellove, Francisco Fellove musikari kubatarrari buruzko dokumentala.

Danielle Arbid (Beirut, 1970) frantziar-libanoarrak Cannesko Errealizadoreen Hamabostaldian parte hartu zuen Maarek hob / In The Batterfields (2004) eta Un homme perdu / A Lost Man (2007) filmekin, eta hainbat aldiz egon da Locarnoko Zinemaldian, non Urrezko Leopardoa eta Zilarrezko Leopardoa irabazi baititu. Orain, zuzendariak lehen aldiz hartuko du parte Donostia Zinemaldiko lehiaketan, Passion simple lanarekin. Filma Annie Ernaux idazle frantzesaren izen bereko eleberriaren egokitzapena da, eta bertan, Sergei Poluninek antzeztutako diplomatiko errusiar batengatik burua galtzen duen emakume baten rola egiten du Laetitia Dosch aktoreak.

Eduardo Crespok (Crespo, 1983) haur batek eta bere amak haren anaia nagusia hil berri den herrira egindako bidaia kontatzen digu Nosotros nunca moriremos bere hirugarren film luzean. Zinemagile, gidoilari eta argazki-zuzendari argentinarra Tan cerca como pueda (2012) filmaren eta Crespo (La continuidad de la memoria) (2016) dokumentalaren egilea da; bi obra horiek, nazioarteko zinemaldietan estreinatuak, Entre Ríos probintziarekin (egilearen jaioterria) estuki lotuta daude.

Supernovan, Harry Macqueenek (Leicester, 1984) idatzi eta zuzendutako bigarren filmean, Colin Firth eta Stanley Tucci aktoreek bikote baten rola egiten dute. Bati dementzia goiztiarra diagnostikatuko diote, eta elkarrekin denbora igarotzea izango da gauzarik garrantzitsuena bi laguntzentzat. Britainiarraren zuzendutako lehenengo lana Hinterland (2014) filma izan zen, eta aktore gisa ere parte hartu zuen bertan, interpretazioa Macqueenen beste alderdietako bat baita, eta film labur eta film luze ugaritan egin du lan, hala nola Me and Orson Welles (Richard Linklater, 2008) edo Provenance (Ben Hecking, 2017) filmetan.

Crock of Gold: a Few Rounds with Shane MacGowan obrarekin hartuko du parte Julien Templek (Londres, 1952) lehiaketan. Britaniarrak zuzendu du Johnny Deppen ekoizpen hori, zeinaren protagonista punk espirituko The Pogues folk-talde irlandarreko burua baita. Errealizadore ingelesa fikziozko lanen egilea ere bada, hala nola Earth girls are easy (1988) edo Bullet (1996) obrena, baina azken 40 urteetako rockaren kronikari gisa nabarmendu izan da batez ere, Sex Pistols, The Rolling Stones, David Bowie, The Kinks, Joe Strummer (The Clash), Wilko Johnson, Paul Weller eta beste hainbat artistentzat egin dituen dokumental eta musika-bideoei esker. Temple Zinemaldiko Epaimahai Ofizialeko kide ere izan zen 1989an; izan ere, urte horretan Absolute Beginners aurkeztu baitzuen Belodromoko lehen maratoian. Gainera, 2010ean Zinemaldiak The Filth and the Fury (2000) dokumentala proiektatu zuen .doc – Ez fikzioaren bide berriak atzera begirako tematikoan.

Lehiaketatik kanpo, Sail Ofizialak Matt Dillon (New Rochelle, New York, 1964) zuzendariaren bigarren filma El gran Fellove dokumentalaren emanaldi berezia bilduko du. Francisco Fellove (1923-2013) musikari eta abeslari kubatarrari buruzkoa da Dillonen lana. Zuzendari gisa, City of Ghosts (2002) fikziozko film luzea izan zen estatubatuarraren debuta. Alabaina, ezagunagoa da aktore gisa; izan ere, Donostia Saria irabazi zuen 2006an bere antzezpen-ibilbideagatik. Film ugaritako protagonista izan da, eta nabarmentzekoak dira, horri dagokionez, The Outsiders (Francis Ford Coppola, 1983), Drugstore Cowboy (Gus Van Sant, 1989), Crash (Paul Haggis, 2004) edo The House that Jack Built (Lars von Trier, 2018), besteak beste.

Passion simpleri dagokionez, Cannesko Zinemaldiak aurten aurkeztea aurreikusita zuen film-zerrendan zegoen, baina azkenean, aurtengo 73. edizio hori bertan behera utzi behar izan zuten COVID-19aren eraginez. Horrenbestez, aipatutako bost filmak mundu-estreinaldi gisa emango dira Donostian, Sail Ofizialean iragarritako estreinaldiez gain. Ildo horretan, Sail Ofizialean zinemagile entzutetsuak ariko dira lehian, hala nola Pablo Agüero (Akelarre), Sharunas Bartas (In The Dusk), Naomi Kawase (Asa Ga Kuru / True Mothers), Antonio Méndez Esparza (Courtroom 3H), François Ozon (Été 85 / Summer of 85 / Verano del 85) eta Thomas Vinterberg (Druk / Another Round), baita errealizadore berriak ere, adibidez, Dea Kulumbegashvili (Dasatskisi / Beginning) eta Takuma Sato (Nakuko wa ineega / Any Crybabies Around?).

Rifkin’s Festivalek, Woody Allenen komedia berriak, Sail Ofiziala inauguratuko du, lehiaketatik kanpo. Lehiaketa alde batera utzita, halaber, bi telesail berri ere emango dira: Rodrigo Sorogoyenen Antidisturbios lehiaketatik kanpo ikusi ahalko da, eta Aitor Gabilondok sortutako Patria emanaldi berezia izango da.

 

Crock of Gold: A Few Rounds with Shane MacGowan
Julien Temple
Ekoizpeneko herrialdea(k): Erresuma Batua

Musika-taldearen eta MacGowanen familiaren beraren artxiboko irudi argitaragebeak erabilita, Ralph Steadman bezalako ilustratzaileen animazioekin batera, Crock of Gold filma Shane MacGowan –The Pogueseko abeslari eta konpositore nagusia– punk/poeta irlandarraren ospakizuna da. Johnny Deepek ekoitzitako filma.


El Gran Fellove / The Great Fellove
Matt Dillon
Ekoizpeneko herrialdea(k): Mexiko - Kuba - AEB
Emanaldi Bereziak

El Gran Fellove Matt Dillon aktore eta zinemagilearen film dokumentala da, Francisco Fellove abeslari eta showman kubatarraren musika-ibilbidea eta artistaren azken albumaren grabazioa kontatzen dituena. Artxiboko elkarrizketa, argazki eta bideoen bidez, eta baita Matten beraren grabazioen bitartez ere, Felloveren bizitza deskribatu eta gogorarazten da filmean: Kuban izugarri ahalegindu zen musikari gisa, azkenean arrakasta izan zuen Mexikon, eta musikari erakutsi zion maitasuna kutsakorra izan zen amaierara arte.


Nosotros nunca moriremos / We Will Never Die
Eduardo Crespo
Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina
Antzezleak: Romina Escobar, Rodrigo Santana, Jésica Frickel, Giovanni Pelizzari, Brian Alba, Sebastián Santana

Rodrigo eta bere ama Rodrigoren anaia nagusia hil berri den herrira joango dira. Toki lasai hartan, doluaren lehen etapak igaroko dituzte. Rodrigo helduen atsekabera hurbildu eta haurtzaroa atzean utziko du, konturatu gabe. Ama heriotza horren misterioak argitzen saiatuko da. Nosotros nunca moriremos film garbia da, malenkonia ez ezik, umore arina ere baduena, maitasun pixka bat ematen saiatzen diren pertsonaia bakartiz osatua. Denboran etendako istorioa, probintzia-toki galduetan flotatzen duena.


Passion simple
Danielle Arbid
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia - Belgika
Antzezleak: Laetitia Dosch, Sergei Polunin

“Iazko irailetik gizon baten zain egon naiz etengabe: deitu ziezadan nahi nuen, ni ikustera etor zedin... Gizon horrek duen guzti-guztia ezin ederragoa iruditzen zitzaidan: bere begiak, bere ahoa, bere zakila, bere haurtzaroko oroitzapenak, bere ahotsa...”


Supernova
Harry Macqueen
Ekoizpeneko herrialdea(k): Erresuma Batua
Antzezleak: Colin Firth, Stanley Tucci

Sam eta Tuskerrek hogei urte daramate elkarrekin eta beti bezain grinatsu daude elkarrekin maiteminduta. Baina azken bi urteetan, Tuskerri fase goiztiarreko dementzia diagnostikatu ziotenetik, bikotearen bizitza aldatu egin da. Udazkena heltzean, errepideko bidaia bat egiteko plana egingo dute, Tuskerrek oraindik bidaiatzeko aukera duen bitartean, euren lagun eta senideekin berriz konektatzeko eta iraganeko lekuak bisitatzeko. Bidaiak aurrera egin ahala, etorkizunari buruz ideia desberdinak dituztela konturatuko dira. Sekretuak jakingo dituzte, plan pribatuak agerian geratuko dira eta inoiz ez bezala probatuko da elkarri dioten maitasuna.

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea