tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Berriak > Ikusmira Berriak > Zinemaldia + Plus-en Ikusmira Berriak programako egoiliarren film laburren emanaldia egingo da
Zinemaldia + Plus-en Ikusmira Berriak programako egoiliarren film laburren emanaldia egingo da
Tabakalerako pantaila partekatuko hileroko fokuak, ostiral honetan, Eduardo Crespo, Mina Fitzpatrick, Manuel Muñoz Rivas, Magdalena Orellana eta Marina Palacioren lanak erakutsiko ditu

Larunbatean, Víctor Iriarteren ‘Etorkizuna’ podcastaren grabazioan, beraien hurrengo proiektuez hitz egingo dute
Asteartea, 2021(e)ko martxoak 30

Tabakalerako pantaila partekatuan, ostiral honetan (apirilak 2), Ikusmira Berriak programaren edizio berri honetan aukeratuak izanik egunotan Donostian beren zinema-proiektu berriak prestatzen ari diren zuzendarien bost film labur emango dira. Eduardo Crespo, Mina Fitzpatrick, Manuel Muñoz Rivas, Magdalena Orellana eta Marina Palaciok, Ikusmira Berriak programako zazpigarren deialdiko egoiliarrek, beraien aurreko lanak aurkeztuko dituzte Zinemaldia + Plus hileroko fokuko saio berri batean, 19:00etan hasita.

Larunbatean (apirilak 3), eguerdian, Tabakalerako Zinema eta Ikus-entzunezkoen programako arduradun Víctor Iriartek gidatuko duen mahai-inguru batean, zentroan prestatzen ari diren proiektuen berri emango dute. Bost zuzendariek Iriartek berak sortu eta zuzendutako El futuro podcastaren grabazioan parte hartuko dute. Podcast horretan, lantzen ari diren filmetako prozesuak, irudiak eta soinuak partekatuko dituzte harekin.

Bi saioak osagarriak dira eta Ikusmira Berriak programako egoiliarren bai iraganeko ibilbidea bai etorkizuneko proiektuak ezagutzeko aukera emango dute, zinemagile gisa egiten ari diren lanaren ikuspegi osoa izateko.

Eduardo Crespo zuzendari, gidoilari eta argazki-zuzendariak (Crespo, Argentina, 1983), zeina Donostia Zinemaldiaren azken edizioko Sail Ofizialean lehiatu baitzen bere hirugarren film luzearekin (Nosotros nunca moriremos/We will never die, 2020), bere zinemagile-ibilbidearen hasierako film labur bat aurkeztuko du, ‘Amaina’ (2010). Crespo Ikusmira Berriak programako egonaldian prestatzen ari den proiektuaren izenburua La gruta del viento da. Aita batek eta bere alabak Italiako Toscanako kobazuloen paisaian izango duten berrelkartzeari buruzko istorioa da.

Mina Fitzpatrickek (1989) Wandervogel erakutsiko du. 2017an Nest sailean parte hartu zuen film horrekin eta orain izen bereko film luzea garatzen ari da Ikusmira Berriak programako egonaldian. Zuzendari estatubatuarrak, proiektu honetan, Texaseko basamortuaren gogortasunaren eta arroztasunaren erdian bere lekua bilatzen ari den parrizidioaz akusatutako gazte baten erretratua planteatzen du.

Bestetik, Manuel Muñoz Rivas (Sevilla, 1978) –Berlinalen El mar nos mira de lejos (2017) lehen lana estreinatu zuen–, Manantial film luzea prestatzen ari da, adineko senar-emazte batek Cazorla mendilerroan dagoen Guadalquivir ibaiaren sorburura egingo duen azken bidaiari buruzkoa. Zinemaldia + Plus saioan berak egindako Con el viento (2009) film laburra emango da.

Magdalena Orellanak (Buenos Aires, 1990), EQZEko bigarren promozioko ikasleak, A Smile Is Not a Paradigm film laburra aurkeztuko du. Bitartean, Hasta que el lugar se haga improbable film ertaina bukatzen ari da, Ipar Poloko misterioak ezagutzeko espedizio baten itxura duen fantasia bat. Errealizadore argentinarrak honako espazio hauetan erakutsi ditu bere lanak, besteak beste: TheFilmmakers’- Coop-en, Arte Ederren Zirkuluan, Cinetecan, MediaLab Pradon, BilbaoArten, CCCBn eta Madrilgo Erkidegoko Gazte Artea Aretoan.

Elías Querejeta Zine Eskolako (EQZE) lehenengo promozioko ikasle izandako Marina Palacio (Donostia, 1996) Y así seguirán las cosas izenburua duen bere lehen film luzea lantzeko baliatzen ari da Tabakalerako egonaldia. Proiektu horrek, zeinak Eusko Jaurlaritzaren Noka Mentoring programan ere parte hartu baitzuen, Palentziako herri bateko lagun talde baten nerabezarotik haurtzarorako bidea arakatzen du –denboran atzera eginda–. Zinemagile donostiarrak Ya no duermo (2020) film laburra aurkeztuko du Zinemaldia + Plus-en –iaz Zabaltegi-Tabakaleran programatu zen eta Kimuak katalogoaren parte izan zen–.


ZORTZI ASTEKO EGONALDIA BI FASETAN

Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak garatzeko egonaldien programa da; Donostia Zinemaldiak, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) antolatzen dute. Zazpigarren edizio honetara 409 proiektu aurkeztu dira, aurrekoan baino % 220 gehiago, eta horien artetik aukeratu dira aurtengo bost proiektuak.

Hautaketa Batzordeak –Tabakalera, Donostia Zinemaldia eta EQZEko ordezkariz osatua– bost jatorriren arabera aukeratzen ditu proposamenak: Euskal Autonomia Erkidegoko zinemagileak (Marina Palacio), Nest saileko partaide ohiak (Mina Fitzpatrick), EQZEko ikasle ohiak (Magdalena Orellana), Espainiako zinemagileak (Manuel Muñoz Rivas) eta munduko gainerako herrialdeetakoak (Eduardo Crespo).

Martxoaren 15etik apirilaren 25era bitartean, bost zinemagileek sei aste izango dituzte Tabakaleran beren proiektua garatzeko. Han, Sergio Oksman zinemagileak, Eugenia Mumenthaler ekoizleak eta Javier Martín programatzaileak osatutako aditu batzordearen aholkularitza jaso dute. Egonaldiaren lehen fase honen helburua espazioa, testuingurua, denbora eta baliabideak ematea da eta, horretarako, programak bi ardatz ditu: trebakuntza eta proiektuen garapena. Egoiliarrak zentroak eskaintzen dituen espazioez eta zerbitzuez baliatzen dira, baita Tabakalera eraikinean bertan egiten diren jarduera guztiez ere.

Ikusmira Berriak programako egonaldiko bigarren fasea irailean egingo da, Donostia Zinemaldiaren 69. edizioaren garaian. Proiektua bertara eramango dute, aurreratuago, zinema-industriarekin partekatzeko.

Proiektu bakoitzak 5.000 euroko laguntza du garatzeko. Hori ekainean entregatuko da, egonaldiko bi faseen artean proiektuan lanean jarraitu ahal izan dezaten. Gainera, tarteko epe horretan, tutoreen online arreta jasotzen jarraituko dute. Azkenik, Irusoin ekoiztetxeak Postprodukziorako Irusoin Saria emango dio aukeratutako proiektu bati. Proiektu horrek DCP masterra egin arteko soinu, kolore eta grafismoko postprodukzio-zerbitzuak baliatu ahal izango ditu.  
 

 
PROGRAMA - Ostirala (apirilak 2) 19:00etan. - Zinea (Tabakalera)
2021eko Ikusmira Berriak programako egoiliarrek zuzendutako film laburren aukeraketa 
Sarrera 3,50 €
Amaina
Eduardo Crespo  (Argentina)  2010

Bi anaia hilzorian dagoen amaren ondoan euria noiz bukatuko zain daude. Uztak umotzeko astia izan du dagoeneko eta orain ahultzen hasi da. Bi anaiek erabaki bat hartu beharko dute: bertan geratu ama zaintzera edo sorua lantzera atera urak uzta suntsitu baino lehen.


A Smile Is Not a Paradigm
Magdalena Orellana  (AEB)  2018

Jimmy the Nose-en erretratua izan nahi du A Smile Is Not a Paradigm filmak, 1970eko hamarkadan mafia italiarraren sehaska izateagatik ospetsua den Little Italy-Manhattaneko jatetxe italiar baten ostalaria. Jatetxearen errealitatetik kanpo dagoen ahots batek bi bezero ohien esperientzia irakurriko digu TripAdvisor-en egindako aipamenen bidez.


Con el viento
Manuel Muñoz Rivas  (Espainia)  2009

Denbora luzez kanpoan egon ondoren, Ignacio familiaren etxera itzuliko da, amaren heriotza dela eta. Elkarrekin dauden dolu egunetan, paisaiaren lasaitasunak eta komunikatzeko zailtasunak gizona bere historiatik banantzen duen distantzia neurtuko dute


Wandervogel
Mina Fitzpatrick  (AEB)  2017

Dan Dailey Texaseko basamortu erdian bizi da; bertan, beren gurasoak hil dituzten haurrentzako babesleku bat ireki zuen 2009an. Bi dokumentalgile Daileyren egoitzara film bat egiteko irisi eta hura hilda aurkitzen dutenean hasten da Wandervogel.


Ya no duermo
Marina Palacio  (Espainia)  2020

Miguelek eta bere osaba Kechusek banpiroei buruzko film bat egin nahi dute. Elkarrekin zerbait sortzeko saiakera horretan, errealitatea eta fikzioa nahasten dira, eta, jolas horretan, haurraren eta helduaren artean ezartzen den harremana ikusiko dugu.


PROGRAMA - Larunbata (apirilak 3) 12:00etan. - Zinea (Tabakalera)
El futuro: Ikusmira Berriak. Ikusmira Berriak 2021eko pelikula proiektuen aurkezpen mahai inagurua
Doako sarrera (edukiera bete arte)
Hasta Que El Lugar Se Haga Improbable / Until The Place Becomes Improbable (Lekua ezinezkoa bihurtu arte)
Magdalena Orellana  (Espainia - Argentina)

Ipar polo magnetikoa ohiko ardatzetik desplazatzen ari da, eta komunitate zientifikoak ez daki zergatik. Artifizio bat balitz bezala, film honetako protagonistek ustekabeko zenbait gertakari biziko dituzte ikasitakoa kendu nahi diela dirudien indar misteriotsu baten eraginpean. Udako oporretan dauden laurogeita hiru pertsonak sekulako siesta egingo dute ezagutzen ez dugun kolore-espektroa duen zerupean. Esnatu egingo dira noizbait. Edo agian ez. Aukera biak dira zentzuzkoak.


La gruta del viento / The Wind's Cave (Haizearen haitzuloa)
Eduardo Crespo  (Argentina)

Horacio albaitaria da, eta zenbait urte igaro dira Italiara Argentinatik iritsi zenetik. Mara alabarekin bizi da. Gaztea eta barnerakoia da, eta espeleologia maite du. Bakoitzak bidaia bat egingo du, baina mendian egingo dute topo, ordura arte hitz egin gabekoei buruz hitz egiteko. La gruta del viento filmak behar baino lehenagoko agur bat kontatzen du. Bizitzak aurrera egiten duen bitartean gauzatzen ditugun eguneroko errituak. Maitasun-loturak, identitatea, naturaren indarra eta emozioak.


MANANTIAL
Manuel Muñoz Rivas  (Espainia)

Neurokirurgia-ebakuntza konplexu bat jaso eta ospitalean denboraldi luze bat egon eta gero, partzialki errehabilitatuta dagoen gizon edadetu bat asteburu-pasa joango da bere emaztearekin. Kotxez joango dira elkarrekin ibai baten bokaletik mendira, non oinez jarraituko duten ibaiaren iturburu ezkutuaren bila. Bidea nahasgarria da, eta ezbaian jarriko ditu beren erresistentzia fisikoa eta morala. Iturburura iristear daudela, ilundu egingo du, eta ezin izango dute ikusi.


Wandervogel
Mina Fitzpatrick  (AEB)

Estrella Vista Chihuahuako basamortuan ezkutatutako arrantxo txiki bat da, parrizida gazteen aterpe bihurtu dena, beren gurasoak erailtzea egotzita kartzelan egon eta bertatik atera eta gero. Dan Dailey (68) eta Derek King (28) batera bizi dira Texas mendebaldeko basamortuan. Dan bihotzeko batek jota hil eta gero, Derek noraezean ibiliko da, eta herriko agintariek susmagarritzat hartuko dute. Wandervogel dokumental hibrido bat da, Dan Daileyren bizitza aztertu, eta, aldi berean, Dereken irudimeneko aitaren figura saiheskorra eraikiko duena. Danen egunerokoa erabilita, The Wandervogel Diary, Derekek eta filmaketa-taldeak berraragitze filmikorako aukerak aztertuko dituzte.


Y así seguirán las cosas / And thus it will go on (Eta horrela jarraituko dute gauzek)
Marina Palacio Burgueño  (Espainia)

Y así seguirán las cosas fikzioaren eta errealitatearen arteko erdibidean dagoen proiektu bat da. 5 urtetan egitea aurreikusi da, eta filmaketa protagonisten bizitzaren eskutik joango da; izan ere, Tierra de Campos eskualdeko herri txiki batean bizitzeari utziko diote filmaren protagonistek. Beren bizitza aldatu egingo da, baina baita filma ere, haien bizitzekin batera.

Bereizmen handiko irudiak
Aurreko edizioak IKUSMIRA BERIAK
2020
2019
2018
2017
2016
2015

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea