Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 70. Edizioa 2022  > Zinemaldiaren Egunkaria > Pasio lasaia
Zinemaldiaren Egunkaria » Claude Sautet
Pasio lasaia
NELLY ET MR. ARNAUD / NELLY Y EL SR. ARNAUD
Larunbata, 2022(e)ko irailak 24

Pasioaz hitz egiten dugunean, gorabehera emozionalak, sukarraldi biziak, ustekabeko amaierak eta desengainuak etorri ohi zaizkigu gogora. Zinemak oso lan eraginkorra egin du mendebaldeko kanonean finkatu den pasiozko harremanaren imajinarioa ezartzeko, eta hamaika dira dramaz beteriko istorioak kontatzen dituzten filmak. Film honetan, ordea, pasioa lasaia da, sotila, lineala, barea. Eta, hala ere, oso sakona eta oso benetakoa da hemen kontatzen den maitasuna.

Claude Sautetek behin baino gehiagotan landu zuen, bere filmografian, bikoteen eta, are, hirukoteen arteko harremanaren harrobia, baina beharbada film honetan lortu zuen ahalegin horretan gorena, hemen eztanda egiten baitu haren beste filmetan antzematen den giro eta nahi horrek: maitasuna estridentziarik gabe marraztea; ez-maitasuna ere iradokitzea, nora iristen ez den harremanaren gora behera guztiak  arne. Aktoreen lana aparta da eta gidoia, oso delikatua.

Nelly et Mr. Arnaud (1995) filmaren kontakizuna tranpaz beteta baitago, itxuraz sotila eta akademikoa bada ere. Nellyri (Emmanuelle Béart), harreman triste eta etorkizunik gabeari eutsi nahi dion testu zuzentzaileari, ustekabeko aukera zabaltzen zaio hirugarren lagun baten bidez epaile bat ezagutzen duenean. Arnaud jaunak (Michel Serrault) berehalako erakarmena sentitu du neska gaztearekiko, eta bere bikotearekin partekatzen dituen zorrak kitatzeko adina diru eskaintzeaz gain, lana ere proposatu dio: argitaratu nahi lukeen liburua zuzentzea alegia. Hortxe hasten da Nellyren bizitza berria, aurretik zeukan harremana eten ez ezik, maitatzeko eta maitatua izateko bi aukera berri irekiko dizkiona: bat, Arnaud jaunarekin; bestea, epaile zaharraren liburua editatuko duen argitaratzailearekin.

Zuzendariak, maisutasun handiz, hiru harreman horien arteko joko sotila proposatuko digu orduan: ohiko harreman osoa argitaratzailearekin; harreman hasieran zehaztugabea baina gero eta interesgarriagoa epaile jaunarekin, eta erabat amaitzen ez den harreman etsigarria bikote ohiarekin. Filmak eraman egiten gaitu Nellyren gorabehera emozionalen txirristan, baina protagonistak, egiaz, lasaitasun harrigarria erakusten du une oro: hiru gizonak aztoratu, ilusionatu edo etsitzen diren bitartean, berak gauzak gero eta garbiago dituela ematen du.

Oso interesgarria eta argigarria da Arnaud eta Nellyren artean Sautetek proposatzen duen jokoa. Epaile jaunarentzat, bizitzaren azken urteak dira, eta etapak itxi nahi ditu: bere memoriak amaitu; oroitzapenak besterik ez dakarzkion liburuak begi bistatik kendu; emazte ohiarekin dituen lotura eskasak eten behin betiko. Nellyrentzat, ordea, dena berria da, eta aukera oro baliatu nahi ditu: ez du argitaratzailearekin hasi duen harremana hautsi nahi; ez du bikote ohiaren arazoen aurrean ez-ikusiarena egin baina, era berean, epaile jaunarengan antzematen duen pasio ia sekretuak erakarri egiten du. Harekin duen harreman fisiko bakarra, baina, ohe ertz baten inguruan gertatzen da: “Nahi duzu alde egin dezadan?” galdetzen dio gizonak, jakinik adinak pareta bat altxatzen duela bien artean. “Ez, emadazu eskua” esaten dio gazteak, eder eta lirain, lokartzen den bitartean.

Behin baino gehiagotan aipatu da Nelly et Mr. Arnaud filmaren bi protagonisten arteko agurra dela zinemaren historian kontatu den despedidarik ederrenetako bat. Ia hitzik gabe, ezinezko maitasunaren erretratu oso benetakoa lortzen du zuzendariak, eta ikusleak irribarre gozo eta, era berean, triste batekin uzten ditu.


ALBERTO BARANDIARAN

 
DAVID KOSKAS
DAVID KOSKAS

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones