"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
TikTok Donostia Zinemaldiko bazkide garrantzitsua izango da aurten ere, zinemarekiko pasioa ospatzen jarraitzeko eta kultura eta entretenimendua sustatzeko, nola plataformaren barruan hala plataformatik kanpo.
Donostia Zinemaldia zinemagileentzako, ekoizleentzako eta zazpigarren artearen zaleentzako topagune gisa aitortuta dago mundu osoan. TikTok hunkituta dago kultura zinematografikoaren aldeko konpromisoa zabaldu duelako eta, horrenbestez, sormena eta artea sustatzen jarraitzen duelako, ekitaldi kultural handi hori mundu osoko mila milioi erabiltzaileri baino gehiagori hurbiltzeaz gain.
Lankidetza horri esker, TikTokeko komunitatea are gehiago konektatuko da zinemaren munduarekin, eta Zinemaldiaren ikuspegi berri bat eskainiko du TikTokek jaialdiaren inguruan duen kontu ofizialean, @sansebastianfes helbidean. Horrela, datorren irailean zinemaren mundua Donostian lurreratzen denean, Zinemaldiaren esentzia munduarekin partekatuko duen leiho interaktibo bihurtuko da TikTok.
Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek nabarmendu duenez, “Donostia Zinemaldirako oso garrantzitsua da TikTokekin finkatuta dugun aliantza, ikus-entzule berriekin konektatzeko eta horiekin konektatzeko modu berriak aztertzeko aukera ematen digulako”.
Bizi Donostia Zinemaldia TikToken bidez
Zinema maite duten TikToken erabiltzaileek Espainiako zinema-jaialdi handienaren gune esklusiboenetara bidaiatu ahalko dute etxetik atera gabe. @telocuentosinspoilers, @yunimatstudios, @arianehoyos, @lizziemcwhore eta @sensafilm sortzaileek euren POVtik (Point Of View, ingelesezko siglengatik) partekatuko dute euren egunerokotasuna Zinemaldian, baita jaialdiaren funtsezko uneak ere. Alfonbra gorria, estreinaldiak eta atzealdean gertatutakoa izango dira zinemazaleek galdu nahiko ez duten edukia.
Eta Zinemalditik TikTok bizitzera gerturatu nahi dutenek, TikTok Gunean izango dute horretarako aukera, Okendo Plazan. Zinemaldiaren inpresio onenak partekatzeko sortutako gunea izango da TikTok Gunea, eta handik igaroko dira edizio honetako protagonistetako asko.
Parte-hartzaileen profilen bidez eta @TikTok_ES kontuan, aktoreak eta zuzendariak TikTokeko mila milioi erabiltzailez baino gehiagoz osatutako komunitatera joan eta harekin partekatuko dituzte, zuzenean, zinemaren hitzordu handi honen esperientziak, anekdotak eta are sekretuetako zenbaitzuk.
Bizi zinemaren mundua TikToken bidez
TikTok sormen-adierazpena loratzeko gune bihurtu da, eta erabiltzaileek istorioak partekatu eta deskubritu ditzakete bideoaren bidez. Horrela, plataformak agerian utzi du agertoki ezin hobea dela sortzaileei aukera emateko euren sormena eta munduaren ikuspegi paregabea erakusteko, baita bitarteko narratibo berriekin esperimentatzeko ere.
TikTok kultura zabaltzeko tresna boteretsu ere bihurtu da. Plataformari esker, erabiltzaileek hainbat arte-modu ezagutu eta esplora ditzakete, zinema barne, mundu osoko antzeko pertsonekin konektatzeaz gainera.
#FilmTok komunitateak 69 mila milioi bistaratze baino gehiago ditu jada, eta agerian uzten du TikTok plataformak zinemarekiko interesa bultzatu eta filmen, zuzendarien, aktoreen eta industriaren inguruko guztiari buruzko elkarrizketa sortu duela. Ikuspegi lokalago batean, #CineEnTikTok komunitateak 1.9 mila milioi bistaratze baino gehiago ditu. Komunitate horretan, erabiltzaileek zinemarekin lotutako edukia partekatzen dute, filmak gomendatzeaz, erreseinak partekatzeaz edo eszena ikonikoak birsortzeaz gain eta, halaber, lagungarria da kulturak bidaiatu eta geografia- eta hizkuntza-mugak eraits dezan lortzeko; izan ere, plataformaren joerak kultura-jarraibide bihurtzen dira.