Omar musikari gaztea da, etorkizun handikoa. Bere siriar familiarengandik bananduta bizi da, Eskoziako uharte urrun batean harrapatuta, asilo-eskaeraren zain. Besoan daraman eskaiola dela eta, ezin du bere lauda ukitu eta paisaia epikoetan ibiltzen da, iragan konplexu bati eta etorkizun etsigarri bati erantzun nahian. Agian harrapatuta dago, baina ez dago bakarrik. Omar eta bere pisukide berriak erabat gaizki ulertutako "kontzientzia kulturaleko" eskoletara joango dira, Friends telesailaren maratoi bat egingo dute, Ross eta Rachel eten batean ote dauden eztabaidatuko dute eta Farhad, Freddie Mercuryrekin obsesionatuta, tokiko mikrofono irekiaren gauean parte hartzera konbentzitzen saiatuko da Omar. Zuzendariaren bigarren film luzea.
Ben Sharrockek zinema-zuzendaritza ikasi zuen Screen Academy Scotland ikastetxean, eta bere lehen film laburra, Closure, 2011n zuzendu zuen; ondoren, Lost Serenity (2012), The Zealot (2012) –zuzendariaren graduazio-filma, Watersprite International Student Film Awardsetan Gidoi Onenaren sarirako izendatu zutena–, eta Patata Tortilla (2015) –BAFTA New Talent Awards sarietan Drama Onenaren eta Gidoi Onenaren sariak lortu zituena– zuzendu zituen. Sharrocken lehen film luzea, Pikadero (2015), Donostia Zinemaldiko New Directors sailean estreinatu zen, eta Edinburgoko zinema-jaialdian Britainiar Film Onenaren Michael Powell saria, Kieveko zinema-jaialdian Film Onenaren eta FIPRESCI saria eta Bruselako Cineuropa saria jaso zituen, besteak beste. Cannes 2020ren hautaketa ofizialean dago Limbo, nahiz era covid-19aren eraginez ez den egin edizio hori.