Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 69. Edizioa 2021  > Zinemaldiaren Egunkaria > Fantasiaren soinekoa jantzita daraman drama intimoa
Zinemaldiaren Egunkaria » Zinemira
Fantasiaren soinekoa jantzita daraman drama intimoa
ILARGI GUZTIAK. TODAS LAS LUNAS
Larunbata, 2021(e)ko irailak 25

Igor Legarretaren (Leioa, 1973) Ilargi Guztiak. Todas las lunas filmak X. San Sebastian-Gipuzkoa Film Comission Saria jaso zuen atzo Zinemaldiraren baitan. Ez da filmak lortu duen aitortza bakarra, izan ere, Ipar Amerikako generoko zinemaldirik aipagarri eta handienean sekulako arrakasta izan zuen, joan den abuztuan. Zuzendari onenaren saria, epaimahaiaren sari berezia Imanol Nabea argazkilariari, eta nazioarteko film onenari publikoaren urrezko saria eman zizkioten Montrealgo Fantasia International Film Festival jaialdian. Kanadako zinema jaialdian euskarazko film bat proiektatzen den lehen aldia izan da. Horixe bera da lanaren berezitasunetako bat, euskaraz eta hitanoan filmatuta dagoela. “Pandemia zela-eta bi zatitan errodatu behar izan genuen eta film zaila izan da hainbat arrazoirengatik; horregatik, oso ederra da sariak jaso eta egindako ahalegina saritu egin dutela ikustea”, adierazi du Igor Legarretak.

Filma maiatzean estreinatu zen, eta, Zinemaldiari esker, zinema aretoetara itzuli da egun hauetan. Espainia eta Frantzia arteko koprodukzio bat da. Azken karlistaldiaren amaieran girotuta dago Ilargi Guztiak. Todas las lunas fabula fantastikoa. Bakardadeaz, heriotzari beldurra izateaz, bizitzaren hauskortasunaz eta hilezkortasunaz hausnartzen du lanak. Tradizio banpirikoan oinarrituta, bestelako generoak nahasten ditu, tratamendu naturalista duen drama intimo bat osatuz. “Badakit apustua hasieratik zaila dela, ziurtasunak gustatzen zaizkigulako; orduan, generoak nahasten badituzu orokorrean ez da erraza publikoarentzat. Baina hortik badator zerbait polita, ezberdina dena. Niretzat filma drama bat da, fantastikoaren soinekoa jantzita duen drama”, esan du zuzendariak.

Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Zorion Eguileor eta, batik bat, Haizea Carneros gaztea dira protagonistak. “Haiekin lan egitea gozamena izan da, den-denek egin dute lan handia”, dio zuzendariak. Legarretaren aburuz, “inportanteena neskatoa zen, protagonista nagusia zelako; horregatik, kasting handi bat egin genuen Euskal Herri mailan eta, ondoren, Eneko Sagardoy eta Laia Ricart izan ziren coach lanetan hari laguntzen”.

Paisaia filmaren beste protagonistetako bat dela esan daiteke. “Lokalizazioek agertokia aberasten dute eta kontakizunari kutsu magikoa ematen diote; haitzuloei, mendiei eta basoei esker hobeto ulertzen dugu pertsonaien mapa emozionala eta haien tokia munduan”, esan du Legarretak. Gipuzkoan, Bizkaian eta Nafarroan aurkitu ditu zuzendariak bere ipuin fantastikoa kontatzeko paiasiarik eta eraikinik aproposenak. “Ez da erraza izan garai hartako lekuak eta eraikinak bere horretan aurkitzea”, gehitu du egileak.

Lau urte igaro dira Legarretak bere lehen film luzea, Cuando dejes de quererme, zuzendu zuenetik. Bigarrenaren erronka gaindituta, “Zinemak gure errealitatea hobeto ulertzen laguntzen gaitu, guk fikzioa eta fantasia erabiltzen ditugu gure errealitateaz hitz egiteko”, dio zuzendariak.


Irene Elorza

 

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea