Rifkin's Festival filmak Donostia Zinemaldira doan bikote ezkondu estatubatuar baten istorioa kontatzen du. Senar-emazteak liluratuta geratuko dira zinema-jaialdiarekin eta Espainiaren edertasun eta xarmarekin, baita zinemaren munduaren fantasiarekin ere. Emazteak affaire bat izango du zinema-zuzendari frantziar nabarmen batekin eta senarra hirian bizi den emakume polit batekin maiteminduko da. Amaiera dibertigarriko komedia erromantiko bat.
Berrogeita bost filmez baino gehiagoz osatuta dago Woody Allenen (New York, 1935) ibilbidea gidoilari, zuzendari eta aktore gisa. Allenen lehen gidoia What's New Pussycat? (1965) izan zen eta Take the Money and Run, (1969) izan zen zuzendu zuen lehena. Hamasei aldiz proposatu dute Allen Gidoi Onenaren Oscar Sarirako, eta hirutan irabazi du sari hori −Annie Hall (1977), Hannah and Her Sisters (1986) eta Midnight in Paris (2011)−. Halaber, zazpi aldiz izendatu dute Zuzendari Onenaren Oscar Sarietarako −Annie Hall-ek irabazi zuen sari hori, baita Film Onenaren eta Emakumezko Aktore Onenaren Saria ere, Gizonezko Aktore Onenaren Sarirako izendatu duten Allenen film bakarra izateaz gain−. Donostia Zinemaldiak Donostia Saria eman zion 2004an; izan ere, edizio hori Melinda and Melinda filmarekin inauguratu zen, eta Allenen lanaren atzerabegirako bat ere egin zen. Rifkin's Festival 2019ko udan filmatu zuten Donostian.