Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Berriak > Espainiako Lankidetza Sariak garapenerako ekarpen onena egiten duen Iberoamerikako filma sarituko du
Espainiako Lankidetza Sariak garapenerako ekarpen onena egiten duen Iberoamerikako filma sarituko du
Zazpigarren urtez jarraian, AECIDek Espainiako Lankidetza Saria bultzatuko du Donostia Zinemaldiarekin batera; giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen handiena egiten duen film iberoamerikarrari emango zaio

Zortzi film lehiatuko dira AECID eta Donostiako Zinemaldiaren arteko aliantzaren baitan dagoen saria eskuratzeko; bere helburua Iberoamerikako ikus-entzunezkoen industria sustatzea da
Osteguna, 2021(e)ko irailak 16

Donostia Zinemaldiko 69. edizioan programatutako zortzi film egongo dira Espainiako Lankidetza Saria eskuratzeko lehian. Sari hori Garapenerako Nazioarteko Lankidetzako Espainiako Agentziak (AECID) ematen du, zeina Kanpo Arazoetako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako Ministerioaren mende dagoen. 2015etik urtero ematen zaio saria giza garapenerako, pobrezia desagerrarazteko eta giza eskubideak bermatzeko ekarpen handiena egiten duen Iberoamerikako (Espainiako eta Portugalgo filmak ere sartzen dira) filmaren ekoizleari.
Elena González González izango da epaimahaiburua –AECIDeko Kultura Lankidetzarako eta Sustapenerako Saileko burua– eta epaimahaikide izango dira Ainhoa Gainberri, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirola Departamentuko Nazioarteko Lankidetza Zuzendaritzako teknikaria, eta Ione Hernández zinemagilea.

Espainiako Lankidetza Saria Sail Ofizialean, New Directors sailean edo Horizontes Latinos sailean parte hartzen duen Iberoamerikako film bati ematen zaio. Sariaren helburua da Iberoamerikako ikus-entzunezko industriarekin batera lan egiteko konpromisoa indartzea, talentu berriak bultzatzeko, zinematografiako proiektuen ekoizpena dinamizatzeko, garapenerako lankidetza-balioak zabaltzeko eta filmen merkaturatzea eta nazioartekotzea indartzeko.

Sariaren zazpigarren edizioan, Donostia Zinemaldiaren eta AECIDen arteko lankidetzari esker, saria 10.000 eurokoa izango da.

Espainiako Lankidetza Saria irailaren 25ean jakinaraziko da Kursaalean egingo den amaierako galan.


ESPAINIAKO LANKIDETZAREN VII. SARIRAKO HAUTAGAIAK

Hautagaietako bat, Ines Barrionuevoren Camila saldrá esta noche  Camila Comes Out Tonight (Argentina), Sail Ofizialean lehiatuko da, eta gainontzeko guztiak, berriz, Horizontes Latinos sailean: Manuel Nieto Zasen El empleado y el patrón / The Employer (Uruguay-Argentina-Brasil-Frantzia); Simón Mesa Sotonren Amparo (Kolonbia-Suedia-Alemania-Qatar); Paz Fábregaren Aurora (Costa Rica-Mexiko-Panama); Lorenzo Vigasen La caja / The Box (Mexiko-AEB); Madiano Marchetiren Madalena (Brasil);  Tatiana Huezoren Noche de fuego / Prayers for the Stolen (Mexiko-Alemania-Brasil-Qatar, eta Alonso Ruizpalaciosen Una película de policías / A Cop Movie (Mexiko).

 

SAIL OFIZIALA
Camila saldrá esta noche / Camila Comes Out Tonight
Inés Barrionuevo (Argentina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina
Antzezleak: Nina Dziembrowski, Maite Valero, Diego Sánchez, Adriana Ferrer, Guillermo Pfening

Camilak Buenos Airesera joan beharko du bizitzera amona larriki gaixotzen zaionean. Bere lagunak eta eskola publiko liberala atzean utzi eta ikastetxe pribatu tradizional batean sartuko da. Camila basatia baina heldugabea da, eta izaera hori dela-eta, zailtasunak izango ditu.


HORIZONTES LATINOS
Amparo
Simón Mesa Soto (Kolonbia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kolonbia - Suedia - Alemania - Qatar
Antzezleak: Sandra Melissa Torres, Diego Alejandro Tobón, Luciana Gallego, John Jairo Montoya

Gaueko txanda luze baten ondoren, Amparo, bi seme-alaba dituen ama ezkongabea, etxera itzuliko da, baina seme-alabak ez daude han. Laster jakingo du Elías semea armadak errekrutatu duela, eta frontera bidaliko dutela, mugatik gertu dagoen gerra-eremu arriskutsu batera. Semearen patuak argia dirudi. Elías frontera joan baino egun bat lehenago, Amparok semearen artxiboak aldatu eta handik ateratzea eskainiko dion gizon batekin harremanetan jartzea lortuko du. Ia besterik ezer ere ez duela, Amparok denboraren aurkako lasterketa bati ekingo dio semea askatzeko, ustelkeriazko gizarte batean.


Aurora
Paz Fábrega (Costa Rica)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Costa Rica - Mexiko - Panama
Antzezleak: Rebeca Woodbridge, Raquel Villalobos
Zinema Eraikitzen 37

Luisa arkitekto gaztea batzuetan dantzaria da, eta beste batzuetan, maistra, eta haren bizitzaren bitartez, amatasun subrogatuak eta istorio txiki-txikiak korapilatzen dira. Zein da amatasunaren, noraezean ibiltzearen eta desiraren arteko lotura? Auroran, hainbat emakume maitagarriren bizitzez osatutako uhartedi intimoa zeharkatu eta kartografiatzen du galdera horrek, uhartedi horren erdi-erdian Yuliana egonik, amari bere haurdunaldia ezkutatu eta, horretarako, Luisaren konplizitatea aurkitzen duen nerabe bat.


El empleado y el patrón / The Employer and the Employee
Manuel Nieto Zas (Uruguai)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Uruguai - Argentina - Brasil - Frantzia
Antzezleak: Nahuel Pérez Biscayart, Cristian Borges, Justina Bustos, Fátima Quintanilla
Klausurako filma
WIP Latam 2020

Nagusia, itxuraz, dena alde duen gizon gazte bat da, baina arazo larri bat du: bere haurtxoaren osasun txarra. Langilea lan bila dabil bere ume jaioberria mantendu behar duelako, eta beraz, ez du zalantzarik izango nagusiak bere lurretan lan egiteko kontratatzea eskaintzen dionean, nahiz eta esperientziarik ez izan. Batak besteari lagunduko diote, baina egun batean istripu bat gertatuko da. Ezusteko gertaera horrek bi gizonen arteko harremana arriskuan jarriko du, bai eta bi familien etorkizuna ere.


La caja / The Box
Lorenzo Vigas (Venezuela)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Mexico - AEB
Antzezleak: Hernán Mendoza, Hatzín Navarrete
Hatzin, Mexiko Hiriko nerabe bat, aitaren gorpuzkia jasotzera joan da. Mexiko iparraldeko zeru zabalaren eta paisaia hutsaren artean dagoen hobi komun batean aurkitu dute aitaren gorpua. Alabaina, ezustean aitaren oso antzeko itxura duen gizon batekin topo egitean, zalantza eta itxaropena piztuko zaizkio Hatzini haren benetako atarramenduaren inguruan.

Madalena
Madiano Marcheti (Brasil)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Brasil
Antzezleak: Natália Mazarim, Rafael de Bona, Pamella Yule, Chloe Milan, Mariane Cáceres
Zinema Eraikitzen 36

Luzian, Cristiano eta Biancak ez dute ia zerikusirik, baina hirurak landa-eremuko udalerri berean bizi dira, Brasil mendebaldean, soja-zelaiez inguraturik. Elkar ezagutzen ez duten arren, Madalenaren desagerpenak guztiei eragingo die. Udalerriko hainbat lekutan, bakoitzak bere erara erreakzionatuko du Madalenaren absentziarekin.


Noche de fuego / Prayers for the Stolen
Tatiana Huezo (El Salvador - Mexico)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Mexiko - Alemania - Brasil - Qatar
Antzezleak: Ana Cristina Ordóñez González, Marya Membreño, Mayra Batalla

Mexikoko mendietan kokaturiko herri bakarti batean, neskatoek mutilen tankerara mozten dute ilea eta lurpean ezkutalekuak dituzte. Anak eta bere bi lagun onenek ihesitako pertsonen etxeak okupatu eta emakumez mozorrotzen dira inork ikusten ez dituenean. Magia eta alaitasunezko unibertso zeharkagaitz batean bizi dira; bien bitartean, amek esklabo edo mamu bihurtzen dituztenengandik ihes egiteko prestatzen dituzte. Baina, egun batean, nesketako bat ez da ezkutalekura garaiz iritsiko.


Una película de policías / A Cop Movie
Alonso Ruizpalacios (Mexiko)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Mexiko
Antzezleak: Mónica del Carmen, Raúl Briones Carmona

Esperimentu dokumental eta narratibo baten helburua Mexikoko erakunderik eztabaidatuenetako bat, polizia, argitzen saiatzea da, baita justizia-sistema txikitzen duen zigorgabetasunaren kausak ere.



© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones