Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > Chastain: “Antzezpenaren aldetik inoiz egin dudan lanik teknikoena izan da”
Zinemaldiaren Egunkaria » Sail Ofiziala
Chastain: “Antzezpenaren aldetik inoiz egin dudan lanik teknikoena izan da”
THE EYES OF TAMMY FAYE • AEB
Larunbata, 2021(e)ko irailak 25

Tammy Faye telebista-predikatzaile ebanjelistaren igoera, erorketa eta erredentzioaren ikuspegi intimoa kontatzen du Sail Ofizialeko lehiaketari amaiera eman dion biopic-ak. 70eko eta 80ko hamarkadetan, Tammy Fayek eta bere senarrak, Jim Bakkerrek, ia ezerezetik abiarazi zuten munduko erlijio-katerik handiena, eta ospe izugarria izan zuten telebista uhinen bidez zabaltzen zituzten maitasun, onarpen eta oparotasunezko mezuei esker.

Bi orduz, The Eyes of Tammy Faye filmak Jessica Chastainek antzezten duen pertsonaiari soilik erreparatzen dio. 126 minutuz aktore bikaina zahartzen, gizentzen, zorabiatzen eta ia berpizten ikusten dugu, baina inoiz ez dugu sumatzen Chastain bera interpretatzen duen pertsona denik. Are gehiago, azken minutuetan, amaierako kredituetan, pertsonaiaren irudiak benetako Tammy Fayeren irudiekin nahasten direnean, ezin esplikatuzko mirari baten lekuko gara, Tammy Fayek berak bere burua interpretatzen duela zin egin daiteke. Baina ez da bera. Bere atzean Chastain dago eta Chastainek Tammy Faye biziarazten du unibertsitateko ikasle zenetik gainbehera etorri zitzaion arte. Abestu, dantzatu, otoitz egin, saldu, erosi, maitatu eta, batez ere, negar egiten du.

“Ikuspuntu posible guztietatik aztertu dut Tammy-ren ibilbidea, argi ilunez eta arrakalez betetako pertsonaientzako nire ohiko radarrarekin, eta, benetan, neskatila bat bezalakoa zen, errugabetasunez betea. Bere garbitasunean dena posible zela uste izan zuen”, adierazi du Chastainek.

Pixka batean pentsatzen gelditu da eta, azalpenarekin segitu du: “Tammy ez zen komunikabideek elikatzen zuten karikatura bezalakoa, bere garaiari aurrea hartu zion emakumea baizik. Egia da itxuragatik epaitzen duen gizarte batean bizi garela –onartzen du aktore kaliforniarrak–, eta Tammy oso zehatza eta demasekoa izan zela zentzu horretan. Horren trukean, ez zituen arauak bete. Eta, jakina, eztabaida handia sortu zuen bere inguruan, bereziki LGTBI komunitateari zion maitasunagatik. 1994an erradikala zirudien. Gaur egun gutxiengoen eskubideak onartuak izan dira nire herrialdean, beraz, bilakaera hori errazagoa izango zitzaion”.

Bestalde, Michael Showalter zuzendariak, komedian eta umorean aritua, minez eta patetismoz birsortzen du XX. mende amaierako AEBetako historiaren zati bat. Bakker senar-emazteen bitartez, Showalterrek agerian uzten ditu AEBetako gizartearen zati baten miseriak. Bidaia luze horretan, Showalterren begirada Tammy Fayerena da. Izenburuakdioen bezala, filmak bere begiei erreparatzen die ondo kontatutako eta hobeto interpretatutako ibilbide bat marrazteko. Horrek biopic sendo bat sortzen du, eta errealizadoreak gehien interesatzen zaiona nabarmentzen du: “ezinbestean uzkurtzen ari den gizarte baten paradoxak eta kontraesanak”.

Eta hor sartzen da Tammy Fayek AEBetan duen irudia. “Oso istorio amerikarra da. Predikari haiek bultzatu zuten Ronald Reagan presidentetzara iristea. Berak ere sutsuki sinesten zuen munduko herrialde onenean bizi garela, ‘Jainkoak bedeinka dezala Amerika’-n. Eta errealitatea ez da horrelakoa, Donald Trumpen presidentetzak eta egungo eskuin alternatiboak erakutsi digutenez”, iritzi du Showalterrek.

Protagonista ez ezik, Chastain filmaren ekoizle ere bada: “Nire hainbat filmen estreinaldiek ez zuten harrera onik izan, ziur aski protagonista femeninoek, nik gorpuztu ohi ditudanak, ikusleak espero zuenarekin talka egiten zutelako. Ez zait gustatzen pelikula erosoak egitea, publikoa ezpataren eta hormaren artean jartzea interesatzen zait, eztabaidak sortzea... Sinesten dut zinema egitea ekintza politiko gisa, arrazakeria edo sexu-identifikazioari buruzko eztabaida eragiteko. Beraz, norbaitek nire lanaren aurka egiteak normala dirudi”. Honez gain, teknikoki inoiz interpretatu duen lanik konplexuena eta zailena izan dela deritzo.

Ezbairik gabe, Jessica Chastain da Michael Showalterrek zuzendutako filmaren onena eta esanguratsuena. Eta aurten antzezpen bakar eta aparta saritzea bada helburua (gizonezkoen eta emakumezkoen artean bereizketarik egin gabe), Jessica Chastainen lanak argudio harrigarriak ditu antzezpenaren bikaintasuna aitortzeko.


Sergio Basurko

 

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea