Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Berriak > Donostia Zinemaldiaren Publikoaren Saria babestuko du Udalak
Donostia Zinemaldiaren Publikoaren Saria babestuko du Udalak
Aurten ere, doako sarrerak banatuko dira behar ekonomiko handienak dituzten kolektiboetako pertsonen artean
Asteartea, 2021(e)ko irailak 14

Donostiako Udalak seigarren urtez jarraian babestuko du Zinemaldiaren Donostia Hiria Publikoaren Saria. Udalak herritarrei egindako omenaldia ere bada ekimena, haiek baitira bozketa bidez saria ematen dutenak. Golardoa Donostia 2016ren testuinguruan sortu zen eta Europako Kultura Hiriburuaren legatu gisa dirau.

Perlak sailak 17 film luze erakutsiko ditu aurten, eta horietako 14 Donostia Hiria Publikoaren Saria jasotzeko lehiatuko dira. Hautaketan dauden titulu guztiek nazioarteko beste zinema-jaialdi batzuetan kritikaren txaloak edo sariak jaso dituzte. Victoria Eugenia antzokian proiektatuko dira eta filmaren lehenengo emanaldira bertaratutako ikusleek aukeratuko dute irabazlea. Saria Zinemaldiaren amaiera-galan emango da.

Donostia Hiria Publikoaren Sariak bi sari hartzen ditu barnean: film onenaren saria, 50.000 euroz hornitua, eta Europako film onenaren saria, 20.000 eurokoa. Sariaren bitartez, betiko hiriarekin lotuta geratuko dira bi filmak.

Iaz, Florian Zellerren The Father lanak irabazi zuen film onenaren Donostia Hiria Publikoaren Saria, eta ondoren aktore nagusi onenaren Oscar saria (Anthony Hopkins) eta gidoi onenaren Oscar saria irabazi zituen, baita Europako film onenaren Goya saria ere. Halaber, Maite Alberdiren El agente topo / The Mole Agent Europako film onenaren irabazlea izan zen Donostian eta film luze dokumental onenaren Oscar saria lortzeko lehian parte hartu zuen.

Halaber, aurten berrituko da Perlak saileko film-aurkezpenetako irudia. Hainbat edizioz Izibene Oñederraren lana ikusi ahal izan da Victoria Eugenia antzokiko pantailan eta edizio honetatik aurrera, Bego Vicario euskal artista eta zinemagilearen kartela egongo da ikusgai. Enkargu hauek Zinemaldiaren filosofiaren barruan kokatzen dira, hau da, hainbat diziplinatako euskal artea Zinemaldian egotea. Isabel Herguerak 2015ean eta Izibene Oñederrak 2016an diseinatu zituzten (eta emakumezko lehen artistak izan ziren), Euskal Zinemaren eta Perlak filmaren kartelak, hurrenez hurren. Aurtengo edizioan Udane Juaristi eta Bego Vicario sortzaileek izango dute eginkizun hori.


Gizarte talde behartsuentzako doako sarrerak

Bestalde, Zinemaldiarekin batera, Udalak Zinemaldirako doako sarrerak banatuko ditu behar ekonomiko handienak dituzten kolektiboen artean. Aurtengo edizioan ere, edukiera eta sarrera-kopurua murriztu direnez, Gizarte Ekintzako udal-zerbitzuen bidez oraindik zehazteke dagoen sarrera batzuk banatzea adostu dute bi aldeek.

 

FILMAK

Competencia oficial / Official Competition
Gastón Duprat (Argentina), Mariano Cohn (Argentina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia - Argentina
Antzezleak: Penélope Cruz, Antonio Banderas, Oscar Martínez
Inaugurazioa (lehiaketa barruan)

Ospea eta gizarte-prestigioa lortu nahian, enpresaburu aberats batek arrastoa utziko duen film bat egitea erabaki du. Horretarako, izar onenez osatutako talde bat kontratatuko du: Lola Cuevas (Penélope Cruz) zinemagile ospetsu-ospetsua eta talentu berdingabea baina are ego berdingabeagoa duten bi aktore ezagun: Félix Rivero Hollywoodeko aktorea (Antonio Banderas) eta Iván Torres antzerki-aktore erradikala (Oscar Martínez). Bi aktoreak mitoak dira, baina ez dira inola ere munduko adiskiderik onenak. Lolak gero eta proba bitxiagoak jarriko dizkie eta euren artean ez ezik, beren legatuekin ere borroka egin beharko dute Félixek eta Ivánek.


Benedetta
Paul Verhoeven (Herbehereak)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia- Herbehereak
Antzezleak: Virginie Efira, Charlotte Rampling, Daphné Patakia, Lambert Wilson, Olivier Rabourdin

XV. mendearen amaieran, izurritea herrialdea suntsitzen ari dela, Benedetta Carlini Pesciako komentuan (Toscana) sartuko da nobizia gisa. Benedettak gazte-gaztetatik mirariak egiteko gaitasuna izan du; komunitatera iritsi eta berehalako eragina izango du, transzendentala.


Guzen to sozo / Wheel of Fortune and Fantasy
Ryusuke Hamaguchi (Japonia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Japonia
Antzezleak: Kotone Furukawa, Ayumu Nakajima, Hyunri , Kiyohiko Shibukawa, Katsuki Mori, Shouma Kai, Fusako Urabe, Aoba Kawai

Zoriak eta irudimenak bultzatutako hiru istorio, non emakumezko batzuen bizitzak horien hautu eta damuek markatzen dituzten. Ustekabeko amodiozko triangelu batek, huts egindako sedukzio-tranpa batek eta gaizki-ulertu batetik sortutako topaketak ipuin-triptiko bat osatzen dute, oroimenak, iruzurrak eta patuak elkartzen dituena.


Jane par Charlotte / Jane by Charlotte
Charlotte Gainsbourg (Frantzia - Erresuma Batua)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia

Denbora igarotze hutsak eragin zion asaldura zela-eta, Charlotte Gainsbourg beste modu batean ikusten hasi zen bere ama Jane Birkin, ordura arte ikusten zuen moduaz bestela, eta ama-alabek gainditu egin zuten elkarrenganako zuhurtzia-sentimendu hura. Kameraren bidez, Charlotte Gainsbourgek eta Jane Birkinek zintzotasunez hitz egiten diote elkarri, ama-alaben arteko harremana garatzeko lekua utzita.


La croisade / The Crusade
Louis Garrel (Frantzia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Laetitia Casta, Joseph Engel, Louis Garrel

Abelek eta Mariannek jakingo dute 13 urteko semeak (Joseph) ezkutuan saldu dituela gehien maite zituzten gauzak. Laster konturatuko dira Joseph ez dela hori egin duen bakarra: mundu osoko ehunka haur elkartu dira proiektu misteriotsu bat finantzatzeko. Planeta salbatzea da misioa.


Les illusions perdues / Lost Illusions
Xavier Giannoli (Frantzia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Benjamin Voisin, Cécile de France, Vincent Lacoste, Xavier Dolan, Gérard Depardieu, Salomé Dewaels

Lucien XIX. mendeko Frantziako poeta gazte ezezagun bat da. Itxaropen handiak ditu eta bere bidea jorratu nahi du. Jaioterriko inprenta familiarra utzi eta bere mezenasen eskutik Parisen saiatuko da aurrera egiten. Hiri zoragarri horretan berehala abandonaturik, gazteak irabaziaren eta itxurakeriaren menpe dagoen mundu baten atzealdean zer gertatzen den jakingo du. Dena eros edo sal daitekeen giza komedia bat: bai arrakasta literarioa, bai prentsa; nola politika, hala sentimenduak; ospeak nahiz arimak.


Les intranquilles / The Restless
Joachim Lafosse (Belgika)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Belgika - Frantzia
Antzezleak: Leïla Bekhti, Damien Bonnard

Leïlak eta Damienek izugarri maite dute elkar. Damienek nahasmendu bipolarra du, baina saiatzen da Leïlarekin duen bizitzarekin jarraitzen, jakinda ezingo diola nahi duena eman.


Ouistreham / Between Two Worlds
Emmanuel Carrère (Frantzia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Juliette Binoche, Didier Pupin, Emily Madeleine, Evelyne Porée, Hélène Lambert, Léa Carne

Marianne Winckler autore ezagunak lan-kolokatasunari buruzko liburu bat idaztea eta errealitate hori bertatik bertara bizitzea erabaki du. Horretarako, nortasuna ezkutatuz Normandiako (Frantzia iparraldean) herri batean garbitzaile-lana lortu eta gizarteko gainerakoek ezagutzen ez duten bizitza bat ezagutuko du, non irabazitako eta gastatutako euro oro garrantzitsua baita. Esperientzia gogorra bada ere, lankideen arteko solidaritateak adiskide bihurtuko ditu Marianne eta lankideak. Elkarri laguntzeak adiskidetasuna dakar, eta adiskidetasunak, konfiantza. Baina zer gertatuko zaio konfiantza horri egia argitara ateratzen denean?


Petite maman
Céline Sciamma (Frantzia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Joséphine Sanz, Gabrielle Sanz, Nina Meurisse

Nellyk zortzi urte ditu eta amona galdu berri du. Gurasoei laguntzen dien bitartean, bere ama Marion haurtzaroan jolasten zeneko etxearen inguruak arakatzen ditu, eta han aurkituko du zuhaitzeko etxea. Maiz hitz egin diote etxe hari buruz. Baina amak alde egingo du bat-batean, eta orduan, Nellyk bere adineko beste neskato bat ezagutuko du basoan eta zuhaitzean etxe bat eraikitzen hasiko dira elkarrekin. Lagun berriak Marion du izena.


Re Dai Wang Shi / Are You Lonesome Tonight?
Wen Shipei (Txina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Txina
Antzezleak: Eddie Peng, Sylvia Chang, Yanhui Wang, Yu Zhang, Peiyao Jiang, Xin Lu, Yongzhong Chen, Fei Deng

Gazte batek uste osoa du norbaiti ustekabeko heriotza eragin diola, eta biktimaren alargunarekin harreman anbiguoa du; polizia bat ikerketa bat ebazten saiatzen ari da, bizitza betiko aldatuko dion ikerketa bat.



Red Rocket
Sean Baker (AEB)
Ekoizpeneko herrialdea(k): AEB
Antzezleak: Simon Rex, Suzanna Son, Bree Elrod, Ethan Darbone

Mikey Saber, gain behera egin duen porno-izarra, bere jaioterrira itzuliko da, Texaseko hiri txiki batera, baina han inork ez du berriz ikusi nahi.


The French Dispatch
Wes Anderson (AEB)
Ekoizpeneko herrialdea(k): AEB
Antzezleak: Bill Murray, Frances McDormand, Timothee Chalamet, Elisabeth Moss, Owen Wilson, Saoirse Ronan, Christopher Waltz, Benicio del Toro, Tilda Swinton, Edward Norton, Lea Seydoux, Willem Dafoe, Liev Schreiber, Adrien Brody, Rupert Friend

Filma kazetarientzako maitasun-gutun bat da. Egunkari estatubatuar baten erredakzioan dago girotuta, XX. mendean, Frantzian, fikziozko hiri batean, eta The French Dispatch aldizkarian argitaratutako istorio-bilduma bat irudikatzen du. Aktore-zerrenda zabala da: Benicio Del Toro, Frances McDormand, Jeffrey Wright, Adrien Brody, Timothée Chalamet, Léa Seydoux, Tilda Swinton, Mathieu Amalric, Lyna Khoudri, Stephen Park, Owen Wilson, Bill Murray, etab. 


The Power of the Dog
Jane Campion (Zeelanda Berria)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Zeelanda Berria - Australia
Antzezleak: Benedict Cumberbatch, Kirsten Dunst, Jesse Plemons, Kodi Smit-McPhee

Phil Burbank karismaduna etxalde baten jabe da eta beldurra pizten du inguruan dituenengan, baita lilura ere. Anaiak bere emaztea eta horren semea ekartzen dizkionean, Philek sumindu egingo ditu baina, azkenik, maitasuna izateko aukera sortuko zaio.


Tout s'est bien passé / Everything Went Fine
François Ozon (Frantzia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Sophie Marceau, André Dussollier, Charlotte Rampling

85 urterekin, Emmanuèleren aita ospitaleratu egin dute istripu zerebrobaskularra izan duelako. Esnatzean, oso ahul sentituko da, ez dela gai bere kabuz moldatzeko, eta bizitza grinaz maite duen gizon ikusbera honek hiltzen laguntzeko eskatuko dio alabari.


© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones