Izen bereko liburuan oinarrituta, El olvido que seremos filma bihotz oneko gizon bati buruzkoa da; Héctor Abad Gómez mediku eta giza eskubideen aldeko aktibista ezaguna izan zen 70eko hamarkadako Medellín polarizatu eta bortitzean. Istorioak mediku horren bizitza kontatzen du, seme-alabez ez ezik, klase behartsuenetako umeez ere kezkatzen zen aita baten bizitza, hain zuzen. Eszenatokia: etxea, tolerantzian eta maitasunean funtsaturiko hezkuntza batek berezko dituen bizitasunez eta sormenez beteriko tokia. Erabat ezustean, gizonaren alaba maiteetako bat minbizi izugarri batek jota hilko da. Izaki ezin bereziago bat galdu izanak eragindako tristurak eta amorruak bultzatuta, Héctorrek begiak irekiko ditu, eta ikusiko du gizartea, ez entzuteaz eta zeharo intolerantea izateaz gain, bere atzetik joango dela, isilarazteko. Kontakizun intimoa, protagonistarengizonezko seme bakarraren –Héctor Abad Faciolinceren– begietatik ikusia. Gaur egungo Kolonbiak duen idazlerik nabarmenetakoa da Abad.
Fernando Truebak (Madril, 1955) 1980an debutatu zuen Venezian eta Chicagon saritutako Ópera prima lanarekin. 1993an Atzerriko Hizkuntzako Film Onenaren Oscarra eskuratu zuen Belle Époque (1993) filmarekin, bederatzi Goyaz gain. Donostia Zinemaldian hauek aurkeztu ditu: Mientras el cuerpo aguante (Sail Ofiziala, 1982); El milagro de Candeal (Belodromoa, 2004); El baile de la victoria (Sail Ofiziala, lehiaketaz kanpo, 2009); eta El artista y la modelo (Sail Ofiziala, 2012), Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra. Nabarmenak dira bere filmografian, halaber, El sueño del mono loco (1989), La niña de tus ojos (1998), Calle 54 (2000) eta Chico y Rita (2012), Javier Mariscalekin batera zuzendua eta Animaziozko Film Onenaren Oscarrerako hautagai. El olvido que seremos Cannes 2020ko Hautaketa Ofizialaren parte da.