Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Zinemaldiaren Egunkaria > Bizitza zatiak etxeko intimitatean
Zinemaldiaren Egunkaria » Zinemira
Bizitza zatiak etxeko intimitatean
CINCO LOBITOS
Larunbata, 2022(e)ko irailak 24

Aspertzeko astirik gabe dabil Alauda Ruiz de Azua (Barakaldo, Bizkaia, 1978) gidoilari eta zuzendaria egun hauetan, Donostia Zinemaldian. Batetik, RTVE-Beste Begirada Sariaren epaimahaiko kidea da, eta bestetik, Cinco lobitos filma dakar Zinemira saila ixtera, lehiaketaz kanpo. Lanpetuta ibili arren, gustora dabilela aitortu du. “Beteta daukat agenda, baina gauza gustagarriekin; filmez hitz egitea eta gozatzea ederra izaten da”, dio. “Duela urte asko, zinema zuzendaria izatearekin amets egiten nuen garaian, bekaduna izan nintzen Zinemaldian; orain, oso ederra da etxera itzultzea eta bertako ikusleen aurrean filma ikustea”, gaineratu du.

Mundu osoko ehunka jaialditan erakutsi eta sari andana jaso dituzten film laburrak egin ostean, Cinco lobitos izan da egilearen lehen film luzea. Publikoaren eta kritikaren harrera beroa jaso du eta poz handiak ekarri dizkio Ruiz de Azuari. Egileak Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zuen filma eta Malagako zinema- jaialdian Espainiako film onenaren Urrezko Biznaga, emakumezko aktore onenaren (Laia Costa eta Susi Sánchez) eta gidoi onenaren Zilarrezko Biznagak eta Publikoaren Saria eskuratu zituen. Ruiz de Azuarentzat filma osatzen ari den ibilbidea amets bat izaten ari da: “Oso bidaia berezia da lehen film baterako, zorionekoak gara Berlinen hasi zenetik eta, batik bat, jendearekin lortu duen loturagatik”. Filma Donostia Zinemaldian ikusteak hunkidura berezia sortzen dio egileari.

Barru-giro

Egoerak gainezka egiten dion ama gazte baten sentimenduak ditu abiapuntutzat Cinco lobitos filmak. Senarra gehienetan etxetik kanpo dagoela eta, Amaiak (Laia Costa) ezin ditu zaintza eta lana bakarrik kontziliatu. Gurasoen etxera babes bila joango dira Amaia eta haurtxoa baina ama gaixotu egingo da eta Amaiak zain-du beharko ditu etxeko denak, familia- rolak hankaz gora geratu ostean.

Cinco lobitos filmak ikusleekin izan duen konexio horren gakoetako bat norbera bere burua pertsonaiengan errekonozitzeko gaitasuna izan da. Honela azaltzen du Ruiz de Azuak: “Zinema mota guztiak gustatzen zaizkit, baina bereziki babesleku-zinema, identifikatuta sentitzeko aukera ematen dizuna eta zure alboan doana”. Helburu argi horrekin, oso egunerokoak diren irudien sorkuntzan sakondu du zuzendariak. Amatasuna, familia harreman gorabeheratsuak, indar-korrelazio eta oreka ia ezinezkoak, zaintza, pozak, tristurak… Edozeinek ikus eta sentitu dezake bere etxean bizitako hainbat konturen isla, filmean.

Benekotasun sentsazio hori eraikitzen berebiziko garrantzia izan dute filmeko aktoreek: Laia Costa, Susi Sánchez, Ramon Barea eta Mikel Bustamante. “Zorte handia izan nuen casting-arekin; gidoia irakurri orduko, hiru aktore nagusiek baietz esan zuten. Gainera, geroago Mikel sartu zen eta ondo baino hobeto egokitu zen taldean. Oso ondo konektatu zuten guztiek pertsonaiekin, eta, ezinezkoa dena harrapatzeko ahalegin horretan, jolastera eta geruzak gehitzera irekita egon ziren hasieratik”, azaldu du.

Honenbestez, Cinco lobitos filmaren ikuslea pixkanaka-pixkanaka sartzen da familia horren egunerokotasunean, intimitate jakin baten lekuko bihurtuta. Egoera arrunt eta ustez txiki eta gazi-gozo horien eskutik joatea da filmak izan duen arrakasta itzelaren arrazoietako bat. Arrakastak hurrengo proiektua egiteko orduan sortzen dion presioaz galdetuta, argi erantzuten du: “Film bat eraikitzea oso zaila da beti eta sorkuntza aldian nagoelarik, horrelako kontuetan ez pentsatzen saiatzen naiz”.


IRENE ELORZA GEREÑO

 
Alauda Ruiz de Azua zuzendariaren Cinco lobitos filmak itxiko du Zinemira Saila, gaur.
Alauda Ruiz de Azua zuzendariaren Cinco lobitos filmak itxiko du Zinemira Saila, gaur.

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones