Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Donostia Sariak > MARION COTILLARD
MARION COTILLARD
Ohorezko golardoa irailaren 17an emango diote aktore frantziarrari, Zinemaldiaren inaugurazio ekitaldian
 

Marion Cotillardek, egungo zinematografiaren barnean nazioarteko oihartzun handienetakoa duen aktore frantsesak, Donostia Saria jasoko du Zinemaldiaren 69. edizioan. Ohorezko golardoa irailaren 17an emango diote, ostiralean, Kursaaleko auditoriumean, lehiaketaren inaugurazio ekitaldian.

Cotillardek Oscar, Golden Globe eta BAFTA sariak eskuratu zituen La Môme / La Vie en Rose (Oliver Dahan, 2007) filmean egindako lanagatik, Édith Piafen rola egiteagatik, hain zuzen; izan ere, aktorea bereiziki nabarmendu izan da nola Europako hala Estatu Batuetako ekoizpenean, talentu berdin-berdina erakutsi izan baitu rol guztietan, dramatikoetan ez ezik, komikoetan eta ekintzazkoetan ere bai; zinemagile ugarirekin egin izan du lan, hala nola hauekin: Michael Mann, Christopher Nolan, Woody Allen, Steven Soderbergh, James Gray, Dardenne anaiak, Arnaud Desplechin, Nicole Garcia, Leos Carax eta bere bikotekide Guillaume Canet zuzendari eta aktorea.

Parisen jaioa, artistez osaturiko familia batean, bere aita Jean-Claude Cotillarderen antzezlanetako batean egin zuen debuta aktore gisa, oraindik haurra zela. Telebistako zenbait telesailetan parte hartu ondoren, L’histoire du garçon qui voulait qu’on l’embrasse (Philippe Harel, 1994) filmean izan zuen bere lehen rola. Taxi (Gérard Pirès, 1998) filmean egindako lanari esker, César sarietarako sei izendapenetatik lehenengoa izan zuen. Geroago Lilly Bertineauren papera egin zuen, berriz ere, Taxi 2 (2000) eta Taxi 3 (2003) filmetan (biak Gérard Krawczyk zuzenduak), Luc Bessonek idatzi eta ekoiztutako eta arrakasta handiko ekintza-zinemako sagaren jarraipenetan, hain zuzen.

Cotillard bikoiztu egin zen Les jolies choses (Gilles Paquet-Brenner, 2001) pelikulan elkarren aurka dauden bi ahizpa bikiren rolak egin zituenean, eta, horri esker, beste César sari baterako izendapena izan zuen, zehazki, emakumezko aktore onenaren sarirako. Frantzian are ospe gehiago lortu zuen Jeux d’enfants / Love Me If You Dare (Yann Samuell, 2003) komedia erromantikoari esker, eta, horren ondoren, Hollywoodeko film batean parte hartu zuen lehendabizikoz, Tim Burton estatubatuarraren Big Fish (2003) filmari esker. Azkenean, taldeko emakumezko onenaren César saria eskuratu zuen Un long dimanche de fiançailles / A Very Long Engagement (Jean-Pierre Jeunet, 2004) gerra osteko drama erromantikoan egindako lanagatik, eta urte horretan bertan, Innocence (Lucile Hadzihalilovic, 2004) filmeko aktore-zerrendaren parte izan zuen (Donostia Zinemaldiko New Directors saria irabazi zuen filmak). Mary (Abel Ferrara, Perlak, 2005), Sauf le respect que je vous dois / Burn Out (Fabienne Godet, New Directors, 2005) eta Fair Play (Lionel Baillu, Kutxa New Directors Saria, 2006) filmetan lan egin ondoren, Russel Crowek antzeztutako pertsonaia maitemintzen den jatetxe-jabearen pertsonaia hezurmamitu zuen Ridley Scotten A Good Year (2006) filmean.

Édith Piaf abeslari ospetsuaren bere birsorkuntza txalotuarekin urrats erabakigarria egin zuen Cotillardek bere karreran, frantsesez egindako antzezlan batengatik Oscar saria irabazi zuen emakumezko lehen aktore frantses bihurtu baitzen. La Môme / La Vie en Rose (Oliver Dahan, 2007) filmean egindako rolari esker, Golden Globe eta BAFTA golardo bana, eta bere bigarren César saria eskuratu zituen Cotillardek, oraingoan emakumezko aktore nagusi gisa. Arte eta Letren Ordenaren Frantziako domina jaso zuen handik gutxira.

Hortik aurrera, Marion Cotillard Hollywoodeko gero eta ekoizpen gehiagotan parte hartzen hasi zen, esate baterako, hauetan: Public Enemies (Michael Mann, 2009), non Billie Frechette John Dillinger gangsterraren neska-lagunaren rola egin zuen; Nine (Rob Marshall, 2009) musikala, non berriro erakutsi baitzuen abeslari eta dantzari paregabea dela; Inception (2010) eta The Dark Knight Rises (2012) ekintzazko filmak, biak Christopher Nolanek zuzenduak; Midnight in Paris (Woody Allen, 2011) eta beste komedia batzuk; Contagion (Steven Soderbergh, 2011), Blood Ties (Guillaume Canet, 2013), Allied (Aliados, Robert Zemeckis, 2016) eta beste hainbat thriller; eta dramak, hala nola The Inmigrant (James Gray, 2013), bere lehen paper protagonista film estatubatuar batean, eta Macbeth (Justin Kurzel, 2015).

Bitartean, aktoreak Europako zinemagile garrantzitsuekin lan egiten jarraitu du, kasu baterako, Jacques Audiard (De rouille et d’os / Rust and Bone, 2012) eta Dardenne anaiekin (Deux jours, une nuite / Two Days, One Night, 2014), bosgarren eta seigarren César izendapenak ahalbidetu zizkiotenak, hurrenez hurren; halaber, Xavier Dolanen (Juste la fin du monde / It’s Only the End of the World, 2016), Arnaud Desplechinen (Les fantômes d’Ismaël / Ismael’s Ghosts, 2017) eta Leos Caraxen filmetan ere lan egin du; Caraxi dagokionez, duela gutxi Annette (2021) pelikulan parte hartu du Cotillardek, Canneseko zinema-jaialdiaren aurtengo lehiaketa ofiziala ireki zuen musikal sailkaezinean, hain zuzen.

Antzezle garrantzitsu ugarirekin egin du lan Cotillardek, besteak beste, honako hauekin: Matthew Modine, Forest Whitaker, Christian Bale, Daniel Day-Lewis, Penélope Cruz, Nicole Kidman, Leonardo DiCaprio, Joseph Gordon-Levitt, Clive Owen, Joaquin Phoenix, Jeremy Renner, Michael Fassbender, Brad Pitt, Louis Garrel, Léa Seydoux, Mathieu Amalric, Charlotte Gainsbourg, Vincent Cassel, Benoît Magimel, François Cluzet, Adam Driver eta Johnny Depp, zeinak ere Donostia Zinemaldiaren 69. edizioan Donostia Saria jasoko baitu.

Ingurumena babesteko kausa irmo defendatzeaz gain, aktorea Flore Vasseurren Bigger Than Us dokumentalaren ekoizlea ere bada. Dokumentalak, Elzévir Films konpainiako Denis Carotek ere ekoitzi duenak, aldaketarekin konprometitutako gazteei hitza ematen die. Filma Donostia Zinemaldian erakutsiko da, irailaren 18an Victoria Eugenia Antzokian, Emanaldi Berezi gisa. Cannesko zinema-jaialdian jada programatu zen, beste film batzuekin batera, ikus-entzuleak klima-aldaketari eta horrek ingurumenean duen eraginari buruz kontzientziatzeko.

Irailaren 12an, igandean, jarriko dira salgai Cotillardi saria emateko zeremoniarako sarrerak, Zinemaldiaren inaugurazio-ekitaldiaren barnean, zeinak Carlos Sauraren Rosa Rosae. La Guerra Civil film laburraren eta Zhang Yimou zuzendariaren Yi miao zhong / One Second film luzearen emanaldia ere barne hartuko baititu.

 

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea