Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Berriak > Donostia Zinemaldiak eta (H)emenek, ikus-entzunezkoen sektoreko eta arte eszenikoetako emakume profesionalen elkarteak, lan-jardunaldi bat antolatuko dute
Donostia Zinemaldiak eta (H)emenek, ikus-entzunezkoen sektoreko eta arte eszenikoetako emakume profesionalen elkarteak, lan-jardunaldi bat antolatuko dute
Zinema-eragileen eta eragile sozialen arteko hausnarketarako eta eztabaidarako guneak profesionalak industrian sartzeari eta zinema-jaialdien kode etikoei buruzko ideiak eta proposamenak eztabaidatzeko eta akordioak lortzen saiatzeko helburua du.
Astelehena, 2021(e)ko abuztuak 23

Donostiako Zinemaldiak eta (H)emen ikus-entzunezkoen sektoreko eta arte eszenikoen sektoreko emakume profesionalen elkarteak lan-jardunaldi bat antolatuko dute Zinemaldiaren 69. edizioan. Helburua genero-berdintasunarekin zerikusia duten gaiei buruz hausnartzea, eztabaidatzea eta akordioak lortzen saiatzea izango da. Eztabaidak elkarrekin lotutako hainbat alderdi hartuko ditu barne, hala nola hauek: profesionalak zinema-industrian –bereziki, zinema-jaialdietan, bai zinema-sailetan, bai eztabaida-foroetan– sartzea; jaialdien kode etikoak, bereziki emakumeen aurkako delituen aurrean; eta sexu- eta genero-nortasun desberdinak aitortzea eta berdintasuna erdiestea.

Pentsamendua eta eztabaida sailaren bidez, Zinemaldiak genero-gaiei buruzko hausnarketa kritikoa egiten du etengabe. Esparru horretan, jada iragarrita zeukan antzezpen-sarietan genero-bereizketa kentzearen inguruko topaketa bat.

Johnny Deppi Donostia Saria ematearen inguruko eztabaida dela-eta, Zinemaldiak eta (H)emenek eztabaida zabaldu eta sakondu nahi dute, golardoarekin jarrera kritikoa duten kolektiboen, Espainiako zinema-jaialdietako arduradunen, gizarte-eragileen eta zinema-industriako eragileekin hala nola Ikus-entzunezkoen 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko 2025erako Lantaldearekin (GTI Grupo de Trabajo Interterritorial de Igualdad en el Audiovisual 50/50 para 2025), zeinak estatuko elkarte nagusiak bilduko baititu, hala nola; AAMMA (Asociación Andaluza de Mujeres de los Medios Audiovisuales), AMMA (Asociación de Mujeres de Medios Audiovisuales de Murcia), DONA I CINEMA (Associació de dones del País Valencià), DONES VISUALS (Associació Promotora de Dones Cineastes i de Mitjans Audiovisuals de Catalunya), MIA (Asociación de Mujeres de la Industria de la Animación) y (H)emenek, (H)emen ikus-entzunezkoen sektoreko eta arte eszenikoen sektoreko emakume profesionalen elkarteak.

(H)emenek eta Zinemaldiak elkarrekin landuko dute eztabaida eragin duten gaien zerrenda. Elkarrizketaren helburua, eztabaidarako gune erreal, ireki eta errespetuzko bat eratzeaz gain, arazo horiei buruzko akordio eta konpromiso publiko eta adostuak lortzeko aukera sortzea ere bada.

"Emakumeok gaur egungo krisien ondoriorik gogorrenak bizi ditugu, Simone de Beauvoirrek ohartarazi zigun bezala. Une kritikoa da guretzat, eta (H)emen elkartekook uste dugu beharrezkoa dela eztabaidatzea eta hausnartzea. Eskerrak eman nahi dizkizuegu mundua ikusteko dugun modua eta Zinemaldiak hartu dituen azken erabakiei buruzko gogoetak partekatzeko aukera emateagatik. Alabaina, hartu beharreko erabakien parte izan nahi dugu batez ere. Uste osoa dugu pentsamendu eta eztabaida feministak etorkizun eta adostasun-leku berriak ekar ditzaketela, Zinemaldi berdinzaleagoa eta askotarikoagoa sortzeko. Zinemako emakumeentzako leku segurua, gizartea hobeto ordezkatuko duen lekua", adierazi du Lara Izagirre (H)emen elkarteko presidenteak.

"Benetako desberdintasun-testuinguru horretan funtsatuta, gure ikus-entzunezkoa eraldatzeko hainbat neurritan konpromisoak hartzeko aukera izatea izango da lan-jardunaldi honen gauzarik interesgarriena", adierazi dute GTI Ikus-entzunezkoen 50/50 Berdintasunerako Lurralde arteko Lantaldekoek.

"Pertsonen eta kolektiboen arteko banaketa gertatzen ari da, baina, nire ustez, jomuga komunak ditugu denok. Jardunaldi honen helburua da denboraz eta patxadaz eztabaidatzea, konpromisoak hartzen saiatzea eta ondorioak neurtzeko egutegi bat finkatzea", adierazi du José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak.

Lan-jardunaldi hori Pentsamendua eta eztabaida ekimeneko jardueren parte izango da. Iaz sortu zuen Zinemaldiak Pentsamendua eta eztabaida jakintzaren topagune gisa, sorkuntza eta transmisiorako gune izan zedin. Zinemaldiko sailekin hitz eginez, arlo transbertsal honen ardatza gai, formatu eta pertsona garrantzitsuak identifikatzea da, eztabaidaren buru izateko eta erantzun berritzaileak gara daitezen kultura zinematografiko garaikideak eta jaialdien nazioarteko zirkuituak dituzten erronka eta kezka nagusien inguruan.

Jardunaldi horrez gain, berdintasun eraginkorraren aldeko lan-mahai iraunkor bat sortuko da Zinemaldiarekin batera. Hiru hilean behin bilerak egingo dira lehen hausnarketa-jardunaldi honetako gaiak aztertzeko eta mailaz maila eta elkarrekin aurrera egiteko.

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones