Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Berriak > Hamahiru film labur lehiatuko dira Nest Sariaren 21. edizioan, eta ohiko formatua berreskuratuko da aurten
Hamahiru film labur lehiatuko dira Nest Sariaren 21. edizioan, eta ohiko formatua berreskuratuko da aurten
Zinema-ikasleen nazioarteko lehiaketaren historian lehendabizikoz, euskarazko bi lan hautatu dira
Osteguna, 2022(e)ko abuztuak 18

Nesten –Donostia Zinemaldiko zinema-ikasleen film laburren nazioarteko lehiaketaren– XXI. edizioan 44 herrialdetako 160 eskolak aurkeztutako 350 filmetatik hamahiru hautatu dira, formari eta gaiari dagokienez oso aniztasun handikoak. Hautatutako lanak herrialde hauetatik datoz: Alemania, Brasil, Txina, Kolonbia, Espainia, Estatu Batuak, Frantzia, Japonia, Dominikar Errepublika, Hegoafrika eta Suitza.

Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak antolatua, Nest sailak mundu osoko zinema-eskoletako ikasleen –egungo eta etorkizuneko zinemagileen– lanak ezagutarazten ditu. Film laburrak erakutsi eta preskribatzeko leku izateaz gain, Nestek ikasleen, zinemagileen, industriako profesionalen eta ikus-entzuleen arteko topaleku izateko bokazioa ere badu: Zinemaldiak zinemari buruz elkarrizketan aritzeko eta prestakuntza-alorraren eta mundu profesionalaren arteko gurutzaketa faboratzeko gaitzen duen gune bat, hain zuzen.

Hautatutako hamahiru film laburrak Tabakalerako zinema-aretoan emango dira irailaren 19tik 23ra (astelehenetik ostiralera), jardueraz betetako programa batean; aurten, Nestek bere ohiko formatua berreskuratuko du, pandemiaren aurretik zuena, alegia, klase magistralekin eta ekitaldi sozialekin, eta horrek esan nahi du berriro bilduko direla zinema-eskoletako 60 ikasle baino gehiago Donostian.

Laugarren urtez jarraian, Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) –Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako eta Zinemaldiak, Tabakalerak eta Euskadiko Filmategiak parte hartzen duten eskolak– aurkeztutako film labur bat barne hartuko du Nest sailak. Hala, Mikele Landa Egigurenek zuzendutako Noizko basoa bilduko du Nestek. Gainera, UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko zuzendari baten film laburra ere hautatu da: Nagore Muriel Letamendiaren Erro bi. Euskarazko film laburrak lehian ariko dira lehendabizikoz saila duela 21 urte sortu zenez geroztik.

Aukeratutako lan guztien artean, zinemaren esparruko pertsona ospetsu batez eta hautatutako eskoletako ikasleez osatutako epaimahai batek Nest Saria emango du: 10.000 euro film labur irabazlearen zuzendariarentzat.

Nestek –talentu berriak bultzatzeko estrategiaren barruan Donostia Zinemaldiak duen sail garrantzitsuenetako batek– hogeigarren urteurrena ospatu zuen iaz. 2002an sortu zenetik, 1.000 zinemagile gazte baino gehiago hartu ditu, ehun eskola magistral eta elkarrizketa egin ditu industriako profesionalekin (Céline Sciamma, Albertina Carri, Alexander Payne eta Bertrand Bonello) eta 350 film labur baino gehiago hautatu ditu. Nest guzti-guztiaren abiapuntutzat jotzen da, eta Jerónimo Quevedo, Kiro Russo, Oren Gerner, Isabel Lamberti, Léa Mysius, Laura Wandel, Grigory Kolomytsev eta geroago euren hurrengo lanak nola Donostiako Zinemaldian hala nazioarteko zirkuituko beste lehiaketa batzuetan estreinatu dituzten beste hainbat zinemagileren lanak erakutsi izan ditu.

Tabakalerako Medialabeko Estudioan orain arteko film sarituak proiektatu dira nahieran ikusteko.

 

© Mathis Hanspach
Allen Zweifeln zum Trotz / Against All Odds (Film laburra)
Laurenz Otto (Indonesia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Alemania
Antzezleak: Johannes Degen, Daniel Michel

Younusek ez du sekula amore ematen! Aitaren irudi arraro baina ezagunaren lilura benetako intimitaterako irrika hazkorrarekin nahasten zaio. Younus joko arriskutsu batean ari da, kontu handiz mugak proban jarri eta hedatuko baititu. Azkenik, tentsioa askatzen denean, harreman hauskor horren erro sakonenak zalantzan jarriko ditu mutikoak.



Anabase (Film laburra)
Benjamin Goubet (Frantzia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Suitza
Antzezleak: Mina Squalli-Houssaïni, Robin Belluard

Geneva, gauez. Guardiek hiria patruilatzen dute eta soldaduak trebatu egiten dira. Sony segurtasun-zaindaria da. Ana, berriz, harreragilea banku batean. Inguruan, hiria malenkonian murgilduta dago bi izarrek topo egiten dutenean.


Après le rouge / After the Red (Film laburra)
Marie Sizorn (Frantzia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia

Korsikako herri bateko biztanleak sute erraldoi baten lekuko izan ziren. Oroitzapen batek biztanle horien bizitza zeharo aldatu eta aztarnak utzi zituen gertaera horrekiko interesa piztu zion zuzendariari.


Buxiaodema / Pass in Situ (Film laburra)
Zhang Fengyi (Txina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Txina
Antzezleak: Zihao Tang

Suntsitzen ari diren hiri batean, Feng Hao izeneko gazte batek Jian aurkitu nahi du, zor dion dirua eskatzeko, bere neskalagunaren abortua ordaindu nahi baitu.



Erro bi (Film laburra)
Nagore Muriel Letamendia (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia
Antzezleak: Ibone Ajuria Fondado, Sonia Villamor

Urtebete igaro da Ainhoaren aita hil zenetik. Harrez geroztik, aitarekin bizi zireneko baserrian bizi dira ama-alabak. Ainhoak hortik joan nahiko du, lekuak aita gogorarazten baitio. Amak, ordea, alaba berarekin geratzea nahiko du. Baserriko behi baten heriotza aitzakiatzat hartuta, Ainhoari hirira joatea galarazten saiatuko da ama.


Heart Fruit (Film laburra)
Kim Allamand (Suitza)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Suitza
Antzezleak: Sofia Borsani

Uda amaierako gau epel baterantz abiatzen den hiriko jendea. Liburutegi batean gertatutako begiradak. Entrenatzen ari diren bitartean maitasuna non eros ote daitekeen eztabaidatzen ari diren bi gizon. Bikote bat elkarri musu intimo bat ematen. Emakumeak hozka egiten dio gizonari. Bikote bat erosi bezain laster, eskaintza hobea jasotzen du gizonak. Zalantzak sortzen dira.


Ilanga Alikho / The Sun Is Missing (Film laburra)
Advik Beni (Hegoafrika)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Hegoafrika
Antzezleak: Maqhawe Junior Madonsela

Erostari profesional baten semeak aitak zuen lanaren ardura hartuko du. Nahastuta, ez du negar gehiago egin nahi, baina ez daki beste ezer egiten. Laster, bidaia bati ekingo dio Kwa-Zulu Natal probintziako paisaia menditsu zabalean zehar, bere lekua aurkitzen saiatzen den bitartean.


Les hommes de la nuit / Men of the Night (Film laburra)
Judith Auffray (Frantzia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia
Antzezleak: Gérard Dousseau

Gauez eta egunaren iluntasunean, prismatikoak eta koadernoak daramatzan esploratzaile batek Borneoko oihana zeharkatzen du orangutanen bila. Behatu, aztertu eta marraztu egiten ditu.


Montaña azul / Blue Mountain (Film laburra)
Sofía Salinas (Kolonbia), Juan David Bohórquez (Kolonbia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kolonbia

Aitaren deshobiratzea filmatu ondoren, Juanek bideo batzuk aurkituko ditu, aita maisu eta sindikalista zenean egin ohi zituen ibilbideetan grabatuak. Juanek haren jaioterria zeharkatuko du aurkitutako irudiei jarraituz, Kolonbiako indarkeria-garaietako batean erail zuten aitaren oroitzapenen bila.


Noizko basoa / When Does a Forest Begin (Film laburra)
Mikele Landa Eiguren (Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia

Baso bat berriz hasten da. Herri batek inoiz ikusi ez zuen paisaia bat gogoratzen du. Lur lehorra astintzen duten eskuak, aitzurrak eta botak, Ullan noizbait bizi ziren zuhaitzak azalera ateratzeko. Hemen sortzen da ibaia etengabe, eta jada ahantzitako hizkuntza bat xuxurlatzen du. Baso bihurtzen denean, nor biziko da leku honetan? Baso bat landatu al daiteke? Inork ahoskatuko al du bere izena? Non hasten da herri bat?



Quem de direito / The Rightful (Film laburra)
Ana Galizia (Brasil)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Brasil

Artxiboetako dokumentu, irudi eta soinuen bilduma, iragana orainarekin lotzeko, lurraren eta uraren alde borrokatzeko Guapiaçu bailararen inguruko eskualdean, Brasilen.



Tropicalía (Film laburra)
Rodney Llaverías (AEB)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Dominikar Errepublika

Dolores emakume sendo eta bakartia da, bere ama ero eta gaixoa zaintzera baztertua. Txakur zauritu bat zerutik bere etxeko zabaltzara erortzen denean, bat-batean aterako da protagonista bere ohiko bizitzatik. Adiskide berri horrekin, Doloresek bere monotoniari irtenbide bat aurkitu eta bere alde basatia onartuko du.



Tsuki no yoru / Moon Night (Film laburra)
Manaka Nagai (Japonia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Alemania
Antzezleak: Manaka Nagai, Katsuya Abe

Emakume gazte bati ama hil zaio. Bizitzak aurrera jarraitzen du, galera izugarria bada ere. Oinazetik aldendu nahian, ilargira doa hegan. Etxera itzultzean, ezusteko bat izango du zain.

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones