Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > Zinema beltzarekin lotutako drama, baina oinarri soziala duena
Zinemaldiaren Egunkaria » Sail Ofiziala
Zinema beltzarekin lotutako drama, baina oinarri soziala duena
PING YUAN SHANG DE HUO YAN / FIRE ON THE PLAIN
Asteazkena, 2021(e)ko irailak 22

Aitortu behar dut sekula ez zaidala halakorik gertatu: zinema-aretora Ping yuan shang de mo xi izenburuko pelikula txinatarra ikustera sartu eta, irtetean, ordu eta erdi eskaseko denbora-tartean, izenburua aldatu diotela jakitea, Ping yuan de huo yan. Globalizazioaren eldarnioak edo, lost in traslation. Auskalo, batek daki!

Gainera, ditxosozko pandemiaren murrizketen ondorioz, Ping yuan shang de hou yan filmeko ordezkariak ezin izan dira Donostiara etorri filma aurkeztera. Zhang Ji zuzendaria bideo-konferentzia bidez aritu baita kazetariekin.

Hain zuzen ere, planetak gaur egun jasaten duen testuinguru dramatikoa izan da zinemagile hasiberriaren mintzaldiaren ardatza: “Pandemiak ez dio Txinari bakarrik eragin, mundu guztia astindu du. Coronavirusaren ondorioz, filmaren estreinaldia atzeratu behar izan genuen, baina baita ekoizpenaren beste etapa asko ere. Azkenean, konturatu ginen zailena ez zela izango aktoreak aukeratzea edo azken muntaia nola osatuko genuen eztabaidatzea, baizik eta nola demontre aterako genuen proiektua aurrera, non eta noiz estreinatu ahal izango genuen... Horretarako, bat-batean eta denboraldi luze batez dena geldirik geratu zen mundu baten zailtasunei aurre egin behar izan genien”.


Eleberriaren egokitzapena

Baina beste zailtasun batzuk ere izan ziren: “Filma Txinan eragin handia izan zuen eleberri batean oinarrituta dago. Ni erabat liluratuta geratu nintzen lehen irakurketa egin ondoren. Hala ere, liburuak adar asko dauzka eta horregatik latza izan zen filmatu aurreko hautaketa prozesua. Liburuko pasarteak iragaztea oso neketsua izan zen, jatorrizko testua ez baita film bakar batean sartzen; beraz, zorrotz jokatu behar izan genuen, kontakizuna laburtu baina, aldi berean, eleberriaren muina gordetzeko. Eleberriaren egokitzapenarekin bakarrik bost urte igaro genituen”.

Zhang Ji zuzendariaren lehen filma zinema beltzari lotutako drama bat da: Hilketa-segida batek Fentun hiria kolpatu du. Krimenak misteriotsuki eten dira, poliziak hiltzailea aurkitu baino lehen. Zortzi urteren buruan, biktimetako batengandik gertukoa zen polizia gazte batek ikerketa berriro irekitzea erabaki du.

“Bai liburua, baita filma ere, Txinako gizartearen aldaketak ulertzeko bi une garrantzitsutan girotuta dago: lehenengo eta behin, 1997an, eta ondoren, 2005ean. Txinako gizartearen hazkundea eta aldaketak ulertzeko funtsezko bi aldi historiko dira. Gainera, bi garaiekin lotura pertsonal eta emozional handia sentitzen dut, nire bizitzako funtsezko etapetara eramaten bainaute, nire haurtzarora eta nerabezarora, alegia”, aitortu du zuzendariak.

Hazkunde horren sintometako bat da zinema. Zhang Jik, bere herrialdeko zinema-industriaren egoerari buruz galdetuta, hauxe dio: “Azken urteotan goraldi nabarmena izan da Txinako zinemagintzan. Aukera asko zabaldu dira film berriak egiteko; horri esker, zuzendarien ‘harrobi’ berriak sortu dira, eta, zorionez, gure mugetatik haratago lekua aurkitu ahal izan dute. Zentzu horretan, Zinemaldia bezalako jaialdi batean gure filma aurkeztu ahal izatea une honen sintoma zoriontsua dela uste dut”.


Sergio Basurko

 
Zhang Jik telematikoki egin du bere filmaren prentsaurrekoa.
Zhang Jik telematikoki egin du bere filmaren prentsaurrekoa.

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea