Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztua, Ciro Guerraren film berria xaman amazoniar baten eta bi esploratzaile mendebaldarren arteko istorio epikoa da: lehen harremana, elkartzea, hurbiltzea, traizioa eta, azkenik, bizitzaz haragoko laguntasuna.
Ciro Guerra (Río de Oro, Kolonbia, 1981) La sombra del caminante (2004) filmarekin estreinatu zen film luzeen zuzendaritzan, eta hainbat sari lortu zituen lehen filmari esker. Haren bigarren film luzea, Los viajes del viento (2009), Canneseko zinema-jaialdian proiektatu zen, Un Certain Regard sailean. Biak hautatuak izan ziren Oscar sarietan Kolonbia ordezkatzeko. El abrazo de la serpiente haren hirugarren filma da.