tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Berriak > Zinemaldia + Plus fokuak 'Le redoutable' eta ‘Les sorcières de l'Orient' filmak emango ditu
Zinemaldia + Plus fokuak 'Le redoutable' eta ‘Les sorcières de l'Orient' filmak emango ditu
Vincent Maravalek eta Vanja Kaludjercicek aukeratutako filmak hilaren 14an eta ekainaren 11n emango dituzte, hurrenez hurren, Tabakaleraren pantaila partekatuan
Asteazkena, 2021(e)ko maiatzak 12

Donostia Zinemaldiak beste bi emanaldi antolatu ditu Zinemaldia + Plus fokuaren barruan, Michel Hazanavicius zuzendariaren Le redoutable (Redoubtable, 2017) eta Julien Faraut zinemagilearen Les sorcières de l’Orient (2021). Lehendabiziko lana Vincent Maraval-ek –Wild Bunch konpainiako ekoizle eta banatzaileak– aukeratua da, eta bigarrena, berriz, Vanja Kaludjercic Rotterdameko Zinema Jaialdiko zuzendari artistikoak. Biek ala biek erabateko askatasuna izan dute Tabakalerako pantaila partekatuan emango dituzten filmak programatzeko.

Zinemaldia + Plus fokua hilean behin antolatzen da, eta orain artean parte hartu duten egitasmoen artean nabarmentzekoak dira Ikusmira Berriak, Nest edo Zinemaldian bertan izan diren egileen aurreko lanak (Lehen Urratsak). Maiatz eta ekainerako, berriz, zinemagintzako bi pertsona ospetsu gonbidatu dira, eta film bana programatzeko askatasuna eman zaie.

Hilaren 14an (ostirala) Vincent Maraval izango da Donostian, eta Michel Hazanavicius (The Artist, 2011, Perlak) zinemagilearen Le redoutable film luzea aurkeztuko du. Pelikula horretan, Louis Garrel antzezleak Jean-Luc Godard zuzendariarena egiten du, eta Stacy Martin aktoreak, berriz, Godarden emazte Anne Wiazemskyren rola antzezten du. Film hori Canneseko zinema jaialdian lehiatu zen 2017an, eta, Bérénice Bejo aktorearekin batera, Godardek 1960ko hamarkadaren amaieran La Chinoise filma estreinatu ondoren izan zuen krisia kontatzen du.

Bestalde, Vanja Kaludjercicek telematikoki parte hartuko du ekainaren 11ko saioan, eta Julien Faraut zuzendariaren Les sorcières de l’Orient filma aurkeztuko du. Faraut Rotterdameko zinema jaialdian lehiatu zen film horrekin. Kaludjercicek aukeratutako dokumental horretan, 1964ko Olinpiar Jokoetan Urrezko Domina irabazi zuen japoniar emakumezkoen boleibol-taldea aurkezten da. Filmak kirolari ohien testigantzak biltzen ditu (gaur egun 70 urteko emakumeak), eta artxiboko irudiak nahasten ditu anime erako pasarteekin.

Zinemaldia 365 (Z365)

2020az geroztik, Donostia Zinemaldiak apustu sendoa egiten du iraileko lehiaketaren bederatzi egunetatik harago joateko eta urte osoko jaialdi gisa taxutzeko. Zinemaldia 365 (Z365) izenarekin, hainbat jarduera biltzen dira, hala nola Ikusmira Berriak egonaldi-programa, Elías Querejeta Zine Eskolan (EQZE) parte hartzea, Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektua eta Tabakalerako pantaila partekatuko programazioa.

Ildo horretan, Zinemaldiak bat egin du Tabakalerako zinema-aretoan programatzen duten hiriko beste erakunde batzuekin ere, eta, hilean behin, Zinemaldia + Plus fokuaren protagonista izaten da. Gune horrek iraileko jaialdiaren diseinuan sartzen zailak diren obrak programatzeko aukera ematen du, eta, horretaz gainera, formatu, gai eta proposamen ezberdinetan ipintzen du arreta.

Hori horrela, Zinemaldia + Pluseko saioek urte osoko jaialdi bihurtzearen ikuspegi orokorra eskaintzen dute. Urrian martxan ipini zenetik, fokuak Zinemaldia 70 artxibo publikoko proiektuaren baitako film luze bat erakutsi du, baita emakumezko zinemagileek zuzendutako beste hainbat film labur ere –ondoren Zinemaldiko zenbait sailetan parte hartu eta are irabazle suertatu direnak–. Orobat, Nest ekimeneko parte-hartzaileen film laburrak eta Ikusmira Berriak egonaldi-programakoak ere eman dira.

Maravalek eta Kaludjercicek aukeratutako filmek ederki erakusten dute Donostia Zinemaldia industria-erakundeekin eta beste zinema-jaialdi batzuekin lankidetzan aritzen dela.

 

PROGRAMA - Ostirala (maiatzak 14) 19:00etan. - Zinea (Tabakalera)
Le Redoutable / Redoubtable
Michel Hazanavicius  (Frantzia)

Paris, 1967. Film berri bat filmatzen ari dela, Jean-Luc Godard zuzendari frantziarra Anne Wiazemsky aktorearekin maiteminduko da, zeina zinemagilea bera baino 20 urte gazteagoa baita. Handik urtebetera, Wiazemskyrekin ezkondu eta itxuraz egonkortasuna lortu ondoren, Godard krisi existentzial batean murgilduko da, filmak izaniko harrera negatiboaren eta Parisen gertatzen ari diren gatazka sozialen ondorioz.


PROGRAMA - Ostirala (ekainak 11) 19:00etan. - Zinea (Tabakalera)
Les sorcières de l'Orient / The Witches of the Orient
Julien Faraut  (Frantzia)

Japoniako emakumezkoen boleibol-selekzioko jokalari ohiak ezagutzeko bidaia. Gaur egun 70 urte dituzten emakume hauek, garai hartan Ekialdeko sorginak izenarekin ziren ezagunak, ustez kantxara irtetean naturaz gaindiko botereak zituztelakoan. Ehungintza-fabrika bateko hainbat langilek sortu zuten boleibol-taldea 1950eko hamarkadaren amaieran, eta hortik Tokioko 1964ko Olinpiar Jokoetan garaipena lortu arte guztian, oroitzapenak eta garai bateko benetako magia izango ditugu nahas-mahas koktel zoragarri batean, errealitatea eta alegia batera hegan direla.


© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea