Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Berriak > EITBk Zinemaldiarekin duen aliantza berritu du
EITBk Zinemaldiarekin duen aliantza berritu du
José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak lankidetza hitzarmena sinatu dute

‘Irabazi Arte’ telesaila aurkeztuko du EITBk, irailaren 22an, Victoria Eugenia antzokian izango den EITB Galan

EITBk jarraipen zabala egingo dio Zinemaldiari hedabide eta leiho guztietan

Zinemaldian izango diren 11 filmetan EITBk parte hartu du
Astelehena, 2021(e)ko irailak 13

EITBk eta Donostia Zinemaldiak hitzarmena sinatuz elkarren artean duten aliantza  berritu dute gaur Victoria Eugenia Antzokiko Txina Aretoan izan den ekitaldian. Jose Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiko zuzendariak eta Andoni Aldekoak EITBko zuzendari nagusiak izenpetu dute ituna. Aurten ere EITBk, Zinemaldia babesteaz gain, presentzia garrantzitsua  izango du  bertan eta taldearen hedabide eta leiho guztietan jarraipen handia egingo zaio.

Irailaren 17tik 25era bitartean izango den Donostia Zinemaldiari buruz berri emateko ahalegin berezia egingo dute ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Gaztean eta eitb.eus-en. Halaber, honako ekitaldiak eskainiko dira zuzenean ETBn eta eitb.eus-en: inaugurazio gala (irailaren 17an, 21:00etan ETB1en); Euskal Zinemaren Gala (hilaren 21ean, 22:30ean ETB4n); Johnny Deppen Donostia Sariaren emanaldia (irailaren 22an, 22:00etan, ETB4n) eta klausura gala (25ean, 20:30ean, ETB1en).

ETBko albistegiek egunero eskainiko diote arreta Zinemaldiari: zuzenekoak, erreportajeak, elkarrizketak eta aurkeztuko diren filmen kronikak eskainiko dituzte. Kazetari eta teknikari lantalde zabalak Donostiatik bertatik berri emango dute bederatzi egunetan. ¡Nos Echamos a la calle! (ETB2)  eta Biba Zuek! (ETB1) saioek ere Zinemaldiari erreparatuko diote.

eitb.eus-ek gune berezia eskainiko dio eta streaming-ez emango ditu ekitaldi berezienak. Gainera, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ardatz nagusi izango dute Zinemaldia programazioan, eta elkarrizketak, erreportajeak, pelikulen analisiak, eta ekitaldi guztien kronikak bilduko dituzte albistegi eta eguneroko saioetan.


‘Irabazi arte’ telesailaren estreinaldia, EITB Galan

2021eko EITB Galan, irailaren 22an, Irabazi arte telesail berriaren lehen atala aurkeztuko da. Javier García de Vicuñak zuzendu du Pausokaren ekoizpena. Ama galdu eta Bartzelonatik Euskadiko bere jaioterrira bizitzera etorriko den futbolari neska nerabe baten istorioa du oinarri. Euskarazko fizkioa da, gaztetxoentzat, eta nesken futbol talde baten bizipenak ekarriko dizkigu. Emakumeak kirolean, elkartasuna eta adiskidetasuna bezalako baloreak jorratuko ditu.

EITB, talde publiko eta baloreak sustatu eta aldatzeko eragile gisa, gizarte berdinago bat lortzeko ahaleginaren aldeko apustua egin du, eta Irabazi arte telesailaren lehen atala aurkeztuko du EITB Galan. Ikasturte honetan estreinatuko da lana Taldearen medioetan.


EITBk babestutako produkzioak Zinemaldian

EITB ikus-entzunezko taldeak euskal zinemaren aldeko konpromiso estua erakutsi nahi izan du, beste behin. Hala, sektorearekin etengabe egindako lanari eta aliantzari esker, Zinemaldian aurkeztuko diren hamaika produkziotan parte hartu du EITBK, Zinemaldiko sail nagusietan aurkeztuko direnak; tartean, Sail Ofizialean lehiatuko den Maixabel filma, Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehian ere egongo den pelikula. Halaber, Zinemira Kimuak atalean izango diren 8 film laburrek ere EITBren partaidetza izango dute, Euskal Irrati Telebistak zinemagile berriekin duen konpromisoari eutsiz.

Euskal zinemari berariaz eskainitako saila da Zinemira, eta Donostia Zinemaldiak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak antolatzen dute, besteak beste, EITBren babesarekin.

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones