tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 68. Edizioa 2020  > Zinemaldiaren Egunkaria > Belodromotik ikasgeletara telematikoki
Zinemaldiaren Egunkaria » Belodromoa Ikastetxean
Belodromotik ikasgeletara telematikoki
Ostirala, 2020(e)ko irailak 18

Bigarren urtez jarraian, Donostia International Physics Center (DIPC) erakundeak eta Euskadiko Filmategiak, Donostia Zinemaldiarekiko lankidetzari esker, ikastetxeetarako film bat programatu dute, Belodromoa Ikastetxeetan ekimenaren bitartez. Oraingo honetan, Harrapatu bandera da hautaturiko filma, eta sei eta hamaika urte bitarteko Gipuzkoako ehunka ikaslek gozatu ahalko dute euren ikastetxeetan, euskarara bikoiztuta.

Covid-19aren pandemiak belodromoa zinema-areto erraldoi gisa erabiltzea galarazi du, eta horregatik, aurten, salbuespen gisa, ikasleentzako emanaldiak ikasgeletara eramango dituzte. Hala ere, orain Belodromoa Ikastetxeetan deritzon jarduerak bere mamiari eutsiko dio eta zinemaren eta zientziaren magia uztartuko ditu berriro, NASArako eta Stanford Unibertsitaterako lan egiten duen Eneko Axpe fisikari euskaldunak bideoz grabatutako aurkezpena izango baitu.

Hain zuzen ere, Enrique Gatok zuzendutako Harrapatu bandera animaziozko film luzeak hamabi urteko mutiko bat du protagonista, Mike, astronauten semea eta biloba, zeinak beti amestu izan duen “harrapatu bandera” jokoan irabaztea. Bere familia adiskidetzeko, historiako banderarik esanguratsuena harrapatu beharko du: astronautek Apollo 11 misioan Ilargian ipini zutena.

Zientziaren irudi positiboa transmititzeko, Eneko Axpek filma aurkeztuko du, NASAn izandako esperientziaz hitz egingo du eta, ondoren, ikasleen galderei erantzungo die geroagoko hitzordu batean. Gainera, saioaren argazki bat edo landutako gaiarekin lotutako marrazkiak eta esku-lanak partekatzera animatuko dira ikasleak.

Donostia International Physics Center fisika eta antzeko diziplinak ikertzeko nazioarteko zentroa da, eta, gainera, ezagutza zientifikoa gizartearekin partekatzeko ardura hartzen du bere gain. 2019an, 27 ikastetxetako 13.000 ikasle inguru bildu zituen Belodromoko saioetan. Gainera, 2018az geroztik eta urteko lehen hiruhilekoan, Euskadiko Filmategiak, DIPCk eta Zinemaldiak zinema eta zientziazko ziklo bat antolatzen dute Tabakaleran, helduei eta Batxilergoko ikasleei zuzendua. Ziklo horren programan, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea helburu duten filmak, eztabaidak eta dibulgaziozko hitzaldiak bildu ohi dira, gaur egun nazioarteko 4.000 zientzialarik baino gehiagok lan egiten duten hiri batean; izan ere, zifra horren arabera, Europan biztanle bakoitzeko zientzialari gehien dituen hirietako bat da Donostia. Horrek agerian uzten du zinemako hiria izateaz gain, Donostia zientziako hiria ere badela.

Euskaldun bat NASAn

Eneko Axpe (Barakaldo, 1986) NASAn lan egiten duen lehen fisikari euskalduna da, eta Stanford Unibertsitatean (Kalifornia) ere egiten du lan, zehazki, biomaterialen esparruan. Aeronautika eta Espazioaren Agentzia Nazionalean (NASA), Axpek ikertzen du nola aldatuko liratekeen astronauten hezurrak grabitaterik gabe, Martitzerako epe luzerako espazio-bidaia baten testuinguruan. Zientzian lan egiteaz gain, artista ere bada Axpe: film laburren zuzendaritza ikasi du eta konpositorea ere bada, bereziki hip hopekoa eta musika elektronikokoa.


SERGIO BASURKO

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea