Cesc Gay zuzendariaren film berriak Ricardo Darín eta Javier Cámara ditu protagonista, eta gai nagusia bi lagunen arteko harremana izango da: Juliánek Kanadan bizi den lagun Tomásen ustekabeko bisita jasoko du. Bi lagunek, Juliánen txakur leial Trumanekin batera, une hunkigarriak eta harrigarriak biziko dituzte elkarrekin, Juliánek bizi duen egoera zaila dela-eta.
Cesc Gay (Bartzelona, 1967) zuzendari eta gidoigilea da. Bere pertsonaien gaineko begirada sakonak nabarmentzen du. Giza-ahuleziak ironiaz eta umorez jasotzen dituen begirada bat: hori du ezaugarri nagusia. Bartzelonan eta New Yorken ikasi zuen zinemagintza eta New Yorken zuzendu zuen bere lehen film luzea, Hotel Room (1998). Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean aurkeztu zen. Ordutik, film hauek zuzendu ditu: Krámpack (2000), En la ciudad (2003) –Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatutako filma–, Ficció (2006) eta Una pistola en cada mano (2012).