Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Berriak > Gaur jarriko dira salgai ‘Black is Beltza II: Ainhoa’, ‘Rainbow’ eta 'Sintiéndolo mucho' filmen estreinaldiak Belodromoan ikusteko sarrerak
Gaur jarriko dira salgai ‘Black is Beltza II: Ainhoa’, ‘Rainbow’ eta 'Sintiéndolo mucho' filmen estreinaldiak Belodromoan ikusteko sarrerak
Fernando León de Aranoa, Paco León eta Fermin Muguruzaren filmak hilaren 17an (larunbata), 18an (igandea) eta 23an (ostirala), emango dira, hurrenez hurren
Asteartea, 2022(e)ko abuztuak 16

Gaur, 10:00etan, Donostia Zinemaldiaren eta Kutxabanken onlineko salmenta-sistemaren bidez, salgai jarriko dira Zinemaldiaren 70. edizioan Belodromoak hartuko dituen hiru filmetarako sarrerak; zehazki, hauek izango dira filmak: Fernando León de Aranoaren Sintiéndolo mucho, Paco Leónen Rainbow eta Fermin Muguruzaren Black is Beltza II: Ainhoa.

Covid-19aren pandemiaren ondorioz bi urtez emanaldirik antolatu gabe pasa ondoren, Donostia Zinemaldiak zinema-areto gisa erabiliko du berriz ere Belodromoa eta mundu mailako hiru estreinaldirekin ospatuko du: musika-dokumental bat, klasiko baten berrikuspena eta animaziozko film bat.

Aretoak ia 400 metro karratuko pantaila bat izango du, egokituta egongo da eta ia 3.000 ikus-entzule sartuko ahalko dira bertan; larunbatean (hilak 17an), Fernando León de Aranoak (Madril, 1968) Joaquín Sabinari buruz egindako dokumentala emango da bertan. Igandean (hilaren 18an), Rainbowren txanda izango da, Paco Leónen (Sevilla, 1974) begirada The Wizard of Oz klasikoari, Dora Postigo, Carmen Maura eta Carmen Machirekin. Azkenik, ostiralean (hilaren 23an), Fermin Muguruzak (Irun, 1963) bere azken animaziozko filma aurkeztuko digu, Black is Beltza II: Ainhoa (lehen zatiak Zinemira itxi zuen 2018an).

Hiru emanaldi horiez gain, Belodromoak hauek ere berreskuratuko ditu: Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta SGAE Fundazioarekin batera antolatutako Kontzertua & Proiekzioa; ezagutza zientifikoarekin lotutako film baten emanaldia ikastetxeetarako, astelehenetik ostiralera, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Euskadiko Filmategiaren eskutik; eta Zinemaldiaren azken egunean egin ohi den saioa, amaiera-galaren, Sail Ofizialaren amaierako filmaren eta Perlak saileko film baten emanaldiekin.

Banakako sarreren prezioa 8,25 eurokoa da. Saio bakoitzerako lau sarrera eros daitezke. Erosketa bakar batean hamar sarrera edo gehiago erosiz gero, % 25eko deskontua aplikatzen da.


Sarreren salmenta

 

Larunbata, Irailak 17

© Fernando Marrero
Fernando León de Aranoa (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia - Mexiko

Joaquín Sabinaren erretratu bat, bonbina jantzita ez duela, bere larruazaletik zentimetro gutxira, azpikeriaz eta gauez, Fernando León de Aranoa zinemagile eta lagunak egina. Istorio latza, zuzena eta ekualizatu gabea (Sabinaren ahotsa bezala), artistaren intimitatearen, agertoki-atzealdeko eta B aldeko xehetasunak kontatzen dituena. Eszenatokitik jaistean hasiko da, eta egunerokoan lagunduko dio, baita ezustean ere, barrean eta draman. Sintiéndolo mucho hamahiru urteko filmaketa baten emaitza da, eta Joaquín Sabinaren agertoki guztiak jaso ditu, publikoak eta pribatuak, argiak eta ezkutukoak. Ibilaldi bat abeslariaren bizitzan eta lanean, mugiarazten, inspiratzen eta mina ematen duten gauzetan, musikariak eta zinemagileak elkarrekin eman dituzten egoera bizietan oinarrituta garatutakoa. 


Igandea, Irailak 18

Paco León (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Dora Postigo, Carmen Maura, Carmen Machi, Luis Bermejo, Ayax Pedrosa, Wekaforé Jibril

Musikarako ezohiko talentua eta eutsi ezin den barne-energia ditu Dora nerabeak. Bere urtebetetze-egunean eztabaida bortitza izango du aitarekin. Ondoren, etxetik ihes egingo du Totó txakurrarekin eta amaren bila abiatuko da. Ez du ezagutzen, Dora haurtxoa zenean desagertu zelako. Bidean, lagun berriak ezagutuko ditu eta Dorarekin joango dira Ciudad Capitalerako road trip batean. Bere iraganeko misterioa argitzen saiatuko diren etsai arriskutsuei ere egin beharko die aurre. Dena den, Doraren bizitasunak eta magiak lagunduko diote bidaiaren amaierara iristen, beste baten hasiera dena.


Ostirala, Irailak 23

Fermin Muguruza (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia - Argentina

Ainhoa mirariz jaio zen La Pazen (Bolivia) Amanda ama atentatu parapolizial batean eraila izan ondoren. Kuban hazi eta 1988an, 21 urterekin, Euskal Herrira abiatuko da Manex aitaren lurraldea ezagutzera. Gatazka errepresibo betean, Josune kazetari konprometitua eta bere lagun koadrila ezagutuko ditu. Horietako bat heroina gaindosi baten ondorioz hiltzen denean, Ainhoa eta Josune iniziazio-bidaian murgilduko dira Libano, Afganistan eta Marseilla hiritik barrena. Gerra Hotzaren azken urteak dira eta biak ala biak narkotrafikoko sareek trama politikoekin elkartzen diren mundu ilunean barneratuko dira.

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones