Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Berriak > Belodromoa ikastetxeetan ekimena arkeologian murgilduko da DIPCren, Euskadiko Filmategiaren eta Donostia Zinemaldiaren eskutik
Belodromoa ikastetxeetan ekimena arkeologian murgilduko da DIPCren, Euskadiko Filmategiaren eta Donostia Zinemaldiaren eskutik
Gipuzkoako milaka ikaslek 'Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua (Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas)' filma ikusiko dute, Maria Intxaustegi itsaspeko arkeologoak egingo duen aurkezpen batez gain
Asteazkena, 2021(e)ko abuztuak 25

Hirugarren urtez jarraian, Donostia International Physics Centerrek (DIPC) eta Euskadiko Filmategiak ikastetxeetarako film bat programatu dute Donostia Zinemaldiaren lankidetzari esker, Belodromoa ikastetxeetan ekimenaren bidez. Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua (Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas) da oraingoan aukeratu den pelikula, eta 6-11 urteko milaka ikasle gipuzkoarrek gozatu ahal izango dute ikasgelan, okasiorako espresuki euskarara bikoiztuta.

Covid-19aren pandemiak bigarren aldiz eragotzi du belodromoa zinema-areto erraldoi gisa erabiltzea, baina iaz bezala, aurten ere ikasleentzako emanaldiak ikasgeletara eramango dituzte, eta, bertan, zientzia zinemaren bidez hurbiltzeko helburuari eutsiko diote. Horretarako, Maria Intxaustegi itsaspeko arkeologoaren bideoz grabatutako aurkezpen bat izango da iaz Belodromoa ikastetxeetan izena jarri zitzaion jardueran. Bertan, filma sartu eta mundu osoan zehar murgildutako ondarea ikertzen izandako esperientziaz hitz egingo du. Halaber, filma ikusi ondoren, haurrei sortzen zaizkien galderei gerora erantzuteko prest egongo da Maria; izan ere, ikasleei galderak bideoz bidaltzea proposatuko zaie, baita saioko argazkiak, marrazkiak edo landutako gaiarekin lotutako eskulanak partekatzea ere.

Arkeologia, hain zuzen ere, Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua (Tadeo Jones 2: El secreto del rey Midas) animazio-film luzearen haria da; Enrique Gato eta David Alonsok zuzendua, filmaren protagonista Tadeo Jonesek Las Vegasera bidaiatuko du Sara Lavroff arkeologo ospetsuaren azken aurkikuntzaren aurkezpenera joateko: Midas errege mitikoaren lepokoa existitzen dela frogatzen duen papiro bat, hain zuzen.

Donostia International Physics Center fisika eta antzeko diziplinak ikertzeko nazioarteko zentroa da, eta, gainera, ezagutza zientifikoa gizartearekin partekatzeko ardura hartzen du bere gain. 2019az geroztik, Euskadiko Filmategiarekin batera, Zinemaldian parte hartzen du, eta Belodromoan ikasleentzat egin izan diren emanaldiak antolatzen ditu. Bi ediziotan, 50 ikastetxetatik gorako 23.000 ikaslek ikusi dituzten Belodromoko filmak. Halaber, 2018tik, eta urteko lehen hiruhilekoan, Euskadiko Filmategiak, DIPCk eta Zinemaldiak zinema- eta zientzia-ziklo bat antolatzen dute, Tabakaleran, helduentzat eta batxilergoko ikasleentzat. Bertan, dibulgazioko filmak, eztabaidak eta mintzaldiak programatzen dira, kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea helburu duten filmak, eztabaidak eta dibulgaziozko hitzaldiak bildu ohi dira, gaur egun nazioarteko 5.000 zientzialarik baino gehiagok lan egiten duten hiri batean; izan ere, zifra horren arabera, Europan biztanle bakoitzeko zientzialari gehien dituen hirietako bat da Donostia. Horrek agerian uzten du zinemako hiria izateaz gain, Donostia zientziako hiria ere badela.


ITSASPEKO ONDAREA IKERTZEN

Maria Intxaustegi (Donostia, 1989) itsaspeko arkeologoa, itsas historialaria, kapitaina, urpekari profesionala eta espedizio-gidaria da. Jakin-minez beteta eta itsasoaz erabat maiteminduta, itsaspeko arkeologian aritzeko urpekari profesional bihurtu zen, eta mundu osoan zehar ibili da itsaspeko ondarea ikertzen. 2015ean, Premio Iberoamericano Cortes de Cádiz saria irabazi zuen Texas A&M Universityn zegoen bitartean, historia-ikasketak ordaintzeko, profesionalki nabigatzen hasi zen eta, azkenean, kapitain-titulua lortu zuen. Harrez geroztik hona, belaontzi handietan lan egin du, batez ere Itsaso Australean, Aro Modernoko espedizioak eta hondoratutako itsasontziak ikertzen. Gaur egun, espedizio-gidari gisa egiten du lan Antartikan eta hainbat uharte eta urrutiko tokietan, bidaiariei fauna basatia, glaziarrak eta itsasoak zeharkatu zituzten lehen nabigatzaileen historia erakutsiz. Itsaspeko ikerketak ere egiten ditu Ondaresub erakundearekin, eta XVIII. mendeko Habanako ontziolei buruzko doktoretza bat burutzen ari da.

 

Tadeo Jones 2: Midas erregearen sekretua / Tad, the Lost Explorer, and the Secret of King Midas
Enrique Gato (Espainia), David Alonso (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Tadeo Jonesek Las Vegasera bidaiatuko du Sara Lavroff arkeologo ospetsuaren azken aurkikuntzaren aurkezpenera joateko: ukitzen zuen guztia urrezko bihurtzen zuen Midas errege mitikoaren lepokoa existitzen dela frogatzen duen papiro bat.

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones