Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Berriak > Albert Serrak, Mikel Gurreak, Fernando Francok, Pilar Palomerok, Alauda Ruiz de Azúak, Carlota Peredak, Alberto Rodríguezek eta Belén Funesek Koldo Mitxelena kulturuneak antolatutako ‘Zinemagileen elkarrizketa’ ikastaroaren bigarren edizioan parte hartuko dute
Albert Serrak, Mikel Gurreak, Fernando Francok, Pilar Palomerok, Alauda Ruiz de Azúak, Carlota Peredak, Alberto Rodríguezek eta Belén Funesek Koldo Mitxelena kulturuneak antolatutako ‘Zinemagileen elkarrizketa’ ikastaroaren bigarren edizioan parte hartuko dute
Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi eta Maider Fernández Iriarte izango dira bederatzi elkarrizketetako lehenengoaren protagonistak. Haien elkarrizketa azaroaren 3an izango da, eta egingo den azkena, berriz, maiatzaren amaieran. Horretan, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga izango dira protagonistak

Saioak –Donostia Zinemaldiaren Z365 atalak eta Elías Querejeta Zine Eskolak kolaboratu dute– irekiak izango dira, aurrez aurre nahiz online
Asteartea, 2022(e)ko urriak 18

Lehen edizioaren arrakasta eta gero, Zinemagileen elkarrizketa ikastaroaren bigarren edizioa egingo da Koldo Mitxelena kulturunean. Zinema-ikasleei eta zinemazaleei zuzenduta dago, eta zinemako profesionalek emango dute. Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatu da. Ikastaroak bederatzi saio izango ditu, denak ere publiko guztiei irekiak (zinemazaleak nahiz zinema-ikasleak), eta Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi, Maider Fernández Iriarte, Albert Serra, Mikel Gurrea, Fernando Franco, Pilar Palomero, Alauda Ruiz de Azua, Carlota Pereda, Alberto Rodríguez, Belén Funes, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga izango dira protagonistak. Bigarren edizio honek aurrekoak baino saio gehiago izango ditu (bederatzi, eta aurrekoak, bost), eta azaroaren eta maiatzaren artean egingo dira. Ez da beharko aurrez izena ematea. Ekimenak interes handia piztu du; izan ere, aurreko edizioan amaitu egin ziren plazak, bai aurrez aurre bai online, eta, gainera, elkarrizketak parte hartzekoak dira, publikoak eta zinemagileek elkarrekin hitz egiteko aukera baitute.

Ikastaro honek film bat produzitu eta egiteko prozesuan ikusten ez diren alderdiak hobeto ulertzeko gakoak eman nahi dizkie zinemazaleei. Zinemagileen elkarrizketak sorkuntza zinematografikoaren barruko historiaren berri ematen du elkarrizketa-formatu arin batean. Elkarrizketa guztien ideia nagusia da zinema lanbide kolektibo bat dela. Zinemagile bakoitzarekin batera harekin hainbat arlotan (muntaketa, interpretazioa, gidoia, produkzioa...) kolaboratu ohi duen pertsona bat egongo da, edota beste zinemagile bat, belaunaldi berekoa dena edo abiapuntu edo kezka formal edo tematiko berberak dituena.

Bada, lehen saioan (azaroaren 3an izango da), Estibaliz Urresola, Irati Gorostidi eta Maider Fernández Iriarte arituko dira elkarrizketan. Estibalitz, Cuerdas film laburra Cannesko Kritikarien Astean estreinatu eta Zabaltegi-Tabakalera sailean parte hartu ondoren, bere lehen film luzea egiten ari da: 20.000 especies de abejas. Irati egoiliarra izan da aurten Ikusmira Berriaken eta, bertan, bere lehen lana egin du: Anekumen. Eta Maiderrek, Ikusmira Berriaketik igaro ondoren, Las letras de Jordi bere lehen film luzea estreinatu zuen Donostia Zinemaldiko New Directors sailean eta egun, bere bigarren filma prestatzen ari da. Hiruak 2022ko Kimuaken egon dira.

Azaroaren 22an, Albert Serra Ariadna Ribas eta Artur Tort bere azken lanetako muntatzaileekin arituko da elkarrizketan. Besteak beste, azken Canneseko zinema-jaialdian eta Donostia Zinemaldiko Made in Spain sailean parte hartu zuen Pacifiction / Tourment sur les îles lanean aritu dira.

2022ko azken saioan, abenduaren 13an, Mikel Gurrea zuzendari donostiarrak Laura Rubirola bere produktorea izango du mintzaide, eta Suro estreinako lana izango dute hizpide (Fipresci saria, Euskal Zinemaren Irizar saria eta Euskal Gidoi Onenaren Saria lortu berri ditu Donostian).

Urtea hasteko, Fernando Franco muntatzaile eta errealizadorearen eta Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen La consagración de la primavera bere azken filmeko protagonista diren Telmo Iruretaren eta Valèria Sorollaren arteko elkarrizketa izango dugu. Zuzendariaren eta interpretearen arteko baterako lanari buruzko gogoeta hori urtarrilaren 11n izango da.

Muntaketak berriz ere hartuko du protagonismoa otsailaren 16an Pilar Palomeroren eta Sofía Escudéren arteko elkarrizketarekin. Elkarrekin lan egin dute Las niñas filmean (film onenaren Goya saria) eta La Maternal filmean (Interpretazio Nagusi Onenaren Zilarrezko Maskorra Carla Quílezentzat).

Martxoaren 9an, 2022ko debut nabarmenenetako biren zuzendariak arituko dira elkarrizketan; hots, Alauda Ruiz de Azúa (Cinco lobitos) eta Carlota Pereda (Cerdita). Biak igaro dira laburretik luzera eta biek estreinatu dituzten beren lehen lanak nazioarteko zinema-jaialdietan, Donostia Zinemaldiko Made in Spain eta Zabaltegi-Tabakalera sailetatik, hurrenez hurren, igaro baino lehen.

Orain dela gutxiko Espainiako zinemaren kolaborazio luze eta emankorrenetako bat izango da apirilaren 13ko saioko protagonista: Alberto Rodríguez zuzendariarena eta Rafael Cobos gidoilariarena. Haiena da azken Donostia Zinemaldiaren inaugurazioko filma: Modelo 77.

Gidoia egongo da elkarrizketaren erdigunean berriz ere maiatzaren 4an, Belén Funesen eta Marçal Cebriánen saioan. Belének La hija de un ladrón (Zuzendari Berri Onenaren Goya Saria) bere lehen lana estreinatu zuen Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean. Biak beren bigarren filmean lanean ari dira.

Bigarren edizioa ixteko, maiatzaren 26an, Aitor Arregi, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga euskal zinemagileek beren lan-eredu kooperatiboa eta plataforma baterako egingo duten beren lehen telesailerako (Balenciaga) lana azalduko dituzte.


Saio guztiak 19:00etan egingo dira Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian. Doakok izango dira, eta irekian emango dira kulturunearen webgunean (kmk.gipuzkoakultura.eus).  

Ikastaroaren helburua da zinemagilearen begirada bakarra deszentralizatzea, baina baita proiektu bat osatzen duten lanbide tradizionalagoak ezagutaraztea ere, eta, ondorioz, zinema modu kritiko batean ikusten eta irakurtzen ikastea –testuinguru honetako inguruabarrak direla-eta noranzko posible guztietan mutatzen ari da–.

Koldo Mitxelena kulturuneak zinemaren alde egin duten apustu honek zentroa garatzen ari den lan-ildo nagusiari jarraitzen dio: eztabaida, elkarrizketa eta ezagutza. Hori horrela izanik, lan-esparru nagusietako bat da ikus-entzunezko proiektuak laguntzea, sustatzea eta hedatzea. Ildo horretan, nabarmentzekoak dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentua egiten ari den ekintzak; tartean, hauek: Elías Querejeta Zine Eskola sortzea, eskola horretan matrikulatzeko bekak, Lanabesak laguntza-ildoa (80 iraupen luzeko ikus-entzunezko proiektu babestu ditu 2017az geroztik), eta Aldundia San Sebastian - Gipuzkoa Film Comissionen sartzea.

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones