Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Berriak > ‘En los márgenes’, Juan Diego Botto aktoreak zuzendutako lehen filma, Perlak Sailean egongo da
‘En los márgenes’, Juan Diego Botto aktoreak zuzendutako lehen filma, Perlak Sailean egongo da
Penélope Cruz, Luis Tosar eta Botto bera dira pelikularen protagonistak
Ostirala, 2022(e)ko abuztuak 12

En los márgenes / On the Fringe, Juan Diego Botto aktorearen debuta zuzendaritzan, Perlak saileko filmei gehituko zaie. Perlan sailean Espainiako film luze nabarmengarri eta argitaragabeen hautaketa bat biltzen da, kritikak txalotuak eta/edo nazioarteko beste jaialdi batzuetan saritutako filmak hain zuzen ere. Antzezle ezaguna film berriaren zuzendari eta protagonista da, eta Penélope Cruz eta Luis Tosar dira beste bi aktore nagusiak (Cruz, halaber, filmaren ekoizle ere bada Álvaro Longoriarekin batera). Donostia Zinemalditik igaro aurretik, En los márgenes filmak Veneziako Mostran (Orizzonti sailean) izango du mundu-estreinaldia.

Familia, maitasuna eta elkartasuna dira filmean jorratutako gaiak, eta bizirik irauten saiatuko diren hiru pertsonaiak euren etorkizunerako erabakigarriak izango diren 24 orduan hiri handi baten marjinetan egindako erlojupeko bidaia zirraragarri gisa dago planteatuta.

Juan Diego Bottoren (Buenos Aires, 1975) ibilbidea antzezle gisa Donostia Zinemaldiaren bilakaeraren paraleloa izan da, Made in Spanish sailean programatu baitzen Bottoren lehen arrakasta handia aktore gisa, Historias del Kronen (Montxo Armendáriz, 1995), Cannesko lehiaketatik igaro ondoren. Gerora, argentinarrak protagonista gisa egindako hainbat film Donostiako Sail Ofizialean izan dira behin baino gehiagotan, hala nola hauek: Martín (Hache) (Adolfo Aristarain, 1997), Plenilunio (Imanol Uribe, 1999), Roma (Adolfo Aristarain, 2004), Obaba (Montxo Armendáriz, 2005) eta Vete de mí (Víctor García León, 2006). Halaber, Pasos de baile / The Dancer Upstairs (John Malkovich, Perlak, 2002), Los abajo firmantes (Joaquín Oristrell, Especiales Zabaltegi, 2003) eta Hay motivo (hainbat egile, Made in Spain, 2004) ere Zinemaldian izan genituen. Horrez gain, 2011n Horizontes Latinos saileko epaimahaikide izan zen Botto.

Bottok berrogeita hamar bat filmetan parte hartu du eta sei aldiz egon da Goya sarietarako izendatuta. Antzerkigile gisa, bestalde, sei antzezlan idatzi ditu, eta antzerki-sari nagusiak irabazi izan ditu lan horiengatik, 2021ean jasotako Antzerki Sari Nazionala barne.

Juan Diego Bottok lehendabizikoz zuzendutako film luzea Perlak sailerako jada iragarri diren hiru ekoizpen espainiarrei gehitu behar zaie: Un año, una noche / One Year, One Night, Isaki Lacuestarena; As Bestas / The Beasts, Rodrigo Sorogoyenena; eta Los renglones torcidos de Dios / God’s Crooked Lines, Oriol Paulorena. Laster jakinaraziko da Perlak saila osatuko duten eta Donostia Hiria Publikoaren Saria lortzeko lehiatuko diren filmen hautaketa osoa.

 

Juan Diego Botto (Argentina - Espainia)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Espainia - Belgika
Antzezleak: Penélope Cruz, Juan Diego Botto, Luis Tosar

Familiari, maitasunari eta elkartasunari buruzko filma. Bizirik irauten saiatzen diren hiru pertsonaiaren atzerako kontaketa, elkarri lotutako hiru istoriorekin, agian hiruon bizitza behin betiko ibilbidez aldatuko duten 24 ordu erabakigarritan. Estres ekonomikoak harreman pertsonaletan duen eragina aztertzen du filmak, maitasunari eta elkartasunari esker aurrera atera gaitezkeela islatzeaz gain. Erlojupeko bidaia zirraragarria hiri handi baten marjinetan.

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones