Teoria baten arabera, gure odolean alkohol kantitate txiki batekin jaio beharko genuke, mozkor puntu batekin, gure burua inguratzen gaituen mundura zabaldu, gure arazoak arindu eta sormena areagotzen delako. Teoria horrek bultzatuta, Martin eta bere hiru lagun –bigarren hezkuntzako irakasle dira hirurak, eta nazkatuta daude– esperimentu batean murgilduko dira; lanaldian, beti intoxikazio etiliko maila berari eutsiko diote. Churchillek alkoholaren eraginpean irabazi bazuen Bigarren Mundu Gerra, nork daki zer egin dezaketen trago gutxi batzuek beraien eta ikasleen alde?
Thomas Vinterberg (Frederiksberg, Danimarka. 1969) Dogma 95 mugimenduaren sortzaileetako bat izan zen, Lars von Trierrekin batera; izan ere, Vinterbergek zuzendu duen mugimendu horretako lehen lana, Festen (1998), Cannesko zinema-jaialdiko Epaimahaiaren Saria. Jagtenekin (2012) Cannesen izan zen berriz, eta Gizonezko Aktore Onenaren saria Mads Mikkelsen protagonistari eman zitzaion. Filma Atzerriko Hizkuntzako Film Onenaren Oscar sarirako ere izendatu zuten. 2016an Berlingo zinema-jaialdian parte hartu zuen Kollektivet lanarekin, eta Trine Dyrholm aktore nagusiak Emakumezko Aktore Onenaren Zilarrezko Hartza eskuratu zuen. It's All About Love (2003), Submarino (2010), Far From the Madding Crowd (2015) eta Kursk (2018) dira egilearen filmografiako beste lan batzuk. Druk Cannesko 2020ko zinema-jaialdian (COVID-19aren eraginez bertan behera utzia) hautaketa ofizialean dago.