Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Berriak > WIP Latam Sailak Martín Benchimol, Felipe Carmona, Guto Parente, Laura Plancarte, Davi Pretto eta Yennifer Uribe Alzate egileen sei film aurkeztuko ditu
WIP Latam Sailak Martín Benchimol, Felipe Carmona, Guto Parente, Laura Plancarte, Davi Pretto eta Yennifer Uribe Alzate egileen sei film aurkeztuko ditu
Ekoizpenak Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia eta Mexikotik datoz

WIP Latam irailaren 19, 20 eta 21ean egingo da
Asteazkena, 2022(e)ko abuztuak 10

El castillo / The Castle, Martín Benchimolena; Estranho Caminho / A Strange Path, Guto Parenterena; Sueño Mexicano / Mexican Dream, Laura Plancarterena; Casa no Campo / A House in the Country (behin-behineko izenburua), Davi Prettorena; Penal Cordillera, Felipe Carmonarena; eta Sandra, Yennifer Uribe Alzaterena (azken bi horiek, egileen lehen lanak) dira postprodukzio-fasean egonik, Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan profesionalez osatutako audientzia baten aurrean aurkeztuko diren Latinoamerikako sei film luzeak. Sei film horiek WIP Latam Industria Saria eta EGEDA Platino Industria Saria irabazteko aukera izango dute, eta, halaber, hein handienean ekoizpen brasildarra duten bi lanak (Estranho Caminho eta Casa no Campo) Projeto Paradiso sarietarako hautagaiak ere izango dira.

Matín Benchimol argentinarrak bakarka zuzendu duen lehen ez-fikziozko lana da El castillo / The Castle. Pablo Aparorekin batera zuzendutako El espanto / The Dread (2017) filmarekin, film ertain onenaren saria irabazi zuen egileak IDFAn. El castillo lanean, Benchimolek bi ama-alabaren istorioa kontatzen digu; filmean, azken hilabeteak elkarrekin igarotzen dituzte biek La Pampan kokaturiko etxe handi-handi baina zeharo hondatu batean; enplegatzaile ohiak oinordetzan utzi zion amari etxea, inoiz ez saltzeko baldintzarekin.

Penal Cordillera Felipe Carmona txiletar antzerkigile eta film laburren egilearen lehen lana da. Protagonistak Pinocheten diktadurako lau jeneral ankerrenak dira. Andeen magalean kokatutako luxuzko espetxe batean zigorra betetzen ari dira, eta horietako batek telebista-ekipo bati elkarrizketa bat ematen dionean eldarnioa eta indarkeria piztuko dira.

Guto Parente zuzendari eta gidoilari brasildarrak Estranho Caminho / A Strange Path aurkeztuko du. Protagonista 2020ko martxoan bere filma zinema-jaialdi batean estreinatzeko Brasilera itzultzen den zuzendari bat da; aitarekin harremanetan jarri beste erremediorik ez du izango gizonak, pandemia dela-eta ezingo duelako herrialdea utzi.

Sueño mexicano / Mexican Dream Londresen kokatutako artista bisual eta dokumental-egile mexikar Laura Plancartek zuzendutako lehen film luzea da. Filmeko aktore guztiak hasiberriak dira, eta protagonista genero-indarkeriatik bizirik atera den emakume bat da, bere bizitza berregiteko eta bere familia bikotekide berriarekin berrosatzeko borrokatzen ari dena.

Davi Prettok zinemagile brasildarrak Casa no Campo aurkeztuko du. Filmean, Amanda bere bikotekide frantziarrarekin Brasil hegoaldean kokatutako familia-etxalde isolatura itzuliko da eta bere aitaren agoniari eta tokiko doktoreari aurre egin beharko die bertan (lur-jabearen eta bere langileen arteko harreman gaiztoa aldatu nahi du doktoreak). Prettoren aurreko bi lanak Berlinaleko Forum sailean estreinatu ziren eta Casa no Campo 2019ko Proyecta Ventana Sur ekimenerako hautatutako proiektuetako bat izan zen.

Sandra filmean, Yennifer Uribe Alzate kolonbiar hasiberriak segurtasun-zaintzaile gisa diharduen ama ezkongabe baten bizimodua erretratatzen du. Protagonistak, autobus-gidari batekin amodiozko istorio bat izan ondoren, askatasuneranzko bideari ekingo dio bere desio-esperientzia propioaren bitartez. Ventana Sur merkatuko Proyecta ekimenaren 2018ko edizioan parte hartu zuen, baita beste laborategi eta tailer batzuetan ere.

WIP Latam sailean jasotako film askok ibilbide arrakastatsua izan dute nazioartean: Manuel Abramovichen Pornomelancolía Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko da; Laura Baumeisterren La hija de todas las rabias / Daughter of Rage filma New Directors sailean ariko da lehian, VIII. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroko proiektu onenaren saria (2021) eta WIP Latam Industria Saria (2019) irabazi ondoren; eta Vicenta B., iaz EGEDA Platino Industria Saria irabazi zuena, Horizontes Latinos saria lortzeko lehiatuko da aurten. Ekimen honetako parte-hartzaileen kasu arrakastatsuei buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu hemen.

 

SARIAK

WIP Latam Industria Saria. Best Digital, Deluxe, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones, No problem Sonido eta Sherlock Films enpresek emana. Aurkeztutako filmetako baten postprodukzioan (ingelesezko azpitituluak biltzen dituen DCP bateraino) eta film hori Espainian banaketan datza.


WIP Latam onenarentzako EGEDA Platino Industria Saria. 30.000 euro, film irabazlearen ekoizle nagusiarentzat.


Projeto Paradiso sariak. Bi sari banatuko dira: lehen saria 10.000 dolarrekoa, eta bigarrena 5.000-ekoa, sail honetan hautatutako fikziozko film brasildarrentzat.

 

 


 

 
 

Davi Pretto (Brasil)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Brasil - Frantzia - Argentina

15 urte atzerrian eman ondoren, Amanda etxera itzuliko da Martinekin, bere bikotekide frantziarrarekin, familia-etxalde handira, Brasil hegoaldeko lautada amaiezinetan kokatutako herri ezkutu batean. Amandaren aita koman dago, eta etxaldeko langileekiko tentsioa gero eta handiagoa da. Ondoko herriko doktore bakarra Helô da, auzokideak zaintzen jardun behar izan duen emakume gazte bat. Lur-jabea laster hilko denez, Amanda, Martin eta Helô etxaldearen jabeen eta langileen arteko itun asaldagarri baten epizentroan egongo dira.


Martín Benchimol (Argentina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina - Frantzia

Bizitza osoa etxe-langile gisa lanean eman ondoren, Justinak Argentinako La Pampa probintzian kokatutako etxe handi bat jasoko du oinordetzan bere nagusi ohiarengandik. Baldintza bakarra etxea inoiz ez saltzea da. Etxea erortzen ari dela, eta etxabereak salduz doazen heinean, Alexia, Justinaren alaba, hirira itzultzeko prestatzen ari da. Filmak ama-alabek elkarrekin emango dituzten azken hilabeteak islatzen ditu, salbaziorako promesak eskaintzen dituen maitagarri-ipuin gazi-gozo baten bidez.


Guto Parente (Brasil)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Brasil - Portugal

David bere jaioterrira itzuliko da, Brasilera, film bat zinema-jaialdi batean aurkeztera. 2020ko martxoaren erdialdea da, eta covid-19a Brasil osora hedatzen hasi da. Gobernuak konfinamendua agindu eta Davidek itzultzeko erreserbatuta zuen hegaldia bertan behera utziko dute. Davidek ez du non geratu eta aitaren –Gerardoren– etxera joan beste erremediorik ez du izango. Badira ia hamar urte ez diola bere aita xelebreari hitz egiten, eta David haren pisuan bizitzen hasten denean gauza bitxiak hasiko dira gertatzen.



Felipe Carmona (Txile)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Txile - Brasil

Pinocheten diktadurako bost torturatzaile ankerrenak hainbat mendetako zigorrak ari dira betetzen Andeen magalean kokaturiko luxuzko espetxe batean. Igerilekua, lorategiak eta hegazti-bildumak dituen esparru bat da, zaindariek beti zaintzen dutena. Telebista-ekipo batek egiten dion elkarrizketan, Contreras presoak adierazpen jakin batzuk egingo ditu, eta ustekabeko eragina izango dute adierazpen horiek. Espetxe arrunt batera eramango dituzten beldurrez, militarrek ahal duten guztia egingo dute han gera daitezen, eta eldarnioa eta indarkeria piztuko dute mendien erdian.


Yennifer Uribe Alzate (Kolonbia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kolonbia - Txile

Sandra ama ezkongabea da, bere seme nerabearekin bizi da eta segurtasun-zaindari gisa egiten du lan. Goiz batean, beste autobus-ibilbide bat hartu eta zaintza-puntu berri batera iristean, Javier ezagutuko du, ibilgailuaren gidaria. Ibilbide berean kointziditzen hasiko dira, eta emakumea erakarpen handia hasiko da sentitzen. Amodiozko istorio bat izaten hasiko dira. Lanaldi neka-nekagarrien artean, aisialdi-une batzuk ere baditu Sandrak lankideekin. Protagonistak, bere bizitza intimoa aurrez aurre duela, ama baino askoz gehiago dela ulertuko du eta askatasuneranzko bideari ekingo dio bere desio-esperientzia propioaren bitartez.


Laura Plancarte (Mexiko)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Mexiko - Erresuma Batua

Malenari Falopioren tronpen lotura egin zioten harreman bortitz baten ondoren, eta Mexiko hirira ihes egin zuen bizimodu hobe baten bila, baina ezkontide ohia geratu zen seme-alaben zaintzarekin, Malenak bortitz aurka egin bazion ere. Orain beste bikotekide bat du eta bere ametsetako etxea amaitzen ari da, non bere familiarekin eta izan nahi duen haurtxoarekin biziko den. Jakintsu eta helduagoa, in vitro ernalketa behar du haurdun geratzeko. Etxe-langile gisa zuen lana utzi eta bere lurraldera itzuliko da negozio bat sortzeko eta beti amestu zuen familia eratzeko. Seme-alabak abandonua sentitzen dute, eta mortifikatu egiten dute Malena horregatik; bikotekideak utziko duela mehatxu egiten dio ugalkortasun-tratamenduak huts egiten badu. Guztiak batu eta bere ametsak egia bihurtu ahalko al ditu?


WIP Latam ekimena Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eta Creative Europe MEDIA programaren babesari eta Best Digital, Deluxe Spain, Dolby Iberia, EGEDA - Sociedad de Servicios para los Productores Audiovisuales, Laserfilm Cine y Vídeo, Nephilim Producciones, No problem Sonido, Projeto Paradiso eta Sherlock Films taldeen laguntzari esker da posible.




Industria Saila ondorengoen babesarekin

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones