Genero literario baten izenburua hartuta, fikzioaren eta izatearen zehaztugabetasuna aztertzen du filmak. Film noir generoko elementuak espresiorik gabeko keinuak besterik ez dira Kaliforniako eguzkiaren argi distiratsuaren azpian. Zeelanda Berrian egindako landa-grabazioak entzuten dira, emakumeek euren artean amatasunari, abortuari, hausturei eta antsietateari buruz hitz egiten duten bitartean. Kale batean, eskubide zibilen aldeko desfile bat poliki-poliki mugitzen ari da. Gorpuak nekatuta, zaurituta edo geldirik agertzen dira, eta Irma Thomasen eta Goldbergen abestiek denboraren igarotzea eta zalantzazko etorkizuna ekartzen dute gogora.
Laida Lertxundi (Bilbo, 1981) Los Angeles eta Euskadi artean bizi eta lan egiten duen zinemagile eta artista da. Whitneyko 2012ko Bienalean eta Locarno, Toronto, Rotterdam, New York eta Gijóngo zinema-jaialdietan eman izan dira bere filmak, baita New Yorkeko MoMa, Tate Modern eta Londresko Whitechapel Gallery erakustokietan ere, besteak beste. Toki ugaritan egin ditu erakusketak, esaterako, hauetan: Matadero Madrid, LUX (Londres), Tramway (Glasgow), FuturDome (Milan), fluent (Santander) eta Tabakalera (Donostia). Bere obra Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionalaren bildumaren parte da. 2019an Zabaltegi-Tabakalerako epaimahaiburu izan zen Donostia Zinemaldian. Elías Querejeta Zine Eskolako sorkuntza-graduondokoaren arduraduna izan zen.