Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > Bost mila urteko bidaia gurdien negarraren arrastoari segika
Zinemaldiaren Egunkaria » Zinemira
Bost mila urteko bidaia gurdien negarraren arrastoari segika
O GEMER
Igandea, 2021(e)ko irailak 19

Desagertzear den soinu baten inguruko film esperimentala aurkeztuko du, gaur, Xabier Erkiziak (Lesaka, Nafarroa, 1975) Zinemira sailean. Bost mila urteko soinu-bidaia honek lurralde eta kultura ezberdinak zeharkatzen ditu, zentzumenen esperientzia ezbaian jarriz. “Gurean desagertuta dagoen soinu bat entzun nahi eta ezin hori, min hori, izan da nire gasolina. Entzun ahal izan banu, honezkero orain dela hamar urte likidatu nuen kontua; baina ezintasun horrek bultzatu nau jarraitzera”, azaldu du Erkiziak bere lehen filma aurkezterakoan.

Idi-gurdiak sortzen duen soinu kirrinkariak afinazio eta esanahi bat zuelaren susmoa zuen Erkiziak: “Nik hipotesi bat nuen: ez zela bakarrik soinu bat, baizik eta diseinatutako soinu bat zela”. Hamar urtez egindako ikerketak eta munduan egindako hainbat bidaiak intuizio hura berretsi dio soinu-adituari. “Filma ikerketa oso luze baten geltoki bat da, ez helburua”, adierazi du gidoigile eta zuzendari nafarrak, “are gehiago, nik filmarena ez nuen oso argi eta hau filma bihurtzea Tamara García Iglesiasen errua da, bera izan da zirikatzailea”.

Ikertzailea izateaz gain, ekoizlea eta soinu-artista ere bada Xabier Erkizia. Musika-konposizioak, soinu-paisaiari buruzko ikerketak, instalazioak, irrati-lanak eta filmetarako soinu-diseinua egiten ditu. Soinu-zuzendari gisa ere aritu da film ugaritan. Oraingo honetan, bere lehen lana osatu du gidoilari eta zuzendari gisa, argazkilaritza kontuak Tamara García Iglesiasekin partekatuta. O gemer filmak badu etnografiatik eta soinu arkeologiatik ere. Munduko hainbat herrialdetan jaso dituzte irudi eta soinuak, soinuen mapa berezi bat sortu arte.

“Azoreetan egun batean itzain batek esan zidan “o cantar do carro” deitzen ziotela gurdiaren intziriari. Hor ireki zen zerbait, eta hortik amaitu genuen Brasilen. Brasilera joatea izan zen gakoetako bat, gehienbat zaratari izena jartzea beti delako zaila. Zarata izenik ez duen hori da, hain zuzen. Behin izena aurkitzen duzula (adibidez, gurean ‘gurdiaren negarra’ zen), iada balio bat hartzen du, eta norbait arduratzen da zainteaz, gordetzeaz; zeren soinuak konnotazioak dituenean sortzen ditu oroitzapen batzuk, narrazio batzuk”.

Nortasun-ikur
Desagertu den mundu eta klase baten erreibindikazio bat ere ba omen dago soinu honen baitan. “Soinu honek ere markatu du garaiz garai klase soziala. Garai batean, Ameriketan, kolonizatzaileen soinua izan zen; ondoren, esklabuena. Adibidez, Brasilgo poema batek honela dio: Zein ari da intzirika? Esklabua ala gurdia? Idi-gurdia isildu dezakezu baina esklabua sekula ez. Beraz, badago klase-harrotasunetik zerbait”, azaldu du Xabier Erkiziak.

Gainera, gurdien soinuaren afinazioak badu zerikusia identitate auziarekin. “Denek lotzen dute nortasunarekin, denek uste dute bakarrik euren tokian egiten dela hori”, dio zuzendari nafarrak. Hein batean giza-zibilizazioaren soinu baten aurrean gaudela esan daiteke. “Seguru aski, musika bezala ulertu ez eta hainbeste iraun duen beste soinurik ez dago”, azaldu du.


Irene Elorza




 
Xabier Erkizia, soinu-ehiztaria.
Xabier Erkizia, soinu-ehiztaria.

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea