Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > ‘Egunkariaren’ itxiera-operazio makurra, perspektiba berri batetik
Zinemaldiaren Egunkaria » Zinemira
‘Egunkariaren’ itxiera-operazio makurra, perspektiba berri batetik
PAPEREZKO HEGOAK
Osteguna, 2021(e)ko irailak 23

Euskaldunon Egunkariaren itxieratik hemezortzi urte bete diren honetan, operazio hura lehen pertsonan bizi izan zuten protagonisten testigantzak jaso dituzte Samara Velte kazetariak eta Josu Martinez (Caminho longue, Barrura begiratzeko leihoak...) zinemagileak Paperezko hegoak dokumentalean. Tentazioa ekoiztetxearen enkarguz, airean geratu diren zenbait galdera erantzuten saiatu dira egileak, garaiko testuinguruan eta auziaren gakoetan sakonduta.

Samara Veltek azpimarratzen duenez, “testuingurua azaltzea oso inportantea da historiaren zati hori zuzenean bizi ez duten horien tokian jartzen bagara”. Iraganeko gertaeren narratiban adostasunik ez dagoenez gero, jakinmina dutenei ikus-entzunezko pieza baten bidez transmisioa egitea inportantea dela deritzo. “Dokumental batek historia oso baten zati bat kontatzen du; mosaiko bat dela kontuan izanda, mosaiko horren pieza txiki bat transmititzeko balio lezake”. Egunkariaren kontrako operazioa gauzatu zeneko giroak, “dena ETA da” teoriarenak, gatazka bortitz baten baitako jarrera oso gogorrak justifikatzen eta naturalizatzen zituen.

“Behar bada gaur egun hazten ari den gazte bati bitxia egingo zaio, baina momentu hartan nagusi zen logika beste bat zen eta horrek ahalbidetzen eta baimentzen zuen gertatutakoa hain merke ateratzea”, dio zuzendariak, “dokumentalak hori islatu eta ardura batzuk eskatzera dator”.

Jakineko datuez gain, informazio berri eta harrigarriak azaleratu ditu Paperezko hegoak lanak. “Filmean agertzen diren zenbait datu jakitea baliagarria da ulertzeko Egunkariaren aurkako operazioa ez zela bakarrik egunkariaren aurka, bereziki mehatxatzaile edo arriskutsua ikusten zutelako, baizik eta bazegoela nolabait euskalgintza jomugan jartzen zuen pentsaera oso bat”. Egunkariaren kontrako operazioa ez balitz gizartearentzat hain tramautikoa izan eta ez balu sortu zuen erantzuna sortu, erasoa askoz haratago iritsiko zela da filmeko tesietako bat. Halaxe azaltzen du Veltek: “Egunkaria ixten dute beraientzat proiektu susmagarria delako, euskalgintzatik sortutako proiektu kolektiboa delako eta ez dutelako ulertzen; baina, aldi berean, oso gauza txikia da, erraz jo daitekeena, eta min handia eragiten du maila sinbolikoan, asko irudikatzen duelako. Askoren begietan proiektu susmagarria zen, hasieratik ‘pekatu orijinala’ zuena, eta seinalatze horien ohiartzunek indarra hartzen dute berriz bukaeran”.

Kontakizun onbera bat egitetik urrundu nahi izan dute Veltek eta Martinezek. “Egunkaria bada ilusio konpartitu baten historia eta hori kontatu behar da, baina beste alde batetik historia oso gogor bat ere bada, iluna, eta ondorio oso larriak izan dituena, baita jendearen osasunean eta maila pertsonalean ere”, adierazi du Veltek. Estatuaren barrunbeetatik sortutako operazioa zela irudikatzeko eta denboran zehar mantendu den iluntasun eta sekretismoa islatzeko, estetika soil, zuzen eta iluna aukeratu zuten egileek.

ETB1en eta eitb.eus-en estreinatu zen Paperezko hegoak dokumentala, joan den otsailean. Telebistarako sortutako dokumenala Zinemaldian erakustea “ezusteko pozgarria” izan da egileentzat.


I.E.

 
Samara Velte eta Josu Martinez zuzendariak.
Samara Velte eta Josu Martinez zuzendariak.

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea