Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > Komedia kontu serioa da, oholtza gainean nahiz pantailan
Zinemaldiaren Egunkaria » Zinemira
Komedia kontu serioa da, oholtza gainean nahiz pantailan
ERLAUNTZA
Osteguna, 2021(e)ko irailak 23

Iazko udazkenean estreinatu zen Erlauntza zinema aretoetan. Pandemiako neurri murriztaileak zirela eta, lantaldeak ezin izan zuen estreinaldirik egin orduan, ezta elkarrekin filma ikusi ere. Horregatik, aurtengo Zinemira sailean parte hartzea eta filma Zinemaldiaren baitan aurkeztea oso berezia da errodajean parte hartu zuten guztientzat. “Pena txiki batekin geratu ginen, eta orain, elkartu eta izan ez genuen estreinaldi hura egiteko gogoarekin gabiltza”, aitortu du Mireia Gabilondo, zuzendariak.

Euskal Herrian ibilbide arrakastatsua izan du komedia koral honek, jende asko identifikatuta sentitu baita. Kepa Errastiren izen bereko antzezlanaren moldaketa hau bere jaiotzatik ezagutzen zuen Gabilondok. Antzerkigintza Berriak dramaturgia laborategian ernatu zen Errastiren ideia, Mireia Gabilondok berak zuzendu zuen antzezlana, egilearen laguntzarekin, eta oraingoan, Errastirekin elkarlanean egin du zinemarako moldaketa.

Beraz, aktoreekin lan handia egina zuen Gabilondok filmazioarekin hasterako. “Aktoreek testua oso barneratuta zeukaten eta hamabost egunetan egin genuen errodaje osoa, bi bertsiotan gainera, eszena bakoitza euskaraz eta gaztelaniaz grabatuta”, adierazi du Mireia Gabilondok, “aurretik egindako lanagatik egin ahal izan genuen hain denbora laburrean eta hain modu jarraian”. Aitziber Garmendia, Leire Ruiz, Naiara Arnedo, Itziar Atienza, Getari Etxegarai eta Sara Cozar aktoreek daramate kontakizunaren pisua. Oro har, oso lantalde “polita, gertukoa eta txikia” izan zutela gogoratzen du zuzendari gipuzkoarrak. “Iruditzen zitzaigun merezi zuela sei emakume haien interpretazio lanetan oinarritutako filma egitea, istorioaren muina zirela, eta asmatu genuela komediarako tonuan ere”, dio. Komedia baten bitartez gauza serioez hitz egitea oso erakargarria egiten zaio zuzendariari, eta Erlauntza filmak “sekulako aukera” eman zion horretarako.

Testu borobila oinarri hartuta eta erloju suitzar batek bezala funtzionatzen duen aktore talde bat agindupean, balirudike filmaren arrakasta modu naturalean etorriko zela. Baina, Gabilondoren aburuz, inoiz ezin da horrelakorik aurreikusi. “Susmoa eduki dezakezu eta zure lana horretarako egin behar duzu, lan guztiak egiten diren bezala, esku artean altxor txiki bat daukazula pentsatuta, baina gero zer gertatuko den ez da hain erraza aurreikusten, bestela, bankuek egingo lituzkete ikuskizunak! Publikoaren gogoarekin jokatzen da eta ez dago jakiterik”, dio Gabilondok.


Irene Elorza

 
Erlauntza filmeko lantaldea.
Erlauntza filmeko lantaldea.

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea