Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Berriak > Mariano Biasinek zuzendutako ‘Sublime’ filmak jasoko du hamargarren Sebastiane Latino saria
Mariano Biasinek zuzendutako ‘Sublime’ filmak jasoko du hamargarren Sebastiane Latino saria
Gehitu elkarteak emandako golardoak sexu- eta genero-aniztasuna hobekien irudikatzen duen film latinoamerikarra saritzen du

Berriro ere, Iberoamerikako LGTBIQA+ Zinema Jaialdien Topaketa Donostia Zinemaldiaren barruan egingo da
Asteazkena, 2022(e)ko abuztuak 17

Mariano Biasin zinemagile argentinarrak zuzendutako Sublime filmak hamargarren Sebastiane Latino saria jasoko du, GEHITU Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Bisexual, Trans eta Intersexualen Elkarteko kideek osatutako epaimahaiak ematen duena. Sari-banaketa –Gehitu kolektiboak berak antolatua, 2022ko film latinoamerikarren artean sexu- eta genero-aniztasuna ondoen irudikatzen duen filma saritzeko– Donostia Zinemaldiaren 70. edizioan egingo da.

Sublime ekoizpen argentinarra – Berlinaleko Generation 14plus sailean parte hartu zuena– Mariano Biasin (Buenos Aires, 1980) zuzendariaren lehen film luzea da. Aurten Donostia Zinemaldiko Horizontes Latinos sailean parte hartuko duen filmak 16 urteko mutil bat du protagonista, Manuel. Manuelek baxua jotzen du musika-talde batean, eta Felipek –protagonistaren txikitako lagunak– ere jotzen du talde horretan. Manuel Azulekin ari da irteten, eta harreman bizia du neskarekin, baina egun batean zerbait gertatuko zaio Manueli eta Felipe beste modu batean ikusten hasiko da.

 

X. Sebastiane Latino sariaren epaimahaiak honako hau erabaki du:

  • Kolektiboaren borrokak egunerokoan lortu dituen aldaketak islatzen dituen film bat delako.
  • Filmak maitasunezko istorio positibo eta bisualki erakargarri bat kontatzen digulako erromantizismoa, nerabezaroa, musika, beldurra eta desira elkartuta. Eta, gainera, duela urte batzuk filmak amaiera erabat desberdina izango lukeelako.
  • Élite telesaila denon ahotan dagoen garai honetan, gogorarazten digulako haztea beldurra sentitzean, bizitzari aurre egitean eta ausarta izatean datzala.
  • Halaber, filmean dena horren era naturalean lantzen denez, azken hamar urteotan zenbat urrats eman ditugun ikus dezakegu.
Horregatik guztiagatik, 2022ko Sebastiane Latino saria Mariano Biasinen Sublime film argentinarrari emango diogu.


IBEROAMERIKAKO LGTBIQA+ ZINEMA-JAIALDIEN TOPAKETA

Gainera, 2015etik, Gehituk eta Donostia Zinemaldiak Iberoamerikako LGTBIQA+ Zinema Jaialdien Topaketa antolatzen laguntzen dute, industriako jarduerak gauzatzen diren egunetan. Sare-hausnarketarako eta -lanerako esparru bat eratzeko asmo argiarekin, topaketak bi helburu ditu: batetik, LGTBIQA+ eskubideen arloan ikus-entzunezkoen sektoreak dituen joerei eta erronkei buruz hausnartzea, mahai-inguruen eta kasu praktikoen azterketaren bidez; eta, bestetik, topaketa Zinemaldian industria akreditaziodunari irekitzea.

Jarduera horien arloan, irailaren 20an (asteartean) hainbat mahai-inguru egingo dira Latinoamerikako zinemak dituen erronkei buruz eztabaidatzeko, nola ekoizpenari dagokionez, hala banaketari gagozkiola, generoaz edo sexu-orientazioaz haraindi joan nahi duten eta, aniztasuna nabarmentzeko xedez, arreta kolektibo espezifikoagoetan jartzen ari diren filmen inguruan, dela bizi diren lurraldeari dagokionez, dela dagokien gizarte-klaseaz edo jatorri eta hizkuntzaz ari garela. Gainera, Donostia Zinemaldiaren edizio honetan hautatutako hainbat film baliagarriak dira maskulinitatea ikus-entzunezkoen bitartez esploratzeko.

Informazio gehiago: Iberoamerikako LGTBIQA+ zinema-jaialdien topaketa.

 

© Tarea Fina
Sublime
Mariano Biasin (Argentina)
Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina

16 urteko Manuel kostaldeko hiri txiki batean bizi da. Baxua jotzen du bere lagun onenekin duen musika-taldean. Lagun horietako bat Felipe da, eta oso lagun minak dira biak gazte-gaztetatik. Manuelek harreman bat du Azulekin, eta bizitasun handiz ari dira esploratzen harreman hori biak. Baina lehen aldiz egitear dagoela, Manuelek sentimendu zeharo berria izango du, eta Felipe bestela ikusten hasiko da. Bi adiskideon ohiko egoerak aldatzen hasiko dira. Manuelek jakin nahi du Felipek ere bulkada hori sentitzen ote duen. Erronka bi mutikoen adiskidetasuna arriskuan ez jartzea da, baina kolokan egongo da azkenean halabeharrez.



Industria Saila ondorengoen babesarekin


© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones